BILATU

urtarrila 27, 2020

SISTEMA POLITIKOEN GAIN


Erregeek ez dute ezer ekarri ohi, ustelkeria ezik. Bestela, errepasa ezazu, irakurle estimatua, borboien zerrenda eta ikusiko duzu zein nolako ebazleak izan diren historikoki. Erregeek, berez, ez dute ezertarako balio. Jakina hezur haragizkoei nagokie, nahiz eta aspaldi galdu nuen magoekiko lilura, baina aitortu behar dut ekialdekoak izan direla interesatu zaizkidan bakarrak, behintzat zerbaiten esperoan jartzen baininduten. Baina behin ume inozotasuna galduta, ezta horiek ere ez.

Monarkak behaztopa bat dira, gizarte engranajerako eragozpena, eta historiako arasak bete-beteta daude baieztapen horren adibideekin; munduan izan diren errege-erreginak bezainbeste adibide, hain zuzen. Horrek ez du esan nahi beste sistema politikoek diferentzia handirik markatzen dutenik, behintzat hiritarraren garapen askeari dagokionez.

Nik uste dut, oro har, historian zeharreko uneko gobernu erregimenei begirada kritikoa botako bagenie menpekoen etsipen politikoa antzemango genukeela azalean, izan ere demokrazia baldin bada herria bere ibilbidearen jabe izatea... inoiz ez da horrela gertatu, sekula ez baita gizakia -gutxiago herria- bere lemaren erabile askea izan.

Aurreko lerroak gau txar baten ondorioak direla? Baliteke, baina begira ezazu, irakurle estimatua, zure ingurura eta esango didazu zer ikusten duzun!

Argazkia: Ekain

urtarrila 20, 2020

ZAHARRA BERRI


Historia atsegin dudala baieztatu dut maiz, baita frogatu ere, nire idazkietako askok iraganeko testuetan baitituzte erroak. Egia esateko, eskarmentuaren gainean idazten da,
erreferentziarik gabe ezingo bailitzateke ezer sortu. Baina iragana esplizituki aipatzen ari garenean arrazoiren batek hara garamatza, eta nire gaurko ekarpentxo honek horixe erakusten du. Historia alderatuaren eremu mugatuan kokatzen dut gaurko istorioa. 

“Todo el mundo sabe que el Tribunal de Garantías Constitucionales no está formado por gentes levantiscas, rebeldes ni acaloradas. Si se exceptúa a cuatro vocales de significación izquierdista, casi todos los demás son militantes en los partidos políticos que ocupan el Poder; y los pocos que no lo son se encuentran situados mucho más a la derecha. 

Es igualmente sabido que uno de los principales cometidos del nuevo organismo es el recurso de amparo, mediante el cual los ciudadanos buscan protección frente a los desafueros de las autoridades si se vulneran los derechos constitucionales. Siempre que se habla de estas cosas, los que viven a gusto niegan, airados, la legitimidad de la protesta.

¡No es verdad que haya presos gubernativos! – Y todos sabemos que en España los presos gubernativos, desde hace muchos años, se cuentan por millares.

- ¡Nadie niega la libertad de propaganda! – Y todos sabemos que en España no habla nadie más sino el que los Gobiernos quieren que hable.

- ¡El periódico suspendido reaparecerá en breve! –Y todos sabemos que no reaparecerá.
 
-   -  ¡Nadie niega el derecho de asociación! - Y hay centenares de asociaciones cerradas contra ley.

    Todo ello sucede con relieve dramático, en casos de significación política que no han perdido actualidad y cuyo sentido influirá por mucho tiempo en la vida española (inmunidad de los diputados del Parlamento catalan, proceso de la Generalidad etc)…”

Honaino helduta, idazten jarri naizeneko xedea zein nuen irakurleari garbi geratuko zitzaiolakoan nago. Argi dezadan, amaitu aurretik, aurreko testua 1935eko irailean publikatu zuela Angel Ossorio politiko heterodoxoak Espainiako zenbait egunkaritan. 

  
  Argazkia: JMVM

urtarrila 13, 2020

ARANTXA GONZALEZ LAIA MINISTRO ANDREARI, BEGIRUNEZ


Kanpo Arazoetarako estatuko ministro berria zaitugu eta gipuzkoarra zarenez gero interesarekin irakurri  dut zure ibilbide profesionalaz; eta benetan kurrikulo zabal eta joria duzula aitortu behar dut. Aitorpenekin jarraituz, esan behar dizut ez zintudala ezagutzen, ezta erreferentziaz ere... baina lerro hauek idazten ari naizenerako datu batzuk lortu ditut, nondik eta Beizamatik, hau da zure haurtzaroaren zatitxo bat eman zenuen herrixkatik.

Gauzatxo bat esango dizut: zuk hiru urte zenituela heldu nintzen ni lehen aldiz Beizama Unibertsitatera, hilabete batzuk emateko asmoarekin. Beraz, baliteke inoiz kalean zu zure gurasoekin - aita bertako maisua- eta ni Urki baserriko irakasle lagunekin elkar topatzea. Eta zuk zer egiten zenuen Beizaman? edota Noiztik arruti-olazabaldarrak irakasle? galdetuko didazu, jakin baitakit lagun dituzula.

Begira, zuk garai hartan modu naturalean erabiltzen zenuen hizkuntzaz jabetzera ailegatu nintzen ni Urkira. Eta bertako maisu-maistrak euskararen bidean ipini ninduten. Eta ministerioko maizter berria euskaraz aritzeko gai dela gaur goizean jakin dudanean, gure hizkuntza pixka bat goratzeko aukera beizamatar batek eduki dezakeela pentsatu dut. Euskara apur bat herdoilduta eduki arren -horixe adierazi duzu, behintzat- lasai ibili, ez dizut eskatzen Trumpekin edo Brexiteko Johnsonekin gurean mintzatzea. Ez, hainbesterako ez da. Begira, badira
herdoilaren kontrako dekapanteak eta horietako onena hizkuntzaren erabilpena da. Horregatik, saia zaitez apurtxo bat euskaldunona goian uzten, bere osasun makalerako aplika dezakegun tratamendurik hoberena baita.

Beizamatik mundura!

urtarrila 06, 2020

AKORDIO POLITIKOAREKIN BUELTAKA


Zerbait egin du ondo EAJk kanalleskatik hainbeste gezi pozoitsu jasotzeko eta zezen narruko prentsa monokolore higuingarrian horrenbeste jantzi urradura hipokrita eragiteko.
 Jainkoak -edo deabruak (eta biek?) - babes dezala Sanchez aurrera ateratzen badu bere egitasmoa. 

Ezta Bigarren Errepublikako gobernuetan ere ailegatu zen hain urruti estatuko politikan. Jakina, ez dira psozialisten aurreneko asmoak oraingo dokumentuetan islatzen direnak. Ezagutzen ditudan psoeko militante guztiek oraingo “joko arauak” errotik deitoratzen zituzten duela hiru hilabete, eta ERC, EAJ eta Ahal Dugunekoak areriotzat hartzen zituzten, estatuaren batasun sakrosantua arriskutan jartzen zutenak zirelakoan.

Eta orain? Sanchezek aitortu al du, akaso, oker zegoela? Damutu al dira psozialistak euren lehengo itsukeria politikoarengatik? Ez! Ez da hori... Orduan? Zer dela eta Gonzalez-Guerra-Bono eta enparau mefistofeliko eskuinzaleen alderdiko militantzia ustez independentziaren alde daudenekin ukondoz-ukondo paseatzea? Inork uste al du ideien mundua eta praktika politikoarena bakoitza bere aldetik ibil daitezkeela? Sanchezek belarriak ikusi bide dizkio... ez otsoari (agian baita ere) baizik eta politikaren bide aldrebestuan bakarrik geratzeari. Eta politikan bakardadeak ezereza dakar berarekin epe laburrera. Sanchezek praktika politikoa du atsegin. Bidea egin ahal izango duen beste lelo bat da. Nik behintzat -duela 87 urte euskaldunek Alcala Zamora,Largo Caballero, Azaña, Negrin eta gainerako politiko subersiboekiko atxikimendua luzatu zuten lez, Sanchez-Iglesias/ERC/EAJ akordio interesatuan jarri dut konfiantza. Portzierto, estatuko espektro politikoan psozialista, jeltzale eta esquerrakoak ditugu beteranoak. Zergatik ote?

Argazkia: JMVM