Samurrena izango litzateke esatea demokrazia izan dela irabazlea, baina hori bagenekien aldez aurretik, erregimen totalitario ez den beste edozein politika-sistematan bezala, hautesle teorian askeek erabakitzen baitute, oraindik ere, AEBetako etorkizun hurbila.
Hauteskundeen osteko boto-zenbaketa luzexkaren ostean, Trumpek ez du irabazi, eta mundutik zehar haize ufada lasaigarri bat korritzen ari da, hainbat izpiritutan garaile izatezko sentsazioa piztu araziz. Bidenek kendu dio aginte makila Etxe Zuriko orain arteko egoiliarrari eta suzkoak bailiran erion dira hainbat eta hainbat eztarri errepublikazaletatik kexa eta zorigaiztoko proklamak, munduak ez duela irtenbiderik oihukatuz. Espainian eskuin muturrekoak – horiek ez dira errepublikaren aldekoak- ilun daude.
Trump aurkeztezinak ez du aurreko hauteskundeetako zortea izan eta orduan bultzatu zuten korporazio, enpresa eta erakunde asko orain pozik ageri dira, «blond clown »ek kasurik egin ez dieneko lau urte ekonomiko txar pairatu ondoren, galdutakoa berreskuratu ahal izango dutelakoan baitaude, Obamaren eskuineko eskuaren itzalpean.
Biden ipini dute boterean boteretsuek – eta hiritarren gogaitzeak ere, jakina- eta orain ongi etorriko zeremoniari ekingo zaio, garaileek «eta nireaz, zer?» txeketegia eskuan astinduz itaunduko dioten bitartean. Ba hori, lehen bezala... edo antzerako. Dena den, agian espektakulu berri baterako sarrerak ipiniko ditu eskuragai tronurik gabeko pailazoak. Eta zirkoak numero harrigarriren bat eskain lezake oraindik ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina