BILATU

abendua 09, 2013

FERNANDO ARGENTARI ZOR DIOT

Musika klasiko deitzen denak ez ninduen oso berandu arte harrapatu. Aitorpen soil eta borobila: aspertu egiten nintzen Tchaikowsky eta Chopinekin, Beatles edota Frank Zapparen musikaren erritmora goza nezakeen alderantzizko proportzioan.

Baina miraria gertatu zen: autoz egunero 200 kilometro egitera behartu ninduen bizitza-aldi batera egin nuen jauzi, eta gidatzeko orduak modu atsegin eta lasaian eramaten lagundu zidan irrati  batekin egin nuen topo: Radio Nacional de España, Radio Clásica. Eta dial hartan musikaren mundu  klasikoa digeritzen ahalbidetu zidan esku lagungarria aurkitu nuen: Fernando Argenta.

Hamabost urte izan ziren. "Clasicos populares" eguneroko saioaren bitartez Tchaikowsky, Chopin, Mozart, Arriaga eta musika unibertsaleko maisu handien musikaz maitemindu nintzen, betidanik british new wave edota west coast-ekoen ekarpenek tiratu nauten antzerako indarrarekin. Eta horren erruduna, hein handi batean, Argenta izan zen, bere modu sotil eta freskoaren sarean harrapatu baininduen.

Irrati kate harekin jarraitzen dut ibilbide luzeetako orduetan. Eta konexio horietan Fernandoren gaineko oroitzapena ekartzen dit maiz musikak, nahiz eta arrazoi administratiboak tarteko duela bost bat urte haren ahotsa ebatsi ziguten.  Orain  betiko itzali da harenganako zuzeneko konexioa, Fernando Argenta hil egin baita. Eta albistea irakurri dudanean, musika klasikoaz dakidantxoa Fernandori zor diodala berraitortu diot nire buruari. Ziur nago, dagoen tokian musika onaren hedapenaz arduratuko dela. Apunta nazatela!


Argazkia: www.rockcircus.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina