Bistan da komunikazioaren mundua aldatzen ari dela abiadura itzelaz.
Idatzizko zein ikus-entzunezkoetako medioak iraultza lehergarrian ari dira,
euren negozioetako biharko formula zein daitekeen asmatu nahian. Formulak
etziko balioko ote duen beste gauza bat da. Bilakaeraren erritmoa ikusita
ezezkotan nago.
Internetek pikutara bidali zituen komunikazioaren ohiko koordenadak eta goizero
albiste berriren batekin gosaltzen dugu, berrikuntzen lasterketa amaigabeko
hurrengo maila zein izango ote igarri ezinik. Horren ondorioz, besteak beste,
kazetari profesionalen egoera ez da bat ere osasungarria. Espainiar estatuko
unibertsitateetatik lan merkatura urtean ateratzen diren 3.000 inguru kazetari
gazteetatik 500 batek lortzen bide dute medioren batean kontratatuta izatea.
Eta nolako baldintzetan, gainera!
Ia berrogei urte daramatzat euskal medioen ibilbide malkartsuan, gora eta
behera. Ez dut sekula gaurkoaren gisako noraeza profesionala ezagutu. Enpresak
etorkizun ilunean eta kazetariak zalantza maiuskuluan galduta: gehienak
eurek aukeratutako lan-esparruan inoiz aritu ahalko diren jakin gabe, eta
guztiak prekarietatearen ahotzarreko atarian kezkez josita.
"Kazetaririk gabe ez da kazetagintza; kazetagintzarik gabe ez da
demokraziarik" oihukatzen zuten arestian espainiar kazetari-kolektibokoen
elkarreratzeetan. Arrazoi osoz eginda ere, kazetagintzaren oinarrizko osagaia
baita kazetaria. Baina kazetagintza modu askotakoa zerbitza daiteke gaur
eguneko publikoaren gustua egiteko eta, zoritxarrez, ohitu egin gaituzte
kazetarien premia ez duen kazetagintza antzugarri eta alienagarri batera.
Euskal medioetan geure aletxoak agerrarazten nik bezainbeste eskarmentu dutenek
dakiten bezala, hastapen haietan ez genuen alboan euskal kazetari tituludunik.
Eta euskararen militantziak eraman gintuen komunikazioaren arlora,
kazetagintzaren oinarrizko kontzeptuak eurak ere menderatu gabe. Hil honen 14an
hogeita hamabost urte bete dira, Azitainen lagun taldetxo bat bildu ginela,
DEIAn euskarazko saila izango zela uste (eta desio) genuenari eite emateko. Han
geunden, Martin Ugalderen aginduetara, Amatiño, Anatsan, Mikel Atxaga, Mikel
Mendizabal, Antton Aranburu eta seiok. Militantzia hutsa. Garai hartan ez
genuen intrusismoarekiko beldurra ezagutzen.
A! Eta noski, ez zen geure burutik inoiz pasatu, lan harengatik ezer
kobratu behar genuenik. Horrelako baldintzetan abiatu ginenetako askotxok
oraindik ere musu truk segitzen dugu beharrean, askotan editoreen
indiferentziak matxakatuta. Kazetagintzaren modu bateko espezimenak izan gara,
baina zorionez ala zoritxarrez gizartearen bilakaerak estilo berriak jaioarazi
ditu, diferenteak. Eta bat ere dudarik gabe, maremagnum itzel honetan kazetari
onak behar ditugu.
Egungo kazetari profesional euskaldunek –inoiz baino gehiago eta sekula baino
jantziagoak ofizioari dagokionez- arazoak dituzte euren lanetik -hobe esanda,
titulutik- bizitzeko. Eta gainera intrusismoak toki hartu du, indartsu, munduko
beste edozein hizkuntzatakoan bezalaxe. Kazetariek aurre egin behar diote
egoerari, bakoitzak ahal dituen bitartekoekin, eta horiek zoritxarrez ez dira
asko.
Baina kazetarien lana beharrezkoa da gizartearen disekzio zintzoa angelu
guztietatik eduki dezagun. Demokraziak ez du egiazko betartea erakutsiko
kazetari profesionalen ekarpenik ezean. Gizarteari dagokio langile horientzako
baliabideak aurkitzea. Erronka ez da txantxetakoa. Kazetagintza zintzoan
sinesten dugunok ezin diogu bizkarra erantzukizunari, aurrean brunete
mediatiko, albiste-korporazio orojale asezin eta era askotako eragozpen
zurrunbilotsuak edukiko ditugun arren.
Argazkiak: kevin.lexblog.com; apu.org.uy