Ekonomikoki, izan
al daiteke txarragoa datorren urtea 2013 gertatu dena baino? Ditugun datu
eta erreferentziek ez digute itxaropenerako zirrikiturik uzten eta
hodeiertzean ez da ostarterik antzematen. Ongizatezko eraikina lurreratzen ari
zaigu, batzuen txaloen eta gehienon aiene antzuen artean.
Zor publikoa
bikoiztu egin da eta estatu aurrekontuetan ez dira inbertsio
eragingarrietarako aukerarik antzematen. Finantza sistemak ez du laguntzen eta
ekintzailetzarako bideak eragozpenez beteta ditugu. Langabezia altuarekin
ekingo diogu urte berriari eta enplegua sortzeko bitartekoak hain murritz eta
ahalkeak dira non desoseguaren itzala areagotuko da hainbat etxetan. Eta?
Ba, nork bere
zainak ebakitzea zeharo ezegokia izan daitekeenez gero ... arraunei lotuta bizi
behar izatea dagokigula; beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, txalupa kaira
hurbilduko badugu. Baina lotuta ez ezik tinko, gogor eta gogoz heldu beharko
zaie arraunei, kontrako haize erauntsiek eta uhin basatiek hondoratuko ez
bagaituzte.
Ahantz ditzagun paradisu artifizialeko postalen
distirak eta ohi gaitezen errealitate gordinera. Falta zaigun oinarri
sendoko ongizatea etengabeko ahalegin erantzuleak bakarrik ekar dezake. Saia
gaitezen, beraz, soberako arropak eranzten eta ildo egokian egongo gara. Urte klabea izan daiteke 2014.
Argazkia: Tere Anda