"Neguan izan
zen" titulatu zuen Xabier Letek "Egunsentiaren esku izoztuak"
bere liburuaren azken atala. Eta Letek berak behin aipatu zuenez, atal horrek
eskaintzen zion zentzua liburuari eta, oro har, ordura arteko bere sortzaile
izatezko bizitzari.
Gertatu izan zait, pasa den negu gorriko asteburu izoztuan "Xabier
Lete (auto) biografia bat" irakurtzeko aukera izan dudala,
arrasatearrik oiartzundarrenak -Eusebio Iñarra- ekarri baitzidan liburua,
peronea hautsiaren errekuperazioak beharturiko entzerratze zama arinduko
zidalakoan. Eta asmatu zuen, bete-betean, eseraldi batean hasi eta bukatu
bainuen.
Xabier tratatzeko aukera izan nuen. Hain zuzen ere, autobiografian aipatzen
duen Sor Maria Luisa bere lehen maistra -"oso irakasle ona zen", dio-
nire izeba zen eta haren bitartez egin nuen Xabierrenganako aurreneko
hurbilketa. Oso azalekoa, baina Xabier abeslaria pittin bat gehiago ezagutzeko
ahalbidetu zidana.
Gero, 1983an, bera Kultura Zuzendari izendatu zuten Gipuzkoako Diputazioan eta
ni Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorderako hautatu ninduten. Harrez
geroztik eta bi urtez kontaktu zuzena izan genuen, batez ere gai
administratiboak tarteko. Ez zen, jakina, Xabier poeta ezagutzeko biderik
onena.
Euskal Idazleen Elkartearen baitan, ordea, ugaldu egin ziren 1985-90 urteetan
gu bion arteko hartu emanak, eta behin baino gehiagotan ireki zizkidaten
Xabierrek eta Lurdesek Urnietako beren etxeko ateak. Behinola afaltzera ere
joan ginen, gure kuitak elkarri kontatzeko. Poeta eta kantariaren sekretuak
hobeto ezagutzera heldu nintzen.
Tartetxo bat geroago, 1994tik aurrera, Eusko Ikaskuntzaren nire
betebeharretatik ere, maiz mintzatu ginen gai desberdin ugariz. Sekretu bat
azalduko dut: eman nahi izan genion Manuel Lekuona Saria. Ahaleginak egin
arren, alperrik gertatu zitzaidan, ez bainuen konbentzitu ahal izan. Banindoan
sakontzen poeta, abeslari eta mistikoaren nortasunean.
Baina Xabier joan zen gure artetik 2010ean, behin eta berriz eskatzen nion
elkarrizketa literarioa egin gabe. Bere nortasunak erakarrita, lehen kantak
entzun eta aurreneko poesia sorta irakurri nionetik, galdera mordoa neukan
Xabierri buruz-buruko batean planteatzeko. Ez nuen gauzatu ahal izan nire
asmoa, eta horixe daukat bihotzean arantza balitz bezala sartuta.
Neguko asteburu
hotz honetan, ordea, autobiografiaren irakurketaren bitartez nire balizko
galdera askori erantzuna eman die Xabierrek. Eta bere buruari eskainitako
erretratuan, berretsi dut Xabier gai izan zela munduaren mezua irakurtzeko.
Bizitza horixe bera baita: etengabe agertzen zaiguna irakurtzea eta
interpretatzea. Eta Leonardo Boff teologoak idatzita utzi zuen moduan,
iragankorrean iraunkorra irakur daiteke, denboraldi baterakoan eternoa eta
munduan Jainkoa. Xabierrek ideia sendo horretatik erritoak –Boffek sakramentuak
deituko lituzke- mamitzen jakin zuen,
haien bitartez bere bizitzarentzako eta, oro har, euskal komunitatearentzako
grazia sortzeko.
“Neguan
izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen hain maiteak zenituen
hartxoriekin batera...”