BILATU

Europa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Europa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 31, 2025

ITXAROPENEKO KITA


Koadratuezina nola koadratuko den argitu gabe, orain Bruselatik beste tinglado batean sartzen gaituzte, nire harritzeko gaitasuna gehiago iluntzen duena. Galdetzen diot irakurleari: diru-sarrera berdinekin, armen gastua handitzeko eta gastu sozialeko aurrekontua ez murrizteko formula zein den azalduko didan inor ba al dago? Magoak behar dira truku horretarako. Pentsatuko al dute, agian, ministerioetako aholkularien kopurua murriztea? Asko diren arren, ez dut uste nahikoa izango denik “defentsa”ko hobekuntzak adieraziko duena orekatzeko - hori eufemismo hori: defentsa! Zorpetze handiagoa – nork utziko du dirua?- liteke formula magikorako bidea. Ai ene,  gure bilobei geratu behar zaien panorama! Bizi guztirako zorrarekin… eta gainera derrigorrezko soldadutzara, baita neskak ere, noski, genero berdintasuna dela eta.

Eta aldi berean Eropako Ursula dator eta kit-a prestatzen joateko abisatzen digu. Esaten dut nik, bada: sustoetarako ere ez dugu irabazten! Eraso armatuaren balizko aukerari aurre egin behar diogu, eta badirudi azken hirurogeita hamar urteotan –Spaak eta besteek Europa politikoa erditzea erabaki zutenetik–  sortu dena munstro aseezina eta alferrikakoa baino ez denez, “kitetu” egin behar gara, beste erremediorik gabe.

Dagoeneko pentsatzen ari naiz zer prestatuko dudan, itxaroten gaituen behartutako konfinamenduan orduak luzeak egin ez dakizkidan. Ez dut xehetasunik emango, irakurleek niri kopiatu eta superrak kolapsatu ez ditzaten. Barregarria izango litzateke etsaien erasoak nire kiterako gaiak erosteko ilaran  txanda itxoiten harrapatzea!

Argazkia: SER

abendua 23, 2024

EUROPA LIGARIK GABE

 


Eta zer gertatzen ari da Europan turroiak probatzera dedikatuko garen sasoi honetan? Egoera aski larria da pozez jauzi egiteko, errealitatea baita abenduaren 23ra iritsita eta pixka bat atzera eta asko aurrera begiratuta, gauzak ez direla pozgarriak.

Gerra batean murgilduta jarraitu dugu, eta nahiz eta balak oraindik iritsi ez zaizkigun, horiek finantzatzen ari gara, oso ondo jakin gabe zein estrategia jarraitu behar dugun gatazkan, tokian guda-jaunak jarri dituzten arma fabrikatzaileak elikatu eta gizentzeaz gain. Azkenaldian beste fronte bat ireki digute Sirian, eta zorte apur batekin lurralde horri ere ahalegin bat eskainiko diogu, baldin eta behintzat, gure Europara iritsi nahian desplazatutako giza masen mugimenduak geldiarazten saiatzeko. Hain zuzen, zertarako balio duen oraindik inork esplikatu ez didan Europa sakrosanta.

Bitartean, pena da futbol ligako etenaldia egotea, eta hurrengo hamabost bat egunetan ez dugula jakingo gure kezkak nora bideratu. Agian hurrengo Aste Santuko oporrak antolatzeko aprobetxatuko dugu.

uztaila 01, 2024

EUROPA, ARAZO BAT DUGU

 


Ez dago oso argi Jack Swigert astronautak "Houston, arazo bat dugu" esan zuen edo iragan hurbilaz ari eta estualdiaren berri ematean, "Houston, arazo bat izan dugu" erabili zuen. Teoria guztiek apuntatzen dute pentsatzera azkena izan zela Swigerten esaldia, baina historiarako jaso denak tentsio handiagoa ematen zion gaiari eta hura egonkortu da.

Gauza da, gaur egun, okertzeko egiteko beldurrik gabe, orainaldi trinkoa erabil dezakegula gure kontinentean gertatzen ari dena azaltzeko: “Europa, arazo bat dugu” Mundu mailan gaizkiaren benetako islapena da Europan barreiatzen ari dena. Frantzian gertatutakoari erreparatuz, soilik, sistema demokratikoa bera zalantzan jartzeko gai den eskuin faxistoidea nagusi dela, dardara sorrarazten da. Nora joan dira iraultzaren balioak? Zer demontre bihurtu da Europa progresista eta sozialki konprometitua? Ez naiz inozoa, baina zer esango lukete Monnet, Spaak, Schumann eta abarrek burua altxatuko balute? Nora goaz?

Europa, arazo (handi) bat dugu”. Jack Swigertek konpondu ahal izan zuen. Gureak ba al du irteerarik?

Argazkia: espacioconvexo

ekaina 10, 2024

EUROPAN GALDUTA


Denboran ez hain urruti, Europa Hendaian hasten zen. Eta orduko testuinguruan Europako buruzagien izen-abizenak, nongoak ziren berdin zelarik, ezagutzen genituen – nik, behintzat, bai. Zuri-beltzeko TV hari begiratu edota Mugimenduko egunkarien nazioarteko orrialdeak irakurri eta - benetako informazioa ezkutatuta zegoen arren- han aurkeztu zitzaizkigun herrialde ezberdinetako buruzagiak, komunistak, demokratak edo, besterik gabe, eskuinekoak. Ia-ia etxekoak zirela esango nuke.

Gaur egun badirudi gu ere Europa garela. Are gehiago, gainontzeko europarrek bezala bozkatu ere egiten dugu europar parlamentua hautatzeko, denon interesak zaintzen dituen Legebiltzarra, hain zuzen. Urrunago joan gabe, atzo Brusela eta Estrasburgora begira zeuden hautestontzietan eman genuen botoa - egin genuenok, noski. Badirudi Europako Parlamentua, bere ordezkaritzari dagokionez, Indiaren atzetik munduko bigarren parlamentu demokratikoa dela. Eta nik, europar on gisa, sinetsi egiten dut.

Ziurta dezakedana da, kolore guztietako TVrekin, ideologia oso zabala duten egunkari eta aldizkariekin, ohean ere sartzen zaizkigun sare sozialekin..., horrekin guztiarekin, oraindik ez dakit nortzuk diren  Europako Gobernuaren batzordekideak. Dagoeneko ez dut galdetzen, gobernu horrek milaka pertsonaia zalantzagarriren bizimodu ekonomikoa ziurtatzeaz gain beste ezertarako balio duen. 

Bitxia da: lehen Europatik kanpo geundela hobeto ezagutzen nuen Europa. Orain Europan galdu egiten naiz. Eta atzoko emaitzekin, are gehiago.

Argazkia: www.deutschland.de/

maiatza 27, 2019

IRABAZLE ETA GALTZAILEA



Eta zein da, irakurle preziatua, gaur goizeko zure sentsazioa atzoko emaitza desberdinen irakurketa lasaia egin ondoren? Izan ere, hautaketa diferenteen arteko korrelazioak indar intentsitateen espektroa irekitzen du erabat, ez baita gauza bera nire auzoan bizi daitekeen tokiko hautagaiari botoa ematea edo berataz inoiz lehenago aditu ez duzun zerrendaburuarentzat Bruselarako txartela erosi behar izatea.

Brusela urrun dago eta udaletxea, askotan, hurbilegi. Europako diputatuari soldata ordaintzen diozu, kontraprestazioan ezer exijitu gabe, eta beharbada sosik poltsikoratzen ez duen alkateari bertatik bertara eska diezaiokezu zure etxe ondoko espaloiko zuloa lehen bait lehen konpontzea, gauean argitu ez duen kaleko farolaren bonbilla aldatzea edota zure ezagunen baten osasun egoera kritikoa dela-eta erresidentziara eramatea...

Atzokoaren ostean nik daukadan sentsazioa irabazle eta galtzailearena da, nahiz eta nire botoek zerikusirik ez duten pertzepzio horretan. Irabazi egin dut zuzeneko demokrazian sinesten dudalako. Eta galtzailea naiz, Europako itzulkin politikoa zein daitekeen ikusi gabe segitzen dudalako.
Argazkia: Ekain

ekaina 13, 2016

BOKAZIO EZKUTUAK. BIZENTE GOIKOETXEA



Nork burutzen dituen formakuntza-ikasketek ez dute bermatzen, inondik ere, bizitza profesionala haiek markatutako bidetik joango denik. Alde batetik, ikasketekin asmatzea loteriaren antzerako froga baita. Bokazioa - berez- oso gizabanako gutxirengan finkatu zuen naturak eta gainerakoengan zintzilik geratu zen, hautaketan zalantzazko karga handia utziz. Bestetik, ikasketetan asmatu arren horien aplikazio profesionala ezinaren hurrena gerta daiteke, lan merkatuak edota beste zirkunstantziaren batek eraginda.

Aurrekoa etorri zait burura, aurten bere heriotzaren
Bizente Goikoetxea
mendeurrena ospatzen ari garen Bizente Goikoetxea euskal musikari handiaren formazio eta lan ibilbideari erreparatu ondoren. Aramaioko bere  etxean ostalaritzan aritu ondoren, lege ikasketak egin zituen eta bulego batean lan egiten zuen bitartean notariatzarako prestatu zuen bere burua. Hala ere, dena abandonatu zuen abade izateko. Apaiztu ondoren musikari heldu zion gorputz eta gogoz.
 

Goikoetxea historiara pasatu da XIX-XX.eko Europako musikari entzutetsu bezala. Seguru asko notario ona izango zen baina musikak altxatu zuen aukeratuen olinpora.

Argazkiak: JMVM 

martxoa 07, 2016

DEMOKRAZIAREN BILA



Europa demokratizatu behar dela entzuten ari gara    hedabide batzuetan, ez guztietan. Badirudi hiritar askok - gehienok garela esatera ausartuko nintzateke- Europari buruz dugun kontzeptua oso urruti dagoela Bruseleko politika-lapikoan mamitzen ari denetik.  Eta bata bestearen arteko desberdintasuna - gap deituko liokete europar funtzionario burutsuek- handitzen ari da egunez egun. Une hauetan Espainako alderdi politikoen arteko desenkontrua eskuetatik ihes egiten ari zaigun Europa politiko presoaren islapena hutsa da.

"Le Monde Diplomatique"ko Ignazio Ramonetek zioen elkarrizketa batean,  enpresa eta finantza botereek euren nagusitasunari euts diezaioten dagoela diseinatua Europar Batasuna. Eta politikarako balizko margena zeroren hurrena dela azpimarratzen zuen. Ramonetekin bat nator adieraztean Europako hiritarrek bizkarra eman diogula europar proiektuari. Erresuma Batuaren kapitulu lotsagarri berriaren ikusle pasiboak izan gara eta tabernako negoziaketa horretaz hiritar arruntetako inork ez duela ezertxo ere ulertu esango nuke. Eta, zer esanik ez, pasibotasun ikaragarriarekin ere segitzen ari gara Madrileko parlamentuko espektakulu lotsagarria.

Baina ezin gaitezke desenkantu eta hitz antzuetan gera. Hori nahi lukete botere guztiz ahaltsuek. Bidean ez etsitzea dagokigu, lantegi zaila dela dakigun arren. Hiritar arrunt xumeak zoritxarreko patu horri egin behar izan dio aurre, demokrazia inbentatu zenetik. Eta bidean segitzen dugu, egiazko demokraziaren bila.

otsaila 01, 2016

AGUR ALTZAIRU, AGUR



Urkullu lehendakaria Bruseletik ibili da, altzairuko sektorea Euskadin jasaten ari den egoera latzak eroanda. Gurean oinarrizko industria-adar indartsu  izandakoa azkenekoetan dago eta  hiltzeko zoriango tratamendua behar du.  Bruselan aringarriren bat eskain diezaiokete, azken hatsa oinazetan eman ez dezan. Heriotzaren ateraino eroan zuten berdintsuek seda lezakete orain gaixo terminala.

Altzairuko euskal sektorea suntsitu egin da azken hogeita bost urteotan. Altzairu arruntaren 1975eko lehen errekonbertsioaren eta altzairu integralaren 1990ekoaren bitartez euskal siderurgia lehiakorraren eraikina birmoldatu zen, eta inork gutxik pentsatzen zuen orduan praktika liberalek zeharo jota utziko zutenik euskal ekonomiaren mendetako zutaberik garrantzitsuenetakoa.  Baina hala jazo da, Europatik zuzendutako politika guztiz irrazionalen bidez,  Europa Batua eta estatuen Europa proiektu
kontrajarriak direla birfrogatuz. 

Noski, enpresarioek eurek ere zerikusirik izan dute galera berreskuraezinean, nahiz eta  argudia lezaketen beraien diruarekin nahi dutena egiten dutela. Ni ez nago argudio horrekin ados, gizarte-erantzukizuna ere tartean baitago eta gobernu ez hain amore-emailerekin beste kuku batek kantatuko zuen orain. Ziurrenik, hil ezkiletako doinu ilunaren oihartzunik gabe.

Argazkiak: steelworld.com eta JMVM