BILATU

azaroa 30, 2020

ZUHAITZ GUZTIAK HILTZEN DIRA


 Era guztietako krisi sakonean sartuta gauden moduan egonda, badirudi disparatu egin dela hainbat pertsona eta erakunderen sasi ex-catedrako baieztapenak haizatzeko indarra. Auto konbentzimendu itxienetik diskurtso berun antzuak inposatzen ari zaizkigu, behin betikoak balira bezala. Baina niri iruditzen zait, eta ibilbide luzeko eskarmentuak babesten nau, oso konbentzimendu gutxi dela gure munduan. Areago, estutuko banindute, esango nuke ez dela bat ere. Dena dugu zalantzagarria, erlatiboa, eta pertsonoi utzi behar zaigu den-dena dudan jartzen, dogmatismo erlijioso, politiko, sozial edota kulturalean jausiko ez bagara.

Zientifikoek ez dakite dena, ezta politikoek ere. Are gutxiago, gaur honetaz eta bihar hartaz pulpitu margoaskotarikoetatik ari diren kontakatilu aurkeztezinek. Kreazionista santuek, darwinista petoek, negazionista itsuek, guztiek, jakin beharko lukete errealitate bakar nagusia gizakia dela eta horrek ere egunak zenbatuta dauzkala. Eta kontraesanik gordinenean, unibertsoaren mugagabetasunak mugak jartzen dizkio gure ezjakintasunari, gure ezintasunari.

Eta inork ez luke ahaztu beharko zuhaitzik handienak ere haize gogorrak botatzen dituela, txikiak ahuntzek jaten dituzten bitartean. Ikasgai aproposa, krisi honek ekarri dituen hainbat sasi jakilerentzat.

Argazkia: Ekain

 

azaroa 23, 2020

BELARRIPREST ETA ARINAIZETAK

 


Bederatzi urtez arinaizeta izan nintzen, peto-peto gainera. Hamahiru eta hogeita bien artean euskararekin jolastu nintzen, orain bai orain ez, aurten ikastaro batera apuntatuko naiz kolegioko irakasle euskaldun bakarrarekin, eta hurrengoan nire kabuz etxean jardungo dut Jon Oñatibiaren irrati-metodoarekin. Laburtuz, ez arre eta ez so. Baina nire buruari eta ingurukoenei ari nintzela adierazten nien... Horregatik nintzen arinaizeta, eta ni bezala beste “euskaldunguradutizan” asko eta asko. Hori bai, belarria beti prest, iristen zitzaidana ulertzen ote nuen kalkulatzeko. Gehienetan, etsipena nuen sari.

Eta gure gaitzizen zinbulu-zanbulugarri harez gain arinaizetar askok paparrean intsignia bat -artean ez genion pina esaten- eraman ohi genuen, ardo baso bat eta pezetaren hamar zentimoko txanpona irudikatzen zuena. Hura nahikoa zen euskararekin ari ginela lagun hurkoari hitzik esan gabe ezagutarazteko. Sasoi haietan oraingo belarriprestaren txapa argiegia, ausartegia izango zen helbururako.

Gustatzen zait belarriprestaren ekimena. Zorterik onena opa diot aurtengoan eta etorri beharko diren kanpaina guztietan. Belarriprestuek, berriz, nirea baino ibilbide laburragoa izatea espero dut, lehen bait lehen ahobizidun behar baititugu.

azaroa 16, 2020

FILOSOFIAREN ALDE


 
“Filosofiako apunteak” titulatu nuen, gazteleraz, 1966an Gasteizko Institutuan Don Juan Ruiz de Escudero apaizak irakasten zigun gaiaren daturik interesgarriekin betetako koadernoa. Berrogeita hamalau urte geroago berreskuratu dut koaderno hura eta gozatu egin dut berrirakurtzean. Ez dakit plazera piztu didan mende erdi pasatuxeko distantzia gainditu dudala frogatzeak ala hamazazpi urteko mukizu batek apunte haiek jasotzean zerakutsan inozotasunak. Agian biak izan dira eragileak.

Platon, Aristoteles, Sokrates... ageri dira lerro haietan irakaslearen aipuetara, batzuetan nik izkiriatutako kontzeptu ez oso ongi ulertuekin ala Don Juanen erlijio-moralak itxuraldatutako hitzekin mugatuta. Eta irribarretxoa loratu zait koadernoaren orrietan berriz murgil egitean, filosofia ez dela zientzia zehatza ostera geratu baitzait garbi. Peripatetikoak eta sokratikoak ez zihoazen bide bertsutik, nahiz eta bi korronteek gizakiaren zoriontasuna predikatzen zuten, eta Platonen maitasun platonikoak ez zeukan zerikusirik sexu grinarekin, nire hamazazpi urrun haietan alderantziz pentsa nezakeen arren.

Nolanahi ere, gauza batez nago konbentzituta: filosofia ez litzateke inoiz baztertu behar ikasketa-plangintza orokorretatik. Zientzia zehatzetan ez bezala, filosofiarekin erlatibizatzeko eremu zabala irekitzen zaigu eta aukera horretan datza, finean, bizitza bera.

Argazkia: Ekain

azaroa 08, 2020

AND THE WINNER IS...

 


Samurrena izango litzateke esatea demokrazia izan dela irabazlea, baina hori bagenekien aldez aurretik, erregimen totalitario ez den beste edozein politika-sistematan bezala, hautesle teorian askeek erabakitzen baitute, oraindik ere, AEBetako etorkizun hurbila.

Hauteskundeen osteko boto-zenbaketa luzexkaren ostean, Trumpek ez du irabazi, eta mundutik zehar haize ufada lasaigarri bat korritzen ari da, hainbat izpiritutan garaile izatezko sentsazioa piztu araziz. Bidenek kendu dio aginte makila Etxe Zuriko orain arteko egoiliarrari eta suzkoak bailiran erion dira hainbat eta hainbat eztarri errepublikazaletatik kexa eta zorigaiztoko proklamak, munduak ez duela irtenbiderik oihukatuz. Espainian eskuin muturrekoak – horiek ez dira errepublikaren aldekoak- ilun daude.

Trump aurkeztezinak ez du aurreko hauteskundeetako zortea izan eta orduan bultzatu zuten korporazio, enpresa eta erakunde asko orain pozik ageri dira, «blond clown »ek kasurik egin ez dieneko lau urte ekonomiko txar pairatu ondoren, galdutakoa berreskuratu ahal izango dutelakoan baitaude, Obamaren eskuineko eskuaren itzalpean.

Biden ipini dute boterean boteretsuek – eta hiritarren gogaitzeak ere, jakina- eta orain ongi etorriko zeremoniari ekingo zaio, garaileek «eta nireaz, zer?» txeketegia eskuan astinduz  itaunduko dioten bitartean. Ba hori, lehen bezala... edo antzerako. Dena den, agian espektakulu berri baterako sarrerak ipiniko ditu eskuragai tronurik gabeko pailazoak. Eta zirkoak numero harrigarriren bat eskain lezake oraindik ere.

azaroa 02, 2020

ZER GERTATUKO DA BIHAR?

 

 Azaroaren lehen asteartean munduko arazorik handienetako baten gainean erabakiko da, gugandik urrun geografikoki, baina deliberamenduaren ondorioek bete-betean harrapatuko gaituzte, gu ere - batzuetan alderantziz dela pentsa genezakeen arren- mundu honetakoak baikara, oraingoz behintzat. Ameriketako Estatu Batuetako hiritarrek aukera dute, duela lau urte atzeko atetik sartu zitzaien giza-birus aurkeztezina Etxe Zuritik botatzeko. Ikusiko dugu zer nolako joko zikina duten oraingoan prestatuta trumpeteroek, eta berriz ere, gizateriaren lotsarako, garaile bihurtzen den newyorkiarra.

AEBetan denetatik gerta daiteke. Ohituta gaude espektakulu sinestezinetara. Askatasunaren herria madarikazioak hartu ei zuen independentziako egunetik bertatik eta amerikar mirariaren espektro tetrikoak milioika estatubatuarren miseria material eta izpirituala ahalbidetu du, luzera, zabalera eta sakonerakoan. Errealitatea gordinagotzen duena da, AEB munduko herrialderik boteretsuena dela, eta horrek guganaino helarazten ditu morrontzaren txinpartak.

Bihar, azaroak 3, zentzuzko tronpetek joko balute “public danger number one” zokoratzeko bidea irekiko litzaieke iparramerikarrei eta gure arnas estua arinduko litzateke. Primeran letorkigukeena, gainera erortzen ari zaigun guztiarekin. Eta ez nagokio bakarrik Covid19ri.