Ignacio Barandiaran arkeologoa elkarrizketatu nuen atzo, Euskonewserako. Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko katedradun emeritoak bere bizitzaren pasarte batzuk aletu zizkidan, solasaldi luze batean. Eta kontu-kontari horretan, aurten Jose Miguel Barandiaran hil zela hogei urte betetzen direnez gero, Ataungo jakintsuari buruz ere mintzatu ginen. Ignacio haren ikasle izan zen, eta oso ongi ezagutu zuen ataundarra.
Oraindik ere indusketa lanetara gogoz agertzen den aditu honek honako anekdota hau kontatu zidan, besteak beste:
“Behin joan zitzaizkion ikastolaren bateko haur batzuk Don Jose Migueli, eta honek –guztiokin egiten zuen bezala- harrera ona eskaini zien eta zortzi-hamar urteko ume haiei azalpenak ematen hasi zitzaien. Haur haietako bat despistatu samar zebilen eta ez zion jaramon handirik egiten. Don Jose Miguelek, berriz, haren arreta irabazi nahi izan zuen, baina bigarren ume batek ahopeka bota zion despistatuari:
- Ez egin kasu zahar horri!
Don Jose Miguelek entzun zuen hori eta berarengana hurbilduz bota zion:
- Zu eta bion artean, ni ez naiz zu baino zaharragoa ezta zu ni baino. Zaharrena lehenen hiltzen dena izango da.
Ignacio Barandiaranen adierazpen hori, bide honetan ikus daiteke:
http://www.youtube.com/watch?v=WtdYOPB0uJg
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina