BILATU

demokrazia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
demokrazia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 15, 2024

HERRI-KONTSULTAK


Demokratikoa denik ezin uka,  baina  bere osotasunean erlatiboa gerta daiteke, batez ere ondorioen aplikazioari dagokionez. 

Partaidetza-kontsulten alde nago, betiere parte hartzearen oinarrizko alderdiak aintzat hartzen badituzte, hala nola, -adibidez-, ordezkari politikoek arazo zehatz bat ebazteko zeharoko ezintasuna, eta -gainera- ez badute inoiz ordezkaritza politikoa bere erabaki-eginkizunean erabat ordezten.

Auzotarrak kontsultarako prestatu eta deitzeak ez ditu deitzen dutenak ardura politikotik salbuesten. Ordezkari politikoak dira erabaki behar dutenak, eta ez diete inoiz herritarrei bota behar hautatu zituztenean bere gain hartu zuten betebeharraren zama. Herri-kontsulta batean, herritarra ezin da bere eginkizunean kontsultatua izateaz haratago joan.

Eta kontsultari inoiz ez zaio eman behar erabakigarrizko balio absolutu handiagorik, kontsulta sustatzen duen erakundeari hauteskunde-ordezkaritza edukitzeagatik dagokiona baino. Beste edozerk hauteslegoa zorabiatzea lekarke, eta horrek iruzurra eragin lezake. Horregatik herri-kontsultak, berez, ez du ordezten eragileen erantzukizuna.

martxoa 07, 2016

DEMOKRAZIAREN BILA



Europa demokratizatu behar dela entzuten ari gara    hedabide batzuetan, ez guztietan. Badirudi hiritar askok - gehienok garela esatera ausartuko nintzateke- Europari buruz dugun kontzeptua oso urruti dagoela Bruseleko politika-lapikoan mamitzen ari denetik.  Eta bata bestearen arteko desberdintasuna - gap deituko liokete europar funtzionario burutsuek- handitzen ari da egunez egun. Une hauetan Espainako alderdi politikoen arteko desenkontrua eskuetatik ihes egiten ari zaigun Europa politiko presoaren islapena hutsa da.

"Le Monde Diplomatique"ko Ignazio Ramonetek zioen elkarrizketa batean,  enpresa eta finantza botereek euren nagusitasunari euts diezaioten dagoela diseinatua Europar Batasuna. Eta politikarako balizko margena zeroren hurrena dela azpimarratzen zuen. Ramonetekin bat nator adieraztean Europako hiritarrek bizkarra eman diogula europar proiektuari. Erresuma Batuaren kapitulu lotsagarri berriaren ikusle pasiboak izan gara eta tabernako negoziaketa horretaz hiritar arruntetako inork ez duela ezertxo ere ulertu esango nuke. Eta, zer esanik ez, pasibotasun ikaragarriarekin ere segitzen ari gara Madrileko parlamentuko espektakulu lotsagarria.

Baina ezin gaitezke desenkantu eta hitz antzuetan gera. Hori nahi lukete botere guztiz ahaltsuek. Bidean ez etsitzea dagokigu, lantegi zaila dela dakigun arren. Hiritar arrunt xumeak zoritxarreko patu horri egin behar izan dio aurre, demokrazia inbentatu zenetik. Eta bidean segitzen dugu, egiazko demokraziaren bila.

urtarrila 26, 2015

AUZOKO (GREZIARRA)REN BIZARRA...



Badakizu zer egin behar den nork auzokoaren bizarra mozten dutela ikusten duenean. Eta orain zertan ibiliko dira Europako politikastro txit gorenak? Greziakoa estropezu bakartitzat hartuko al dute? Ala bateria guztiak martxan ipiniko al dituzte demokraziaren inbentoreen lurraldean gertatutakoa berriz eman ez dadin?
Atzo Greziak garbi utzi zuen kokoteraino dagoela ezkutuko botere itogarriekin. Bertako eta inongo indar faktikoek eragindako finantza zurrunbiloan leporaino sartuta, greziarrek ez dute inondik itxaropen puntu bat ere ikusten.
Pobreziak gora egin du, gizarte-maila ertaina desagertzear dago eta errenten arteko diferentziak areagotu egin dira. Eta irtenbidea ez zaiela azken hogeita hamar urteotan greziarrek eurek euren utzikerian elikatutako munstro ikusezin eta aseezinetatik etorriko erabaki dute. Itotzen badira borrokan hilko dira eta ez, politiko eta funtzionario  arrotzen bidez helarazten zaizkien aginduen eraginpean. 

Sinetsi nahi nuke eszenategi berri baten aurrean gaudela. Europako ekialdetik haize xaflada freskoa iristear dagoela pentsatu nahi dut, gure artean mimetismo itsugarriaren kariaz erreproduzitutako greziar gizartearen hanka sartzeak erauzteko.
Argazkiak: Wikipedia