BILATU

iraultza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
iraultza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urria 06, 2025

LIBURUETAN DAGO IRAULTZA


Gazte asko harrituta geratuko lirateke jakingo balute zein azkar kontsumitzen dugun adinekook literatura, etxeko
liburutegiaren apal batean ahaztuta dagoen liburuan, edo 
bere garaian hunkitu gintuen testua berreskuratuta emozio berrien bila. Edo baita irakurgai berrietara hurbilduz ere. Liburuak jarrerak aldatzeko palanka dira, ezagutza maila altuagoetara abiatzeko jauzi-oinarriak, eta, batez ere, hazteko gogoz, bizitzak etengabe ezartzen digun zama arintzeko aukeraren bila gabiltzanontzako bake-babeslekua.

Voltairerekin ados nago liburuek arrazoia, tolerantzia eta pentsamendu askatasuna sustatu behar dituztela dioenean, dogma finkatuak zalantzan jartzeraino. Nik esango nuke, batez ere, ortodoxiatik ihes egiteko balio behar digutela. Eta esaten dudanak kontraesankorra dirudi historian gehien irakurri diren liburuak ortodoxiaren paradigmak direla kontuan hartzen badugu: Biblia eta Korana, eta hurbil jarraitzen dien Torah.

Liburuek irekiagoak, malguagoak egin gaitzakete. Baldintza bakarrarekin: adimen irekiarekin hurbiltzea. Beti iruditu zait liburuetan dagoela iraultza. Adinak erlatibistago bihurtu nau; beraz, iraganeko beldur asko lurrundu zaizkit, eta sentsazioak eta emozio berriak gordetzeko leku asko daukat.

Argazkia: creandoutopías

otsaila 12, 2024

TRAKTORE GEHIAGO BEHAR DIRA


Traktorezaleen oldarrak ezer garbi utzi badu, politikoen hauskortasuna izan da.

Ez dut baloratu nahi matxinada indar erreakzionarioek edo nekazariak defendatzen dituzten sindikatuek eragin duten. Elementu mobilizatzaileari buruzko eztabaida lekuz kanpokoa iruditzen zait, garrantzitsua emaitza baita. Eta uste dut traktoreek lortu dutela, lehenik eta behin, zeharo alienatuta den gizartea bere lozorroan apurtxo bat deseroso sentiaraztea eta, bestetik, bere arau "globalizatuekin" mundua zurruntzea erabaki duen kasta politikoa izutzea. Itzalpean zirkuko hariak tiratzen dituzten planetaren jabeen morroiek beldur handia diote edozein mobilizazio antolatu kolektiboari.

Protestak sistema ekonomikoaren puntu ahulak ukitzen dituenean, gertaeren bilakaera, berehalakoa izateaz gain, aldaketa baten azeleratzailea izan daiteke, iraultzailea ez bada ere, eta eragin positiboa izan dezake protestaren eragileengan. Hau da, antolatutako protestaren aurrean status quo-ak dar-dar egiten du. Beti gertatu izan da horrela eta XX.mendea diodanaren erakusleiho izan zen, maila guztietan.

Gertatutakoa ikusita, munduko gizartea animatuko nuke traktore gidariak kontratatzera aldian behin kalera atera daitezen, munduan gosetea desagertzearen alde, bakearen alde, herri guztien garapen ekonomiko eta giza garapenaren alde, eta abar luzearen alde borrokatzeko.

Argazkia: EFE


urria 03, 2011

KRISI ALA IRAULTZA?


 
Krisi ekonomikoaren eraginez sektore publikoko langileen ordezkarien kopurua murrizten ari dela irakurri nuen lehengoan. Ez dakidan zer artikulaturen arau bat aplikatuz, badirudi langile publiko horien interesak defenda litzaketen sindikalisten eragina, kantitatez bederen, txikiagoa izango dela aurrerantzean. Ez dut ezagutzen zein erantzun izan duen erabaki horrek langileen kolektibotik, baina pentsatzera ematen du, jatorrian behintzat, ekintza sindikalistan ondorioa izango zuela.




Krisi ekonomikoa aipatzen da bazter guztietan eta egia da zuloan gaudela, guk geuk urtetako gure iharduera itsuarekin sortutako zuloan, hain zuzen. Horregatik, krisi hitza besteren batekin ordezkatzeko garaia iritsi delakoan naukazue. Krisiak abaguneko zerbait adierazten du, egituran gerta daitekeen uneko fenomenoa, alegia.  Krisiak denboran irauten badu, krisia ez baizik iraultza bihur daiteke. Eta ene ustez, iraultza baten atarian gaude; behintzat, nolakotasun guztiak ematen ari dira iraultzan pentsatzen jar gaitezen. Egoeraz konturatu ote garen ala ez, beste gauza bat da. Zoritxarrez, errealitatea da segitzen dugula erabiltzen krisi hitza, galdutako “ontasunezko” denboren esperantzan gaudelako, nonbait. Eta gure politiko zein sindikalistek ez gaituzte errakuntza horretatik ateratzen, eurak ere itsu daudelako, ala –posible litzateke- ezgai direlako.

Eszenategi berri bat diseinatu behar da gure bizitzarako. Eta orain artekoa ez bezala, obra berri bat eszenifikatu behar du gizarte osoak, munduko antzokiak guztientzako aukera eskainiko badu. Horregatik, iraultza eragiteko prest ez ezik, partaide aktibo izateko borondatea aurkeztu behar du gizabanako bakoitzak. Iraultza handi bat ordezkaritza-sisteman, iraultza enpresen sorkuntza eta kudeaketan, iraultza hezkuntzan, iraultza bizitza-kalitatean eta, oro har, iraultza gure bizimodu arruntarekin zerikusirik duten arlo guztietan.


Hori bai, krisi ekonomikoari partxeak jartzeak ez du iraultzarako ildoa erraztuko, krisia bera iraunaraziko baizik. Arazoa gizarte-egituran dago, eta paradigma aldatzeak gaur egungo sistema hankaz gora jartzera behartzen gaitu. Eta, zoritxarrez, ez ditut ohiko alderdi politiko zein sindikatuak egiaztapen horrekin oso ados ikusten. Behintzat ez zaie euren aitorpenetan aldakuntza integralerako borondaterik igartzen.



Argazkia: peatonet.blogspot.com