Asteburu eguzkitsua izan dugu eta udaren
hondarretan une baketsu eta goxoak disfrutatu ditut, munduko hainbat tokitan
-gugandik ez hain urruti ere- bortizkeria nardagarriaren zigorrak hiritarren
bizkarrak berotzen zituen bitartean. Patu miserablea, alajaina!, batzuen ongia
lortzeak gehiengoaren gaizkia adierazten duena.
Lurraren bira bakoitzeko tarte mugatuan ad infinitum luzatzen den zoritxar-soka dardaragarriak lotzen gaitu errealitatearekin eta giza espezieari buruzko zalantzak sortzen zaizkigu etengabe, horiek inoiz argibide izango ote duten ez jakitun geratzen garelarik. Hain sakona da gure axalkeria!
Bizitzaren liburu
egiatiak hamaika aldiz errepikatuko baligu eta egiaztapenen filma gure begien
aurrean behin eta berriz pasatuko balitz ere ez genuke ikasiko: lorpenik
bikainenak ez du inoren pairamendurik merezi, ez du kalte bat ere
justifikatzen. Baina gizon emakumeok hori ulertzerik ote dugun da asaldatzen
nauen aurreneko galdera nagusia. Gero besteak datoz.
Eta adinean aurrera noala, hainbat eta hainbat galdegai atzean eta
erantzun gabe uzten ari naizela, beste duda baten itzal luzeak sosegatu nahi
banindu bezala dabilela iruditzen zait: ez al zaigu aski izango gure baitan
ezezagunaren bila jarraikian aritzea, ihardespenik gabeko ezkutuetarako berezko
giza ezgaitasunaren aurrean etsitu barik? Izan al daiteke hori jainko
ezezagunarekin topo egiteko bidea?
Argazkia: Tere Anda
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina