BILATU

Jose Miguel Barandiaran etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Jose Miguel Barandiaran etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 23, 2026

UMANDI ALDARRIKATUZ

 


Naturak kapritxoa izaten du noizean behin, eta soin txikiko gizon-emakumeak forjatzen ditu, bizitzan zeharreko bilakaeran erraldoi bihurtzen direnak. Euskal memoria kolektiboan, Jose Miguel de Barandiaran agertzen da lehenik. Gorputz txikia, balentria handiak. Beste adibide bat, lehenengoaren garaikidea, Andoni Urrestarazu "Umandi" da, Araiakoa, arabarra, benetako borrokalaria berak funtsezkotzat jotzen zuenaren alde: bere hizkuntza zaharrean oinarritutako kultura. Bi gizonak ezagutzeko pribilegio handia izan nuen, eta ohore handia da niretzat haien lagun izana.

Duela egun batzuk albiste bat jaso nuen, lerro hauei laguntzen dien argazkiarekin. Eta izututa geratu nintzen. Bere garaian Jesus Mari Alegria "Pinttu"-k Jose Karlos  Marcote margolariari eskatutako obra bat da, 1990ean Araian arte garaikideko museo bat sortzeko hark abian jarri zuen proiektu baten barruan. Museoaren helburua bikoitza zen: Umandi euskaltzalea omentzea, eta Araia kultura eta artearen gune bihurtzea. Hogeita bost artista, besteak beste, Nestor Basterretxea, Josetxu Aguirre, Iñaki Cerrajería eta Daniel Castillejo bezalakoak, batu ziren proiektura. 

Hiru hamarkada geroago, 1990ean Umandi Araiako Seme Kuttun izendatu zutela oroitzeko sortutako margolana, eta museoaren bildumara gehitu behar zena, ganbara batean ahaztuta dago, euskaltzale handiaren ahoa zinta itsasgarriz estalita —basakeria kulturalaren erakusgarri argia—. Uste nuen Araiako udal agintarien sentsibilitate kulturala maila altuagoan zegoela. Argazki honek zalantzan jarri nau.

Euskararen alde gutxik bezala borrokatu zuen gizona, hemen eta atzerrian gure Herriaren errealitatea zabaltzeari bizitza eskaini zion gizakumea, bertako eta kanpoko erakunderen sariak jaso zituena, herrien arteko bakea bere indar guztiarekin sustatu zuena, Gasteizko ikastola bati izena eman zion pertsonaia erraldoia… horrek, Umandik, pertsona zintzo guztien errespetua merezi du, bere herrikideena barne.

 

 

abuztua 30, 2021

ARDIEI ERAKUSTEN

 

Jose Miguel Barandiaranek esan ohi zuen, Gasteizko Apaiztegiko irakasleen artean bazela munduaren sorkuntzako data duela 4.500 urte inguru finkatzen zuena, eta fosilak jainkoak bere eskuz ezkutatu zituela zioena, behin guk aurkituz gero gizakion fedea frogan jartzeko. Kreazionismoaren teoria itsua ez zihoan Ataungo jakintsuarekin, eta horregatik elizaren itsukeria basatia pairatu behar izan zuen askotan.

Gogora etorri zait aurrekoa, Juan Eslava Galan ”El catolicismo explicado a las ovejas” liburua irakurtzean. Ordu politak ematen lagundu dit testu joriak, nire fedean ardien letxe hezi nindutela egiaztatzeaz bat behin baino gehiagotan irribarrea loratu baita nire ezpainetan. Egiari zor, ez nau arduratzen artaldeko kide arrunt bat bezala tratatu izanak, iraganekoa iragan baita. Argitu behar dut, gainera, azken denboretan nire burua kristau ez fededuntzat hartzen dudala, kontraesana irudi daitekeen arren erabat osagarriak baitzaizkit, ezin dut-eta nire heziketa kristaua gainetik uxatu (beharbada, ezta gura ere) ... jainkoaren grazia hierarkizatua esklabo izatearen sinonimo itxia den arren. Biak batera egonda eroso sentiarazten naute.

Juan Eslava Galanen liburuak ez dakarkigu jainkoaren gaineko argitasun betierekoa, alde batetik egilea nobelagiletzat baitauka bere burua eta ez inongo jainkoren ordezkaritzat, eta bigarrenez teologia berez zientzia iluna delako. Baina trebetasun ikaragarria darakutsa idazleak gugan ardien kontzientzia astintzeko. Gero, noski,  bakoitzaren aukeran dago artaldeko norbanako izaten segitzea ala ez. Hori dela eta, liburuaren irakurketa gomendatuko nuke. Kreazionista, fededun itsuak eta antzerakoak abstenitu.

otsaila 23, 2015

THEODORAKIS ETA BARANDIARAN


Jose Migel Barandiaran 1940ean

Ostegun gaua. Jose Migel Barandiaran zenaren gaineko hitzaldi mamitsu bat Alvaro Arrizabalagari entzun ondoren etxerantz nentorren Bilbotik. Kotxeko joan etorrien zama arintzen laguntzen didan RNE-clas kateak Mikis Theodorakis handiaren musika ekarri zidan, konpositoreari buruzko datu batzuekin batera. 

Ondorioz, nire baitan Theodorakis eta Barandiaranen irudi erraldoiek toki hartu zuten, euskaldunak eta greziarrak bizitza paralelo samarrak eraman baitzituzten XX.aren berrogeietan. Biek erbestearen garraztasuna pairatu zuten, Europan nagusitzen ari zen faxismoaren hatzaparretan preso. Munstro haren itzal luzeak jazarri zituen bi intelektualak.

1940ko eskutitza
Adibide adierazgarri gisa, Barandiaranek 1940an Miarritzen jasotako eskutitza dugu, Museo del Pueblo Españolen agintariek bidalia: "Este Museo no quiere tener relaciones con Vd. Seguramente por su estancia en Francia no se ha enterado de que entre los vascos separatistas y nosotros hay medio miilon de muertos, de héroes y de mártires que lo hacen imposible. Le saluda brazo en alto. José Pérez de Barradas" Interesgarria da, oso, eskutitzaren aurrean Barandiaranek egiten duen hausnarketa. 

Theodorakis, Barandiaranen aldean askoz gazteagoa, garai hartan torturatua izan zen greziar erresistentzian Alemania eta Italiako ejertzitoen kontra jarduteagatik. "Infernuko greziarra zara zu, madarikatua, eta infernura bidaliko zaitugu" bota zioten kartzelariek hilkutxa batean sartzen zuten bitartean.

Mikis Thedorakis
Barandiaran eta Theodorakis garaile atera ziren inguratu zituen mamu hilgarriaren garroetatik. Eta denborarekin, bakoitzak bere bidetik eta bitartekoak medio, euren herrien ezinbesteko zutabe etikoak bilakatu ziren. Barandiaranek esan ohi zuen berari gustatuko zitzaiola, maitatzea maite zuelako gogoratua izatea. Theodorakisek aurtengo urtarrilean honako aitorpena egin du: “Eurotaldea eta bere lehendakari holandarra ditut torturatzen nauten irudiak. Nik gauza asko bizi behar izan ditut, sinpleki greziarra naizelako eta horregatik ez dut boteretsuen gurariei eutsi behar bakarrik, baizik eta burua makurtzea eta horiek maitatzea ere ikasi behar dut” 

Geroko belaunaldientzako eredu sendoak ditugu Theodorakis eta Barandiaran, hain zuzen ere euskaldun eta greziar izatezko harrotasunean irauteko.



http://www.fentmuntanyaiformacio.es


Argazkiak: 
http://www.mikis-theodorakis.net ; http://www.barandiaranfundazioa.com



 

apirila 07, 2011

ZEIN DA ZAHARRENA?


Ignacio Barandiaran arkeologoa elkarrizketatu nuen atzo, Euskonewserako. Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko katedradun emeritoak bere bizitzaren pasarte batzuk aletu zizkidan, solasaldi luze batean. Eta kontu-kontari horretan, aurten Jose Miguel Barandiaran hil zela hogei urte betetzen direnez gero, Ataungo jakintsuari buruz ere mintzatu ginen. Ignacio haren ikasle izan zen, eta oso ongi ezagutu zuen ataundarra.

Oraindik ere indusketa lanetara gogoz agertzen den aditu honek honako anekdota hau kontatu zidan, besteak beste:

Behin joan zitzaizkion ikastolaren bateko haur batzuk Don Jose Migueli, eta honek –guztiokin egiten zuen bezala- harrera ona eskaini zien eta zortzi-hamar urteko ume haiei azalpenak ematen hasi zitzaien. Haur haietako bat despistatu samar zebilen eta ez zion jaramon handirik egiten. Don Jose Miguelek, berriz, haren arreta irabazi nahi izan zuen, baina bigarren ume batek ahopeka bota zion despistatuari:

- Ez egin kasu zahar horri!

Don Jose Miguelek entzun zuen hori eta berarengana hurbilduz bota zion:

- Zu eta bion artean, ni ez naiz zu baino zaharragoa ezta zu ni baino. Zaharrena lehenen hiltzen dena izango da.


Ignacio Barandiaranen adierazpen hori, bide honetan ikus daiteke:

http://www.youtube.com/watch?v=WtdYOPB0uJg