BILATU

abendua 26, 2011

BORBONEN ZIRKOA ETA L´ESTACA

Franco hil berri da. Tristezia.
 Lagun batek idatzi dit, adieraziz Juan Carlos Borboni nanoak erraldoitu egingo litzaizkiokeela zirkoa ipiniko balu. Ari zen, jakina, Urdangarinek  “pilota-jaurti”rako (1) erakutsitako  trebetasun olinpikoaz.  Baina baita Maritxelarren espektakulu sinkroniko gogaikarriaz,  infanten eta Felipe-Letizia bikotearen ibilbide anakronikoaz eta abar. Ez diot nire adiskideari arrazoirik kenduko, bera -izatez- oso zentzuzkoa baita. Baina...


Lluis Llach
Borbonek zirkoa ipinita dauka hildako diktadorearen eskutik espainiar lur-sailaren gobernua eskaini zitzaionetik. Eta zirkoak espektakulu jarraikia borobiltzen du etengabe. Badirudi espainiar hiritargoak parte hartzen duela gogotsu ekitaldietako ikusle moduan eta neurri handi batean panderetako kastakoak direnez gero txalo ugari zuzentzen dizkiote borbon klanari, edozein “eskaintza artistiko” dela-eta. Zirkoak, gainera ez du, espektakuluak sorturiko irabaziei buruzko zergarik ordaintzen, eta edozein lur sailetan eraikitzen du karpa... Eta hemen bake eta gero aintza!  Nork jartzen dio isuna zirkoko ugazabari?

Aurtengo errege magoei kartan eskatu nien III Errepublikarako bidea errazten hastea. Eta entzun zidatelakoan nago, urtean zeharreko gertaerei erreparatuz ez nautela hain ahaztua eduki iruditzen baitzait. Magoek monarkiaren zutabeak dardaran jartzen lagundu dutela uste dut, behintzat aurten inoiz baino gehiago hitz egin baita logikarik ez duen erakundeaz. Magoei bihotzez eskatuz gero eurek ez dutela hutsik egiten erakutsi zitzaidan ume nintzela, eta pasa den urtarrilaren 5eko nire karta ilusioz eta fedez beterik sinatu nuen. Beraz, erregeek ezin zuten nire eskabidearen aurrean entzungorrarena egin.

Borbonen inguruko aurtengo mugimendu horrek Lluis Llachen “L´estaca” kanta ekarri dit gogora, Gorka Knörri esker euskaraz abesten genuena, frankismoa artean pil-pilean zenean:

Baina guztiok batera
saiatu hura botatzera,
usteltzen hasita dago-ta,
laister eroriko da.
Hik bultza gogor hortikan,
ta bultza nik hemendikan,
ikusiko dek nola-nola
laister eroriko dan.


 


Esango nuke magoek esperantzari leiho bat ireki omen diotela (hara non, beste kanta baten titulua, Oskarbiri zor) Behintzat nik itxaropentsu begiratu nahi diot datorrenari, eta prest nago bultzadatxoa ematen jarraitzeko. Ia, beraz, laster den erorketa!











Argazkiak: rtve.es; www.lluisllach.cat



 (1) Arrasaten umetan egiten genuen jokoa: "¿Jugamos a pelotajaurtis?"  Batak besteari pilota indarrez botatzea, gorputzean ematera. Pelotazo.

abendua 19, 2011

OUT OF ORDER


Horrela nago, normaltasunean ibiltzeko ezgaitua, peronea hautsita. Lehengo ostiraleko egunsentian gertatu zen: etxe-itsripu batek erabat jokoz kanpo utzi ninduen hurrengo sei astetarako. Amorruzkoa izan zen aurreneko erreakzioa baina haserreak inora ez ninduela eramaten ikusita, pazientziari heldu nion. Eta ohea bilakatu dut joko eremua.

Orduak aurrera doazen neurrian Interneti esker peroneari buruzko nire ezagutza biderkatu egin da eta hezur horren gaineko espezialista bihur nintekeela pentsatzera iritsi naiz. Hori bai, titulurik gabeko ezagutza, doktore izan barik. Ez naiz inoiz praktikara igaroko, lasai. Jasan nuen erorketaren balizko arrazoiekin ari naiz orain, jaustea baino segundo bat lehenago sentitu nituen goraleek zer ikusirik izan ote dezaketen jakin minik. Jarraituko dut kontsultatzen eta informazioa arakatzen.

Eguneko hainbat ordutan oinak aurrez aurre edukitzeak, bestalde, normalean burura ez datozen pentsamenduak sortzen dizkit. Eta, besteak beste, gaur goizean berpiztu ditut ahaztua nuen pelikula bateko sekuentziak. Ez dut titulua oroitzen baina berdin dio, ez baita inportanteena. Protagonista mendian gora zihoan atsedenik gabe, nondik ari zen ez zekielarik, baina bazterrak familiarrak egiten zitzaizkion. Hau da, ezaguna eta ez ezaguna elkarren ondoan bizi ziren gizaki haren baitan.  Bazekien ez zekiela, jakin behar zuenik ez zekien arren. Eta horretan murgildu naiz, Lucio Senecaren esaera presente egin arte: gizakia beti txikia da, oinarritzat mendi altua hartzen badu ere.

Horretan utzi dut hausnarketatxoa, bada ezpada ere. Perone hautsiak eman diezadakeen aukera aprobetxatu behar dut, baina gehiegi arriskatu gabe. Gauza bat da hezurra apurtzea eta beste bat, larriagoa, burua galtzea.


 Argazkia:: http://www.fisaude.com

abendua 12, 2011

MODAREN AGINDUAK


Iritsi da nire eskuetara asteburu honetan eta bere tituluak erakarrita, plis-plas batean irentsi dut. “Concepto psicobiológico del traje, del adorno y de la moda” du titulua, Arabako hiriburuan 1941ean Aurelio Vallejo abade eta Gasteizko Apaizgaitegiko irakasleak argitaratutakoak.

Modaren subjektibotasuna, ohitura induzituek gizabanakoengan eragin ditzaketen gora beherekin nahastuz koktel ulergaitza gertatzen da, bederen emaitza modu patxadatsuan aztertu nahi badugu. Horregatik, gizakia gizaki den unetxotik gizadiak bizi izan dituen janzkera, zintzilikario eta apaingailuei buruzko tratatuak ez luke amaierarik izango, inbentario edo katalogo ez ezik, norbaitek haien arrazoi eta nondik norakoak interpretatu nahi balitu.

Biluzik jaiotzen den bizidun bakarra gizon emakumeak gara. Ez dakit Paradisuko bekatuak zer ikusirik ote duen honetan baina, zalantzarik gabe, espeziaren eboluzioak animali ezgaiak bihurtu gaitu, eta daramagun joera honek noraino eramango gaituen asmatzerik ez dugun arren, gauzak gero eta konplikatuagoak jarriko zaizkigulakoan nago. Seguru nago ere, historiaren gaueko aurreneko pertsonaia haiengan burmuinaren bilakaera gero eta sofistikatuagoa egiten ari zen heinean euren soinetarako osagarrien premia nabarmenagoa zela, gorriagoa. Lehenik hotzaren eraginez, eta aurrerago –gizakiak gizakia otso, aspaldikoa dela kontuan izanda- auzoko kideengandik zetorkiekeen arriskua magiaz saihesteko behartuta, narruak, landare-janzkiak, margoak, ukenduak eta gainerako bitxikeriak presente egin ziren gure bizitzetan.

Aipatu dut magia –erabat ezinbestekoa gizaki batzuen besteenganako nagusikeria zuritzeko-  eta hortik ondorioztatu zen modaren morala, erlijio-magoek hain trebetasun handiz erabili ohi dutena, alegia. Antzinatean zein gaur egun ere modaren aginduak giza-burmuinaren zirkuitu berdintsuetatik igarotzen dira, eta uneko zirkunstantziak dira moda-transmitzaileari produktu itxura ematen diotenak. Hala gertatu da beti eta horregatik modako denbora-mugak mezu-hartzailearen produktuarekiko arretaren araberakoak izan ohi dira. Modak ez baitatoz zerutik, ongi orkestraturiko (merkatal) politikaren eskutik baizik.

Bestela ezin zitekeen moduan, moda eta bekatuaren arteko loturari buruz garatzen ditu Aurelio Vallejok bere teoriak, eta uler daitekeen legez garaiko moral hertsiaren oinarrian sostengatzen du bere eraikina. Subjektiboa, beraz. Hala ere, badira apunte batzuk gaurkotasun aparta gordetzen dutenak eta horiengatik bestela ez bada ere liburuxkatxoa irakurtzea ez da alperreko ariketa. “Modaren esklabuak bihur gaitezke –dio egileak- eta baloreen ordena atzekoz aurrera jar dezakegu anekdota besterik izan behar ez zuena gizakiaren ideala bihurtzen denean” Begira diezaiogun inguruari.








abendua 05, 2011

IÑAKI PERURENA



Peru-Harriko baserrian

Aitortu behar dut ez naizela herri kirol zale handia. Eta inoiz idatzi dudan bezala, euskaldun atipikotzat daukat nire burua, ez bainaiz ohiko tipologiaren mugetara egokitzen. Begira: elkarte gastronomikoek ez naute betetzen, arraun estropadek jai daukate nirekin eta pilota partidu baten eta arratsalde eguzkitsuko ibilaldiaren artean bigarrenaren alde egiten dut beti. Bertsolaritzari dagokionez, nahiago dut bertsoak etxean lasai irakurtzea plazan bertatik bertara entzutea baino. Harri-jasotzaileak, aizkolariak eta abar estetikoki baloratzen ditut gehiago norgehiagokan buru dezaketena baino.

Baina hori adierazita, esan behar dut Iñaki Perurenarekin hitz egiteko irrikan egon naizela aspalditik. Berarekin mintzatu eta darion gizatasunaren dosiren bat dastatu, horixe zen helburua azaroaren azken egunean Leitzarantz abiatu naizenean. Eta Peru-Harri bere lur-eremu zabal eta harrigarrira igo garenean Iparraldeko haizeak ez du solasaldia hoztu. Euskonews aldizkarian argitaratuko dut hil honen 23an Iñakirekin izandako elkarrizketa bat. Normalean egiten dudan ez bezala, elkarrizketatuari ez nion aldez aurretik galdeketa igorri. Naturaltasuna nahiago zuela adierazi zidan.

Peru-Harriko eskultura baten ondoan
Iñaki Perurena euskal herri kiroletan sekula izan den pertsonaiarik adierazgarrienetakoa dela adieraztea ez da arriskatzea. Beraz, herri kiroletako gizakumerik eraginkorrena dugula sinatuko dut. Kirolari gisa eta, horren ondorioz, gizarte eragile moduan uhin desberdinetan gure herriarenganako arreta piztu duen pertsonaia dugu leitzarra. Gai izan da herri kirolarien gaineko topikoak hausteko eta hamaika ikasgai eskaini ditu, han eta hemen, herriari zor zaion zintzotasun eta onestasunaz. Berezko buru argitasunak gidatua, harriaren bidez herriari heldu dio zentzu zabalean, eta bere soin-neurriekin bakarrik aldera genezakeen eskuzabaltasuneko erakuspen jarraikiarekin dotoretu ditu euskaldunon hainbat eremu.

Lerro hauekin bi adibide eder doaz, iruditan. Bideo batean, Jose Migel Barandiaran zenari buruzko bat bateko nire galderari ihardetsi zion, buru eta bihotzez. Bigarrenean, Iñaki Perurena hurbileko bere egitasmo batez mintzatu zitzaidan.



azaroa 28, 2011

MAFIAK, KANPO-ZORRA ETA MISERIA






Pablo Escobar


Galdetu zidan atzo kolonbiar lagun batek zer ulertzen den kanpo-zorraz. Eta ahalegindu nintzen arren, ez dakit lortu ote nuen, ez baita erraza kontzeptuak azaltzen dituen ertzak ulertzeko ariketa.

Kolonbiako bere jaioterriko gogo-irudiak oraindik freskoak dituelako, Pablo Escobar droga trafikatzailearen kasuaz mintzatu ginen: 1992an, AEBetara extraditatua ez izateko, kolonbiar gobernuari eskaini zion berak drogaren diruarekin estatuaren kanpo zorra kitatzea. Pablo Escobarren nazioarteko lotura politikoak nolakoak ziren ideia egiteko, komentatu genuen adibide gisa, Felipe Gonzalezen aginte-hartze ekitaldira gonbidatu zutela 1982an. Eta botere politikoa eta mafiak zeharo erlazionatuta egon daitezkeela adostu genuen, behintzat, gure elkarrizketan.

Geure eguneroko ergelkeriaz eraiki dugun mundu honen berbideratzeaz europar hiritarrok burua berotzen ari garenean, Pablo Escobar berriak lotsagabe ari zaizkigu botere politikoaren entramatuan infiltratzen, eta estatu zorren galdarak lehertzear daude hainbeste irakite-presioa dela-eta. Horra hor, Goldman Sachs banku boteretsua, bere pioiak Italia, Grezia eta Europar Banku Zentraleko presidentzietan jarri dituena. Lehen AEBko gobernura ere heldu zen, indartsu. Demokraziaren beraren zentzua arriskutan jartzen duten politikak burutzen ditu amerikar bankuak.

Goldman Sachsek bere garroak mundu osora eta sektore mamitsuenetara luzatu ditu. Eta horietako bat jakietakoa da. Duela hogei bat urte erabaki zuten inbertsio polita izan zitekeela oinarrizko zenbait jakiren gainean intziditzea –garia, artoa, kafea, kakaoa, azukrea, ganadu-okela...- eta horien prezioak eskaintza-eskaria ohiko legearen araberakoa izan beharrean, inbertsoreen esku gera litezkeen “etorkizuneko”-en iragarpenen aginduetara mugituko ziren. Inbentoa!

Gauden mendearen lehen hamarkadan, adituen esanetara, jaki horien prezioak hirukoiztu egin dira, merkatuan. Noski, lehen gai horien sortzaile diren lurraldeetan ekoizpen-kostuak, jaitsi ez direnean, mantendu egin dira. Beraz, diferentziala Goldman Sachs eta antzeko finantza-funtsentzat ikaragarri handitu da. Zer gertatzen da munduko hainbat eta hainbat estatutan euren ekonomiekin? Hiritarrentzako jan gaiak hornitzeko ezgaiak direnez gero, kanpora jo behar dute... eta zorra disparatu egiten zaie, infiniturantz. Miseria.

Kanpo-zorra zer den argitzeko gauza izan ote nintzen ez dakit. Baina nire adiskide kolonbiarrari behintzat ideia bat garbi geratu zitzaion: mafiak mota askotakoak izan daitezke eta hiritarren sufrimenduarekin aberasten dira beti. Gobernuekin ados jarrita.



Argazkiak:  gurusblog.com; desdeabajo.info

azaroa 22, 2011

JOSE MIGEL BARANDIARAN: GIZON PUXKA BAT!

 

Hogei urte izango dira laster Jose Migel Barandiaran hil zenetik eta Euskal Herriaren pertsonaiarik maitatuenetakoaren irudia proiektatzen ari zaigu egun hauetan, han eta hemen, abenduaren 21eko efemeridearen aurrean.

Gutxitan erakarriko ditu hobeto bere herritarren aldeko sentimenduak inork On Jose Migelek baino. Irudi mitikoa bihurtzeraino, euskal kulturaren bidezidorretatik barrena abiatu zen gazte-gazterik, euskal kultura bera zer zen bere buruari inork gutxik galdetzen zionean. XX. mendearen hastapenek, gure herri-sentimenduaren gaineko neurriari dagokionez, gero On Jose Migelek hain sakon ikertuko zuen paleolitikoko garaiak dirudite gaurko perspektibatik. Izan ere, euskal kulturak urrats sendoak eman ditu ordudanik, bere bideak –hori ongi azpimarratu beharra dago- Kalbariokoarekin antz handiagoa izan duen arren beste edozeinekin baino.

Barandiaranek argi eta garbi markatu zuen iparra, bere nortasun-zeinuen aldetik iluntasuna nagusi zuen duela ehun urteko euskal gizarte hartan. Astindu egin zituen ezjakintasuna eta nagikeria. Lanerako deiadarra burutu zuen, helburura ganoraz ekinez gero bakarrik iritsi zitekeela jakitun. Eta asmatu zuen, bete betean, Ataungo semeak ezer lortu bazuen, euskal kulturaren gaineko kontzientzia suspertzea izan baitzen. Diskurtso huts eta hitz merkekotik aldendua, edukiz bete zituen bere aldarrikapenak, orain arte beste inork egin ez duen moduan. Eta bere ingurura hamaika langile prestu bildu zituen, etorkizunerako proiekzio itxaropentsuan arituko zirenak.

Barandiaran buruzagi petoa izan genuen, ertzik gabeko aitzindaria. Talde lanaren beharraz konbentzituta, Euskal Herriko lau haizeetara barreiatu zuen hazia, egun ere fruitu ugari ematen ari dena. Baina ez dugu ahaztu behar, On Jose Migelen lorpen zientifikoa kristau humanismo sendo eta bizi baten gainean eraiki zenik. Zientziaren aplikapen zorrotzari zor zaion zintzotasuna, gizabanako gisa bere baitan garaturiko arau etiko, erlijioso eta sozialekin uztartzen jakin ahal izan zuen, maisuki. Horregatik, bere heriotzaren hogeigarren urtemuga iristen ari denean, On Jose Migelek behin eta berriz aldarrikatutako balioek gaurkotasuna dute gure gizartean.

Errealitate zientifikoa eboluzionatzen joan daiteke, eta ulertzen da beti hoberako joeran egiten duela. Giza balioen errealitateak, berriz, berean segitzen du ia osotasunean. Alde horretatik esan daiteke, Barandiaranek ez zuela ezer erdietsiko ez balitu giza balioak tentuz aplikatu. Areago, zientzia, berez, ez zitzaiola interesatzen esango nuke. Solidaritatea, lagun hurkoarenganako emate jarraikia, eguneroko jarduneko bekoki zabaltasuna, printzipioen defentsa, onestasuna, lana..., berreskuratu eta erabili beharko genukeen Jose Migel Barandiaranen legatu baten konstanteak ditugu.



azaroa 13, 2011

IÑAKI URDANGARIN ETA ARISTOTELES

Iñaki Urdangarinek zer tamainako delitu egin duen eztabaidagai den uneotan, ikaragarri friboloa iruditzen zait zenbait medio eta pertsonaia publikoren jarrera. Nire adinean ohituta egon behar banuen ere, amorru bizian jartzen naute hainbaten iritzi eta erreakzioek. Eta ahaleginak eta bost egiten ditudan arren, ezin dut konprenitu nola arraio eman daitekeen hainbeste ergelkeria, berez adimentsua suposatu behar zaion giza-kolektibo zabalean. Baina, jaun-andreok,  Espainiaz hitz egiten ari gara!

Urdangarinek epaitegitik igaro behar du, hori hasteko. Eta bere irabazpideei buruzko argibideak eman beharko ditu, beste edozein hiritarrek egin beharko lukeen bezala. Delitu lepora lekiokeen negozio esparrutik Urdangarinek larderia iraingarria erakutsi du besteenganako. Eta hori berezko dohaina den ala sendi politikotik datorkion inoiz asmatuko ez dugun arren, zalantzaren itzala berarengana erori denean espainiar Nortasun Agiri Nazional baten titularra delako erantzun behar du espainiar justiziaren aurrean, argi eta garbi.

Cayo Lara EB-ko koordinatzaile nagusiak eskatu dio erregeari errieta egitea bere suhiari. Hombre! Goazen poliki-poliki. Errieta? Edozein senditan bezala, aitaginarrebak askatasun osoz atera diezazkioke koloreak bere alabaren gizonari. Alderantziz gerta daitekeen moduan. Horrekin bat nentorke. Baina, erregeak? Espainiakoa? Cayo: zer aginte moralarekin?  Nola erakutsiko dio espainiar estatu buruak etikaz ezer bere alabaren senarrari?  Negozioetako etikaz ari naiz. Alde horretatik, aspaldi ikasi genuen Aristotelesek merkataritza chrematisike-ari buruz zioena: bertuterik gabekoa da, eta parasitotzat zeuzkan mazedoniarrak bide horretan iharduten zutenak.

Batzuek monarkiaren ezeztapenerako urrats berri bat ikusi dute Urdangarinen kasuan. Errepublika zalea naizela berretsiz, errepublikarekin ere zumarragarraren modukoak han eta hemen sortzen direla aitortu behar da. Hor dauzkagu Italiako Berlusconi, Frantziako Giscard d´Estaing, Alemaniako Kohl eta abar. Gobernu sistemak ez ditu zintzotasuna, gardentasuna eta etika bermatzen.

Urdangarinen negozioetan usain txarra dago. Hori ez ezik, susmoak ere bai iruzurra burutu denaz. Anakroniko eta ez demokratikoa den erakunde politikoaren partaidea krematistikoki lege txarrez aberastu den ala ez erabaki beharko du epaileak. Edozein modutan, epaia zein den jakin aurretik ere, ni Aristotelesekin nago. Parasitoak dira.


Argazkia: casareal.es

azaroa 07, 2011

UNESCO ETA AEBren PURRUSTADA





Edouard Glissant
UNESCOren beherapen ekonomikoak eta AEBen haserrea eskutik helduta joaten dira betidanik. Zuzen proportzionalak izaten dira, aldatzen dena haserrearen arrazoia dugularik.

 UNESCOren mekanismo administratiboa ezagutzeko aukera izan nuen 1984an, Eusko Jaurlaritzaren izenean Unescoren Albistariaren euskarazko edizioa negoziatu nuenean. Edouard Glissant argitalpeneko zuzendari nagusia izan nuen solaskidea, urtebete inguru luzatu ziren negoziazioetan.

Glissant martinikarrak lehen unetik ireki zidan bere lan gelako atea, Parisko Fontenoy plazako eraikinean. Eta atearekin batera, baita bihotza ere. Gehienetan literatura genuen mintzagaia. Glissant frantsesez idazten zuen sortzaile kreolarra zen eta sentsibilitate berezia erakutsi zidan euskararekiko. Herrienganako begirune eta errespetua zerion etengabe, eskaini zidan “La Lezarde” bere liburuan idatzi zidana lekuko: “A Joseph Marie, en l´honneur de toutes les cultures dominées qui aujourd´hui rayonnent” –Jose Mariri, egun dirdiratzen ari diren kultura azpiratu guztien ohorez.

M' Bow senegalarra zen UNESCOren garai hartako zuzendari nagusia eta erakundearen baitan bizi zen giro aske eta, zergatik ez idatzi?,  iraultzaileak AEBak 1984an UNESCOtik ateratzera eraman zituen. Horrek suposatu zuen, jakina, amerikarren kuotaren murrizketa mehatxatzailea. Eta estualdi ekonomikoak nagusitu ziren munduko hezkuntza, zientzia eta kultura helburu dituen erakundearen baitan.



Glissantekin neraman  negoziaketa aldrebestu egin zitzaidan, izan ere hastapenetako ikuspuntuei erreparatuz doan atera zitekeen argitalpenarengatik Eusko Jaurlaritzak ipini behar izan zuen azkenik dirua, HABEren bitartez. Unescoren Albistariaren euskarazko bertsioaren lehen zenbakia 1985eko otsailaren 15ean aurkeztu genuen eta ekitaldira Edouard Glissant etorri zen Donostiara. Beste behin ere egon zen idazle kreolarra gure artean, 1993ko otsailaren 23an, hain zuzen,  Euskaria elkarteak eratutako ekitaldi batean, Gasteizko Europa Gizarte-Etxean. Martinikarra, aurtengo otsailaren 3an hil zen, Parisen.


Duela hogeita zazpi urte, beraz, Unesco erakundearen ibilbidea iraultzailetzat hartu zuten ifarramerikarrek eta bertatik atera ziren. Egun erakundean Palestina onartua izan delako, “osabasamen” izpiritu guztiz larderiatzailearekin probokatuz, dagokien kuota ekonomikoa berriz ere erretiratu diote UNESCOri. “Nirekin ez dagoena, nire kontra dago” jarrera arbuiagarriaren estiloan, beti bezala.


Argazkia: lehman.cuny.edu

urria 31, 2011

AZAROKO HAUTESKUNDEAK ETA PINOTXO


Heldu gara azken txanpara eta hautagaiek diskurtso monokorde bezain ulergaitza zerbitzatzen digute, botoaren saria eskuratu asmoz. Eta kanpaina aurrera doan heinean,  zuzeneko proportzioan hazten da hautesleengan asperkeriaren maila. Iritsiko da azaroaren hogeigarren eguna. eta "amets-erosleak"  bere hautuaren alde egingo du , panorama ezertan aldatuko den bat ere esperantzarik gabe. Ziurta liteke politikoak eurak ere –agian ergelenen salbuespenekin- konbentzituta daudela ezer gutxi egin dezaketenaz, inori ez baitiote ez naturak ezta unibertsitateak ere ahalmen nahikorik luzatu daramagun bide okerra zuzentzeko. Epe laburreko ameskeriak horretantxe geratuko dira, amets huts zentzu gabetan.

Gure haserrean, ordea, ezingo gara geldirik geratu. Gazteak zein adinekook ganoraz bultzatu beharko dugu, daukagun hondarrezko eraikinetik atera eta harrizko oinarrietan sostenga daitekeen  berrian gure bizimodua prestatzeko. Ez da lantegi samurra, hura jaso bitartean zaharraren hondakinetan aritu beharko baitugu, itoginez beterik dagoen teilatu azpian eta haize zurrunbilo kontrolaezinek behin eta berriz astindutako harezko horma faltsuen erorketaren mehatxupean. Baina horixe daukagu, ez besterik.

Epe luzerako norgehiagoketa da aurrean daukaguna. Hauteskunderik ez balitz ere, erantzukizun punturik txikienarekin jokatu nahi bada, jadanik ekin beharko genioke. Azken hamarkadetako gizartearen desitxuraketa interesatuak ekarri dizkigun fakturak ordaintzea dagokigu orain, eta bitarteko aproposik ez dugunez gero etorkizuna hipotekatuta daukagula aitortu behar da.  Nola arraio jasoko dugu zama astun hori? Nork lagunduko digu, baldin inork laguntzerik badu?

Hauteskundeek ez digute egoera ekonomikorako formula magikorik ekarriko. Magia gezurra da, eta gezurretan ezin da ezer eraiki.  Formula bakarra, estualdiei aurre egitea da, irudimenez eta pazientziaz. Erabaki oker galantek eraman gaituzte oraingo egoerara, eta zulotik ateratzea ez da bi egunetako erronka, ezta legealdi batekoa ere. Behar ditugu, beraz, ausardia, aurreiritzi gabeko ameslari argiak, zintzotasuna eta gizarte berrindarturako ezinbestekoak zaizkigun aldeko osagaiak. Eta, jakina, denbora.
 
Botoa emango dut baina daukagun aukera ikusita, emaitzak beltzez segituko du etorkizuna iragartzen. Aldaketa ez zaigu, zoritxarrez, norabide horretatik ailegatuko. Eta hori badakite, ongi jakin ere, politiko askok. Botere faktikoen panpinak bilakatuta, Pinotxoren sudurra jartzen zaie hitz egiten diguten bakoitzean.




Argazkia: http://es.wikipedia.org/wiki/Pinocho

urria 25, 2011

RAXOI ETA BILDU


Raxoik  dio bere helburua -PPrena- Bilduri botoak kentzea dela. Baieztapen horrek zilegitasuna eskaintzen dio euskal alderdiari, beste kontsiderazio askoren gainetik. Ez da gutxi. Komentzituta nago Raxoi jakin gainean zegoela ETAren azken komunikatuan esango zenaz. Rodriguez Zapatero, CNI eta enparauak zeuden bezalaxe. Enteratu bide ez zen bakarra Patxi Lopez dugu, jokoz kanpo harrapatuta lehen  pilotakadatik.
Baina gaurkoa ez doa ETAren erabakiari buruz baizik eta Raxoiren asmo teluriko ilunaz. Izan ere, lurrikararik galantarenarekin ere gailegoak ez zukeen ergelkeria handiagorik esango.

Nola arraio kenduko dio PPk Bilduri botorik? Produktu berdinik saltzen dute, ala? Ez dago zalantzarik egungo PP eta PSOEeren arteko diferentzia hutsaren hurrena dela, gobernu programari dagokionez. Badirudi bata besteak zer esango zain egoten dela, bere lan lerro programatikoak aldarrikatzeko. Egia da, bi alderdiak arrantza esparru berdintsuetan ari direla eta antzerako sareak erabiltzen dituztela. Galdeketa bat egingo bagenu bi alderdien arteko diferentziak zehazteko, ziur nago pertsonalak ez lukeela inondik ere asmatuko, biak zein biak joko arau berdinekin ari baitira hautesleen bila.

Sarritan jarri dut sarrailgilearen adibidea: ekoizle guztiok sarrail berdina fabrikatzen badute, merkatuak laster hondoa joko du, degradatu, deskontu eustezinekin eta mahai azpiko jukutriekin. Merkatuaren dibertsitatean datza ekoizle bakoitzaren osasuna eta, ondorioz, merkatuarena berarena. Eta espainiar bi alderdi nagusiek ez dakite azaltzen euren eskaintzaren diferentzia non dagoen.

PPk eta Bilduk, bistan da, produktu desberdinak dituzte eta merkatuak garbi dauka bakoitzaren eskaintza zein den. Ez du dudarik azalduko botoa emateko orduan. PPk botoak, batez ere, PSOEri kenduko dizkio. Agian, banaka batzuk EAJri (alderantziz ere gerta liteke) Baina Bildu eta PPren arteko hautesleak galaxia desberdinetakoak dira.  Hor lasai egon daiteke Bildu, hortik ez baitzaio arriskua etorriko. Baina koalizioari iragarpenak pikutara joan dakizkioke, baldin eta besteen demerituetan bakarrik eraikitzen badu bere hauteslegoa.

Bilduri ekintza positibista eta posibilista argigarria arlo guztietara ematea dagokio. Eta horrela, seguru, dardaran PP eta bere orbitako guztiak egongo dira. Era horretan bakarrik joan ahal izango da aurrera herri honen eraikuntza itxaropentsuan.

Orain arteko erokeria guztiak albo batera utzirik, Euskal Herriaren gero  baikorrean sinesten dugunon indarra elkartuko bada urratsak elkarren arteko konfidantzan eman behar ditugu.

Amaitzeko diodan gaur, urriaren 26, ez dudala ezer ospatzerik, hau ez baita nire eguna.


Argazkia: elrincondelalibertad.blogspot.com
 


urria 17, 2011

BAKEA DA PROTAGONISTA



Kofi Annan badakart ere argazkian, ez da bera protagonista delako gaur Donostian burutuko den konferentzian. Gaurko ardatz nagusia, izar bakarra, bakea da, oinarrizko gure eskubidea.

Bakean sinesten du -desiratzen du- Euskal Herriak eta horixe oihukatzen dio ozen etengabe munduari.

 Sinetsi, desiratu... exigitu egiten du bere ezintasun ia kronikotik. Bidean egon nahi dugulako begi guztiak Donostiara zuzenduko dira gaur, itxaropen izpiari eite jarriko ote zaion irrikan, guretzat eta bihar etziko belaunaldientzat bortizkeria larbatuaren estigma errotik erauzita izan dadin.

Baina ez gara inuzenteak eta jakin badakigu bide hori sastrakaz beterik edukiko dugula. Espazioak irabazten joan beharko da, amore eman gabe. Eta denoi dagokigu betebeharra auzo lan erraldoian. Elkar ulertzea bultzatu beharko dugu bakoitzak, orekaren zentzua, guztion ongizatea, eta unibertso bertsuko partaide izatearen sentimendua. Interesetako gatazkak eta elkarrizketarik ezak aurrean dugun gizabanakoa zein kolektiboa modu karikatureskoan islatzen dizkigute. Eta zirkulu horretatik ateratzeko kemen handia behar da.

Errepasa dezagun apurtxo bat historia eta gure herri honi bortizkeriak zer ekarri dion ikusiko dugu. Historiak ere erakusten digu herrien duintasunak modu positiboan eragiten duela horien garapenean. Eta Euskal Herriak bere buruaren gaineko jabetza berreskuratuko badu, aurriritzi, egia erdiak, irizpide sinplistak eta injustizia baztertu beharko dira. Baina aldi berean adorez eta indarrez ihardutea dagokio gure gizarteari, egin nahi lituzkeen aldarrikapen guztietan.

Ez dut oroitzen nork esan zuen, txar eta onaren arteko muga gizaki bakoitzaren bihotzetik igarotzen dela.



Argazkia: swotti.com

urria 10, 2011

JENIOTASUNAREN MORRONTZAN


 
Asteari ekin diogu Steve Jobsek utzitako hutsunearekin. Eta bere estelarekin eman nahi dut pare bat minutu, lerro hauek idazten ditudan bitartean. Aitortu behar dut  bere nortasunak erakartzen ninduela -batik bat berrikuntzarako erakutsi duen trebezia eta begi klinikoarengatik- eta berarekiko nire errezeloak ere izan nituela, gutariko bakoitzarekin jazotzen den moduan. Jobs izan dugu XX-XXI. mendeetako izarrik eragingarrienetakoa, eta orain beharbada izarren artetik begiratuko digu hemen utzi duenaz bere buruari galderatxoren bat eginez.

Jobs desagertu da, jenio bat bihurtuta. Gaztetatik erpinik gailenetara ohituta, bere ahotsa, bere diskurtsoa, bere proiekzioa iragarpen guztien gainetik igo zen eta mesianismo zaleek beste iluminatu berri bat bezala gurtu zuten.

Jobs espazio sideralean galdu denean, eta beste modura ezin zitekeen bezala, hemengo eta hangoek orriak betetzen ditugu haren gaineko gure usteekin, eta espektrorik zabaleneko aburuek nortasun zaileko pertsona definitu dute. Hari buruz genekienari orain arteko ezezagunak zitzaizkigun kolore ugariko xehetasunak gehitu zaizkio, jenioaren gaineko mugaketari dimentsio berri bat emanez.

Jenio bat izan da  eta jenioei dagokien legez izaera konplikatuarekin jantzi du berak sortutako errealitatea, Einstein, Mozart edota Jorge Oteizarekin gertatu zen moduan. Jobs ez da izan azken profeta garduna. Ezta munduaren kalamitateak konpon litzakeen deabruaren mandataria ere. Baina aldakorra dugun gizarte-unibertsoan desberdin joka dezagun komunikazio- plataformak asmatu zizkigun. Hoberako izan den ala ez geuk erabakiko dugu, eguneroko gure jarrerarekin.

Oteizak, bere jeniotasunean, sekula ez zigun berarenganako lilura erakuslea eskatu. Areago, esan liteke gugan berarekiko korronte elektriko negatiboa sortzen ahalegindu zela, etengabe. Baina oriotarrak gugan kezka eta zalantza jarraikirako joera piztu zuen bere obrarekin. Eta hori eskergarria da.

Jobsek ere, bestelakoa den arren, duda handi bat utzi digu, bakoitzaren barne erantzuna behar duena: gai izango al gara gizon-emakumeok sentimenduak teknologien gainetik jartzeko?
 

Jobs jenioa joan da eta jeniotasunaren morrontzatik askatu da betiko. Guk hementxe segitzen dugu eta askatasunaren aldera geuri dagokigu esklabu ez izatea, jenioak jaio ez ginen arren. Edo horrexegatik, hain justu.

Argazkiak: iphoneworld.com.es

urria 03, 2011

KRISI ALA IRAULTZA?


 
Krisi ekonomikoaren eraginez sektore publikoko langileen ordezkarien kopurua murrizten ari dela irakurri nuen lehengoan. Ez dakidan zer artikulaturen arau bat aplikatuz, badirudi langile publiko horien interesak defenda litzaketen sindikalisten eragina, kantitatez bederen, txikiagoa izango dela aurrerantzean. Ez dut ezagutzen zein erantzun izan duen erabaki horrek langileen kolektibotik, baina pentsatzera ematen du, jatorrian behintzat, ekintza sindikalistan ondorioa izango zuela.




Krisi ekonomikoa aipatzen da bazter guztietan eta egia da zuloan gaudela, guk geuk urtetako gure iharduera itsuarekin sortutako zuloan, hain zuzen. Horregatik, krisi hitza besteren batekin ordezkatzeko garaia iritsi delakoan naukazue. Krisiak abaguneko zerbait adierazten du, egituran gerta daitekeen uneko fenomenoa, alegia.  Krisiak denboran irauten badu, krisia ez baizik iraultza bihur daiteke. Eta ene ustez, iraultza baten atarian gaude; behintzat, nolakotasun guztiak ematen ari dira iraultzan pentsatzen jar gaitezen. Egoeraz konturatu ote garen ala ez, beste gauza bat da. Zoritxarrez, errealitatea da segitzen dugula erabiltzen krisi hitza, galdutako “ontasunezko” denboren esperantzan gaudelako, nonbait. Eta gure politiko zein sindikalistek ez gaituzte errakuntza horretatik ateratzen, eurak ere itsu daudelako, ala –posible litzateke- ezgai direlako.

Eszenategi berri bat diseinatu behar da gure bizitzarako. Eta orain artekoa ez bezala, obra berri bat eszenifikatu behar du gizarte osoak, munduko antzokiak guztientzako aukera eskainiko badu. Horregatik, iraultza eragiteko prest ez ezik, partaide aktibo izateko borondatea aurkeztu behar du gizabanako bakoitzak. Iraultza handi bat ordezkaritza-sisteman, iraultza enpresen sorkuntza eta kudeaketan, iraultza hezkuntzan, iraultza bizitza-kalitatean eta, oro har, iraultza gure bizimodu arruntarekin zerikusirik duten arlo guztietan.


Hori bai, krisi ekonomikoari partxeak jartzeak ez du iraultzarako ildoa erraztuko, krisia bera iraunaraziko baizik. Arazoa gizarte-egituran dago, eta paradigma aldatzeak gaur egungo sistema hankaz gora jartzera behartzen gaitu. Eta, zoritxarrez, ez ditut ohiko alderdi politiko zein sindikatuak egiaztapen horrekin oso ados ikusten. Behintzat ez zaie euren aitorpenetan aldakuntza integralerako borondaterik igartzen.



Argazkia: peatonet.blogspot.com

iraila 25, 2011

LEINUAK ETA TRIBUAK


Nortasunari buruzko eztabaida hain zabala eta konplikatua dugu, non beti da zalantzarako arrazoia, pertsonaren borondate askearen araberakoa, hain justu. Hertsiak – hots,  euren teoria  kosta ahala kosta aurrera atera nahi dutenak- arriskutsuak dira defendatzen duten buru-itxituran, giza kalamitaterik handienak ortodoxia diktatorialen aldetik sortu baitira.

Sarritan leinuaren  zutabera mugatzen dugu pertenentziaren esparrua, eta hain gure bihurtu ohi dugun kontzeptuak txirrist egiten du arakatze hasten garen unean.
Nik behintzat zalantzak ditut, ez baitakit, adibidez,  puzzle horretan non kokatu behar dudan  birramona errioxarraren erroa. Hurbilenez, agian, beronarra izango nuen. Baina nola uztartu bereak karistioen nolakotasunekin?  Zein konponketa eman diezaioket, ordea,  Valladolideko birraitonak esentziaren ekuazioan sartzen didan korapiloari? Beraz, zein da nire gogoaren jatorria?

Leinuaren horma zaharrak historiaurreko gau beltzean lurreratu ziren eta inoiz tente egon ote ziren ere dudan jar daiteke. Behintzat, leinuak giza taldearen sustraien zio bakarra  gordetzen duela pentsatzen bada, leinuaren nortasun erakusleak giza interakzioaren bidez amaitu zirelakoan bainago. Eta horiek interesen doinura egin zuten dantza. Munduko edozein ertzetan eta gizakiari  adimena egokitu zitzaion unetik.

Tribuak -aintzinakoak zein gizarte modernoko adibideak- askoz samurragoak dira identifikatzeko. Eta giza norbanakooi aukera ematen zaigu, nahi dugun adina tributako partaide izateko, modu aktibo zein pasiboan. Tribuek ardatz baten inguruan biltzen dituzte euren helburuak eta ez da sekula iraupena bermatzen. Sortzen diren moduan ezaba daitezke. Aise.

Tribu-kideak euren arteko erlazioa ahalik eta engranatuen izaten ahalegintzen dira, beti ere barne asebetasunaren mesedetan. Gizabanakook, beraz, tribu desberdinetatik erion daitekeen satisfakzioaren bidez aberats dezakegu gure bizitza. Sendia, tribu bat da. Eliza katolikoa, beste bat. Budismoa. Athletic edota Alavesa. EAJ-PNV. Txikiteoko lagunak. Antzerkiko taldekideak. Lankideak. Ikaskide ohiak. Eta abar amaiezina.

iraila 19, 2011

INPERIOAREN KONTRA, EUTSI TINKO!


Batzuetan pentsatzen dut euskal auziaren gunea ez datzala soilik Madrili lepora lekizkiokeen arrazoi mordoan. Beste askotan, berriz, espainiar bota ikusten dut gure kalamitatearen sorburu bakarra. Eta gora behera horretan daramazkit azken berrogeita hamar urteak, hots mende erdi bat, penduluak bihar zer markatuko didan asmatu gabe.

Berriki jakin izan dugunez, Eusko Alderdi Jeltzaleak izena aldatuko du espainierazko bertsioan eta Partido Nacional Vasco izatera pasatuko da. Arrazoiak izango ditu EAJk eta ez noa eztabaidatzera. Batez ere militante ez naizelako, eta nireak ez diren etxe-auzietan sartzea ez zait bidezkoa iruditzen. Baina, hala ere, nire iritzia eman nahi dut, ez dudala polemika elikatu nahi azpimarratuz.

 Niretzat, “nacionalista” –abertzale, zentzu hertsian- aberriarengatik sufritzera eta gozatzera prest dagoen pertsona edota erakundea da. Logika horretan aritu izan naiz ni, abertzale nintzela konturatu nintzen une beretik. Eta ideia horrekin bat eginda aritu izan dira nik ezagututako euskal abertzaleak, bai nire aurretik jaiotakoak zein geroagokoak ere. Euskal abertzaleak, berez, kontra egin dio inperioko gose asezinari eta uste dut mundu mailako antzerako sentimenduek zentzu berean enfokatu dituztela euren postulatuak. Gero eta ilunagoa ageri zaigun logika inperialista –ikus, ikus munduko panorama!- ongi merezia duen erantzuna jasotzen ari da egun ere, auzirako zentzuzko irtenbidea exigitzen duten herrien aldetik.

Abertzaletasuna erresistentziaren sinonimoa da. Justu, hain zuzen, zibilizazio desintegratzailearen hazia nonahi ereiten duten eragileen diskurtsoaren kontrakoa. Euskal abertzaletasuna –euskal nazionalista izatea- desjabetze ekonomiko, politiko eta kulturalerako erresistentzia da. Nik horrela bakarrik ulertzen dut abertzaletasuna eta zentzu horretatik segituko dut borrokatzen aurrerantzean ere. Eta ildo horretan, beraz, nazionalista naiz.

Argazkia: www.elgrancapitan.org

 

iraila 12, 2011

IRAILAREN 11ko BIHARAMONA


 
Igaro da irailaren 11ko efemeridea. Dorre Bikiei dagokienari buruz ari naiz, inork gutxik oroitu baitu egun horretan ere, baina 1973an, Txileko faxistek kolpea eman zutela Salvador Allende demokrata eta sozialistaren aurka.

Igaro da efemeridea eta munduak, duela hamar urteko gertakari latzak oroituz malko jario berria isurita ere, akats eta huts berdintsuekin segitzen du, daukagun kaosak noiz arte itoaraziko gaituen asmatzerik ez dagoela. Amaitu dira efemeridearen ospakizunak eta munduak bere errutinari heltzen dio gaur astelehenez, hilak 12. Azken hamar urteko eszenategi kaotiko bezain hipokritan inoizko obrarik errepresentatuena ematen ari da: “munduaren desoreka da nire boterea”

Hizkuntza desberdinetan idatzitako testu berdintsua behin eta berriz eszenifikatzen ari da, patroi berberarekin heziriko antzezleen lan saiatua eskaintzen zaigularik, “denak balio du” slogana bere egiten duten medio ahaltsuen bidez. Eta ikusliar soilek, pasibo isilak gehiengoan, erraiak jaten egon gaitezkeen arren, ezer gutxi burutzera bizi gara kondenatuta, gero eta biziotuagoa –akastuagoa- ageri zaigun gurpil ero batean ezarrita. Erosotasunak erabateko galerara eraman gaitzake.

Baina irudimen apur bat geratzen zaigun bitartean ez da etsi behar. Nonbaitetik azaldu beharko da argi izpitxoren bat eta horren bila ahalegintzea dagokigu, giza duintasuna biziko bada.


Argazkia: Tere Anda

iraila 07, 2011

EUSKARA, KATALANA ETA ESZENATEGI POLITIKO BERRIA



Azaroaren hauteskundeetara ailegatzen ari garen heinean eztabaida politikoa areagotuko da alderdi eta eragile politikoen artean. Horretarako ditugu politikoak, ideologia desberdinetako ordezkari direnak, nahiz eta daramagun gain beherako martxa honetan diferentzia politikoak non dauden asmatzea gero eta ariketa zailagoa bihurtzen ari zaigun.

Katalunya aldean pizturiko hizkuntza-istilua bizi ari garen uneotan, euskaldunok ezin dugu ahaztu euskararen kontrako erasoak ere izan direla iraganean, ongi orkestratuak, nondik-eta katalanaren erabilera askea eragozten ari den tipologia bertsuko pertsonaiengandik. Auzitara jo zutenek jakin badakite –bazekiten, salaketa ipini zutenean ere- katalanak ez duela inondik ere espainiera arriskutan jartzen, baina beldurraren estrategiari eutsiz eta espainiar medio askoren laguntza ordain ezinarekin, bozgorailuak piztu dituzte, botoen arrantzan ale batzuk irabaztearren. Ez da txikikeria, alde horretatik, Katalunyan, Euskal Herrian bezala, bertakook ez ezik gero eta etorkin gehiago bizi dela, eta horiengana beldurraren haziarekin zipriztintzeak inperio sakro santuaren aldeko uzta ekar dezakeelakoan ari dira betikoak. Inork sinesten al zuen euskarak gaztelania arriskutan ipintzen zuena?
      
                         PSOE-PPko gobernu batekin Gasteizen –ongi idatzi dut, PSOE-  hizkuntza eztabaida ez da hain bortitza gurean, ez –jakina- Celaa eta enparauek euskararekiko euren jarreran oraingo Generalitatekoek bertoko hizkuntza baino tinkoago defendatzen dutelako, baizik eta –justu- kontrako arrazoiarengatik. Eta ez dute Lakuako maizterrek brunete mediatikoaren grina sorrarazten euren politika linguistikoarekin, batzuek eta besteek uraska berdinetik edaten dute-eta. EAEn behintzat, azaroaren 20 bitartean eztabaida horretatik libre egongo gara... euskararen kaltetan, noski.


Argazkiak: 
http://www.que.es
http://www.socialistasvascos.com

iraila 05, 2011

EKIN DIEZAIOGUN BAIKORTASUNEZ





Hilabete luzeska eman dut blogean ezer idatzi gabe. Leiho bat irekita (ala itxita?) utzi nuen eta bertatik ez da mugimendurik somatu azken hogeita hamaika egun luzetan. Mundua geratu izan balitz bezala edo denok oporrak batera hartzera joan izan baikinen. Niri behintzat ederto etorri zait etena; ederra izan da atsedena eta bideari berrekiteko asmoarekin itzuli naiz, mundua, inondik ere, gelditu ez delako eta datorkigunak ezusteko galantak dakarzkigulako berarekin.

Abuztuak sentsazio mingotsa ere utzi dit, gu bizi garen gizarte polikromatuaren joerak eskuin aldera jo duelako, indarrez. Horratx, bestela, adibiderik sakratuenak: Vaticanoko buruzagiaren bisita zalapartatsua eta espainiar konstituzioaren aldaketarako proposamena eta, ondorioz, gauzaketa. Pentsatzen dut egoera kezkagarria dela eta botere ezkutuek amildegirantz garamatzate. Dugun irtenbide bakarra buru eta bihotzez borrokatzea da, amildegiko ertzetik aurrerako urratsa guk bolondres eman dugula lepora ez dakigun.

Ikasturteko aurreneko ekarpentxo honetan baikortasunez idatzi nahi dut, zailtasunetatik garaile aterako garela pentsatuz. Eta beti bezala, geroak zer ekarriko dugun itxaroten egon gabe, ekin diezaiogun lanari, horixe baita sendabiderik egokiena.


Argazkia: Tere Anda Lazpita

uztaila 25, 2011

HOY ES SIEMPRE TODAVÍA


Auskalo zenbat ikastaro eta mintegitara joan naizen nire lan bizitza profesionalean zehar! Lan eskarmentuak ez du, berez, formakuntzaren beharra asetzen eta horregatik gizon emakumeok behartuta gaude geure buruak ezagutzaz janztera, bide bazterrean derrigorrez geldituta gera ez gaitezen.

Prestakuntzaren beharrizanak hain handiak izaten diren non etengabeko birziklapenak toki hartzen du, nahita nahi ez, nor beraren lan ibilbidean. Hala ere, aitortu behar dut beti ez dela indar bertsukoa izan nire gain sentitu dudan ikasteko premia. Gauza guztietan bezala badira aldiak eta aldiak, eta batzuetan zikloia bailitzan sartu bazait prestakuntza-gogoa, izan dira ere patxadazko tarte luzeak, zeintzuetan ahazteraino iritsi zaidan ikastaroetarako joera ia-ia naturala.

Aitorpen orokor horren barruan beste txikiago bat ere egin dezaket: gutxitan joan naiz prestakuntza trinkoko klaseetara positiboki motibatua. Burmuinak mekanismo bereziak erabiltzen ditu eta “nik ez dut behar”en gisako mezuak bidaltzen dizkigu, geure gurpiltxoei ohi moduan eragiten jarrai dezagun, berrikuntza larregirik gabe. Eragozpenak fabrikatzen ditugu sarri gure baitan, urratsik ez emateko, berez, erosoak baikara, eta zenbat eta gutxiago mugitu hainbat eta lasaixeago bizi daitekeela pentsatzera hel gaitezke, nahiz eta badakigun geure buruari tranpak egiten ari gatzaizkiola.

Egon naizen ikastaro eta mintegietatik, dena den, oso garbi daukat zein izan den gehien eskaini didana eta zeini atera diodan zukurik hoberen. Duela hiru bat urte izango zen -hau da, nire ibilbide profesionalaren hondarretan nengoen- Eusko Ikaskuntzaren baitan goitik behera eta behetik gorako iraultza animikoa eragin behar zela iruditu zitzaigula arduradun batzuei. Eta Nerea Urkolarekin jarri nintzen harremanetan. Erakunde garapenean eta emoziozko gaitasunetan aditua da Nerea, bere aita Juan Luisen ondoan formakuntzako espektroan izen handia egin duena. Nerearekin lehen bilera izan eta zenbait hilabetetara Eusko Ikaskuntzakook burutu genuen ikastaroa ez daukat ahazterik.

Santiago eguneko arratsalde honetan Nerearen izena zergatik etorri zaidan azalduko diot balizko irakurleari: Nerearen azken liburua, “Hoy es siempre todavía”, amaitu dut irakurtzen, eseraldi bakar batean. Bizitza instant batean alda daitekeelako, dio azpitituluak. Egileak liburuan biktimismoa eta desmotibazioa astintzen ditu bere maisutasun osoarekin, eta hausnarketarako gonbitea izan nahi duenak irakurlearen kontzientzietan jotzen du, une aproposak den-denak direla gogoraraziz.

Eskerrik asko Nerea, zure ezagutza gurekin konpartitzeagatik. Eta segi osasuntsu, zure zientziak argi diezagun.