BILATU

iraila 24, 2012

NEGUKO LOREAK

Duela gutxi irakurri diot egunkarian Arrasateko hiritar bati oso kezkatua dagoela, herriko biztanlegoa hartzen ari den adin maila altua dela-eta. Oi ene! Arazoa Arrasatekoa bakarrik balitz, gaitzerdi!

Egiaztapen mingotsa da hori, beste banaka batzuen arteko larrienetakoa. Gure gizartea -akomodatua, aburgesatua, alienatua- ibilbide malkartsuan dabilkigu, eta hortxe ari gara gu "partxe sorvirginia"ren antzeko erremedioekin, ageri zaizkion hutsune, gabezia eta noraezaren sintoma sakonak sendatu nahian. Noski zahartzen ari dela biztanlegoa! Eta esango nuke -frogatzerik ez dudan arren- zeinu positiboko jaiotze-tasa etorkinei dagokielako gure arteko bataz besteko indize defizitarioa ez dela larriagoa.


Zahartzaroa -jubilatu ondoko tartea- luzatzen ari; norbanakoa lanean hasi artekoa ere zabalagotzen ari; eta bitartean dagoen aldi gero eta laburragoa are murritzagoa bilakatu guran. Horixe dugu panorama, marra lodiz marraztuta. Jakin badakigu horrela segitzerik ez dagoela. Baina nondik heldu? Zein da gai soziologia berri honen aurrean auziari erroetatik heltzeko?

Arestian liburu eder bat eskuetaratu zait. Egilea arrasatearra dugu -barka Xabier nahita egindako hutsa- eta oro har mendebal zibilizazioaren bihar-etziz kezkatuta gauden guztiontzat guztiz gomendagarria iruditu zait testua, lehen orrialdetik bukaeraraino. Xabier Retegi Aiastui da, hausnarketarako trebezia beste behin erakutsi diguna, "Neguko loreak" tituluarekin erreflexio mamitsuak eskainiz.

Xabierrek bere zahartzaroko aldi gaztetik idazten du, mundu hobeago bat lortzearen aldera prozesu solidario baten barruan lan egitea dela gure bizitzari zentzu ematen diona azpimarratuz.  Eta gogoratzen digu, gizon-emakumeok berez ahalbide gehiago ditugula normalean erabilitakoak baino. Horrek - dio Xabierrek- ildo berrietarako norabideak marka diezazkiguke, askatasunetik zintzotasun etikoaz haiei heltzeko.

"Neguko loreak" eskarmentutik daude idatzita baina ez -bai zera!- ibilbide nostalgikoaren antzerako eszenategia aurkezteko. Aitzitik, ikuspegi baikor eta ilusioz beterikoan oinarritzen du egileak aurrerantz proposatzen digun jauzia. Proposamen ausarta -beraz, zaila- baina logikaz eraikia. Ez da ameskeria, utopikoa daitekeen arren. Ezen, utopiak nondik norakoak marka ditzake, amets hutsak ezerezean lurruntzen diren bitartean.

Retegik oinak lurrean fermuki jarrita gonbidatzen gaitu hausnarketara. Zahartzen ari den gizarteko kide adindua da eta horrek aginte morala eskaintzen dio, tentuz eta maitasunez borobildutako ideia argitsuetan. Hurrengo iraultza intelektualaren premian gaudelarik, egileak pauta batzuk oparitzen dizkigu, geure buruei galdegai gisa plantea diezazkiegun. Edozein aldaketak -txikiena ere- arrazoizkoa izango bada, galdera iraultzaileak behar ditu formulatu. Denboran lehen ala beranduago, iraultzak utopiaren beharra dauka eta, halaber, eskarmentuaren ongarria. Horregatik, Xabier Retegiren liburuak helburu bakar batera apuntatzen du: izan gaitezen ausartak eta jo dezagun goiko erpinera, nahiz eta bide aldapatsua izango dugun.  Saiakerak ekarriko du erantzuna; pasibotasunak, aitzitik, iluntasun isila.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina