Botswanatik omen
gatoz eta hemen gaude gu, lasai asko. Gure lehen giza-arrastoak Afrikako
lurralde hartan sortu bide
zituztela adierazi dute Australiako ikerlari batzuek
eta albisteak oihartzun txiki bat izan du zientzia zirkulu hertsi batzuetan
eta, esango nuke, ia bat ere ez gure artean. Ezen, eskuarki, gu ez gara ohetik
jaikitzen gure gizaterian zeharreko ibilbidea non eta noiz hasiko ote zen jakin
min. Ni behintzat ez. Nahikoa daukat norantz apuntatzen ari garen asmatzeko
ariketa konplikatuarekin.Berrehun mila urtetako antzinatasuna egozten die aipatu ikerketa horrek gure lehen amona-aitona eragileei. Atzo bertan, unibertsoaren adinarekin alderatuta baina eternitate bat nireari begira, izan ere lehengoan irakurri nuen auto batek hirurogeita bi urteko agure bat harrapatu zuela zebra bide batean. Eta dardaran utzi ninduen nire hirurogeita hamarretan.
Ikerketa horri berehala atera zaizkio teoria kontrajarriak, eboluzionismoaren gau ilunaren bila mundu osoan ari diren milaka ikerlari burutsuetako inor ez baitago prest bere diskurtsoari uko egiteko. Eta, beraz, lantzean behin bakoitzak bere turuta jo behar du, komunitate zientifikoari eta, oro har, gizateriari “hementxe nago” argi eta garbi iragartzeko. Darwin zale eta defendatzailea naizen arren, erakusle frogatuetan oinarrituz etorkizuneko aukerak ikertzea eta eztabaidatzea nahiago dut.