Europa
demokratizatu behar dela entzuten ari gara hedabide batzuetan, ez guztietan.
Badirudi hiritar askok - gehienok garela esatera ausartuko nintzateke- Europari
buruz dugun kontzeptua oso urruti dagoela Bruseleko politika-lapikoan mamitzen ari denetik. Eta bata bestearen arteko desberdintasuna -
gap deituko liokete europar funtzionario burutsuek- handitzen ari da egunez
egun. Une hauetan Espainako alderdi politikoen arteko desenkontrua eskuetatik
ihes egiten ari zaigun Europa politiko presoaren islapena hutsa da.
"Le
Monde Diplomatique"ko Ignazio Ramonetek zioen elkarrizketa batean, enpresa eta
finantza botereek euren nagusitasunari euts diezaioten dagoela diseinatua
Europar Batasuna. Eta politikarako balizko margena zeroren hurrena dela
azpimarratzen zuen. Ramonetekin bat nator adieraztean Europako hiritarrek
bizkarra eman diogula europar proiektuari. Erresuma Batuaren kapitulu
lotsagarri berriaren ikusle pasiboak izan gara eta tabernako negoziaketa horretaz hiritar arruntetako inork ez duela ezertxo ere ulertu esango nuke. Eta, zer esanik ez,
pasibotasun ikaragarriarekin ere segitzen ari gara Madrileko parlamentuko
espektakulu lotsagarria.
Baina ezin
gaitezke desenkantu eta hitz antzuetan gera. Hori nahi lukete botere
guztiz ahaltsuek. Bidean ez etsitzea dagokigu, lantegi zaila dela dakigun
arren. Hiritar arrunt xumeak zoritxarreko patu horri egin behar izan dio aurre,
demokrazia inbentatu zenetik. Eta bidean segitzen dugu, egiazko demokraziaren bila.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina