Julio Galarta hil da. Arrasateko pintorea gaur –apirilak 25- joan zaigu, 94 urterekin. Eta euskal pinturak azken urteotako bere ordezkaririk adierazkorrenetakoa galtzen du. Ez dira debaldeko hitzak, inondik ere. Julioren ibilbidea jarraitu duenak jakin badaki zein nolako maila izan duen Galartaren arteak eta zein nolako ekarpena burutu duen arrasatearrak euskal mundu artistikoan, muga guztien gainetik.
Galartaren gaineko laudorioak ordu honetan egitea tokiz kanpoko ariketa iruditzen zait. Azken orduko keinu guztiak soberan daude. Orain egin behar duguna, berriz, geure baitan biltzea da, betiko itzali zaigun artistari buruzko hausnarketa txiki batean. Julio Galarta gizon erraldoia izan da, mugarik gabea, eta aukera paregabea dugu une hauetan, hark bizitza luzean eman duenaz jabe gaitezen.
Ostiral sainduan amaitu nuen Galartaren inguruko idazkiño bat, Arrasateko lagun talde batek datorren ekainean eratu nahi dion omenezko ekitaldiko katalogoa izango denaren osagarri gisa. Harekiko nire sentimenduak, beraz, pil-pilean daude eta nahiago dut bihotzak eskatzen didana orain ez azaltzea. Isilpeko gogo-zubitik helduko naiz orain Juliorengana, eta segituko dut hitz egiten berarekin, azken lau hamarkadatan egin dugun bezalaxe, soseguz, zalapartarik gabe.
Arrasateko tanatorioan jarri den hil-kaperan eta bihar izango diren hiletetan azken aurreko aukera dugu Julio Galarta pintore, maisu, adiskideari ohorezko agurra eskaintzeko. Gero gerokoa.
Argazkia: Julio, Aretxabaletako Egoitzan, 11-03-24an
Bideo batzuk, berarekin egin ditudanak, erreportaje luzeago baterako grabatuak:
http://www.youtube.com/watch?v=tJFqjUt7WDU
http://www.youtube.com/watch?v=4SXRHk3whno
http://www.youtube.com/watch?v=BHzDnMBelxw
http://www.youtube.com/watch?v=4aTkaUVeZEQ
Josemari, milesker bideoak gurekin partekatzeagatik. Goian bego!
ErantzunEzabatuEz horregatik! Juliok nahi izan du horrela izatea, eta niri haren nahia betetzea dagokit.
ErantzunEzabatuIzan ongi!
Mila esker informazioagatik, Josemari. Julioren heriotzak pena handia eman dit, gizon ona eta atsegina izan baitzen beti. Arrasate Press eta Arrasate Telebistaren garaian izan nuen tratua berarekin, eta gizon paregabea iruditu zitzaidan beti. Gure etxean haren margolan bat zegoen, Gellao auzoan egindakoa, gure amaren enkarguz egina.
ErantzunEzabatuHala da, bai, Joxe. Gizon jatorra zen, eskuzabala.
ErantzunEzabatuOngi ibili eta eskerrik asko.