Peru-Harriko baserrian |
Aitortu behar dut ez naizela herri kirol
zale handia. Eta inoiz idatzi dudan bezala, euskaldun atipikotzat daukat nire
burua, ez bainaiz ohiko tipologiaren mugetara egokitzen. Begira: elkarte
gastronomikoek ez naute betetzen, arraun estropadek jai daukate nirekin eta
pilota partidu baten eta arratsalde eguzkitsuko ibilaldiaren artean
bigarrenaren alde egiten dut beti. Bertsolaritzari dagokionez, nahiago dut
bertsoak etxean lasai irakurtzea plazan bertatik bertara entzutea baino.
Harri-jasotzaileak, aizkolariak eta abar estetikoki baloratzen ditut gehiago
norgehiagokan buru dezaketena baino.
Baina hori adierazita, esan behar dut Iñaki
Perurenarekin hitz egiteko irrikan egon naizela aspalditik. Berarekin mintzatu
eta darion gizatasunaren dosiren bat dastatu, horixe zen helburua azaroaren
azken egunean Leitzarantz abiatu naizenean. Eta Peru-Harri bere lur-eremu zabal
eta harrigarrira igo garenean Iparraldeko haizeak ez du solasaldia hoztu.
Euskonews aldizkarian argitaratuko dut hil honen 23an Iñakirekin izandako
elkarrizketa bat. Normalean egiten dudan ez bezala, elkarrizketatuari ez nion
aldez aurretik galdeketa igorri. Naturaltasuna nahiago zuela adierazi zidan.
Peru-Harriko eskultura baten ondoan |
Iñaki Perurena
euskal herri kiroletan sekula izan den pertsonaiarik adierazgarrienetakoa dela
adieraztea ez da arriskatzea. Beraz, herri kiroletako gizakumerik eraginkorrena
dugula sinatuko dut. Kirolari gisa eta, horren ondorioz, gizarte eragile moduan
uhin desberdinetan gure herriarenganako arreta piztu duen pertsonaia dugu
leitzarra. Gai izan da herri kirolarien gaineko topikoak hausteko eta hamaika
ikasgai eskaini ditu, han eta hemen, herriari zor zaion zintzotasun eta
onestasunaz. Berezko buru argitasunak gidatua, harriaren bidez herriari heldu
dio zentzu zabalean, eta bere soin-neurriekin bakarrik aldera genezakeen
eskuzabaltasuneko erakuspen jarraikiarekin dotoretu ditu euskaldunon hainbat
eremu.
Lerro hauekin bi
adibide eder doaz, iruditan. Bideo batean, Jose Migel Barandiaran zenari
buruzko bat bateko nire galderari ihardetsi zion, buru eta bihotzez. Bigarrenean,
Iñaki Perurena hurbileko bere egitasmo batez mintzatu zitzaidan.
Ados nago zurekin. Ez dugu Iñaki Perurena baloratzen merezi duen bezala, eta iritsiko da eguna konturatuko garela zenbat aportazio egin dizkion gure kulturari.
ErantzunEzabatuBesarkada handia,
Joxefe
Hala da Joxefe,ekarpen ederra egin baitu. Eta oraindik ez zaio iturria agortu. Besarkadarekin,
ErantzunEzabatuJosemari