BILATU

abendua 30, 2019

BELENA ETA OLENTZERO, BURU TRINTXERAK SOBERAN


Jaietako zurrunbiloan sartuta, urte zaharrari ipurdia erretzeko prestatzen ari garela,  egunotan bizi izan dudan sentsazio bati eman nahi diot tokitxoa ondoko lerroetan.
Aitortzen dut betidanik ditudala jaiotzak atsegin. Arrasateko Ozteko-Etxeko lagunek nire haurtzaroan urtero jartzen zuten belen erraldoi hura -  baliteke nire irudimen txikiarekin alderatzen nuelako- oraindik barnean grabatuta daukat, gero eta sofistikatuagoak erakusten zaizkigun jaiotza bitxi ulergaitzak bisitatzen ditudan bitartean. Ikusi ahal izan ditut artzain motorizatuak, hegazkinean iristen diren erregeak, Star Warseko sekuentziaren batetik aterata diruditen Herodesak, ... Baina oraindik ez dut inoiz Olentzero bat aurkitu portalearen inguruan, nahiz eta "aditu duenean Jesus jaio dela..."

Bestalde, aurten ere hamaika aldiz abestu ditut Olentzeroren kopla desberdinak... Areago, umeentzat prestatutako ipuin antzeztu baten errepresentazio ederraren ikusle izan naiz. Eta ohartu naiz Olentzero gizaraxoari ostu egin zaiola Belengo umea jaio zeneko albistearen emaile izatea... Olentzero ikazkina, bixigu zalea, jentilen lagun mina, eta beste hainbat nolakotasunekin disfrutatu ahal izan dut arlotea, baina ihes egin dit kristau aleak. Badirudi Olentzeroren nortasun agirian ezabatu dutela askok haren ibilaldiko mugarri hori. 

Gustatuko litzaidake belenismoa irekita egotea jainko-sinesmeneko heterodoxentzat edota fededun ez izan arren historia eta artea maite dugunontzat; eta halaber nahi nuke datozen belaunaldiei transmititzea, kristauentzat historikoki zerbait adierazi zuela Olentzerok. Belen eta Olentzero ez lirateke elkarren arerio izan beharko, azken finean enbor bereko adarrak baitira eta biek galdegai berdinari eman nahi diote erantzuna. Garbi daukat buru-trintxerak desagerrarazi behar ditugula gugan, komuneko espazioen mesedetan.

Argazkia: Zarauzko hitza 

abendua 23, 2019

ISILTASUNETIK


Maite ditudanek badakite urte osoan maite ditudala. Kuttun zaizkidanek ezagutzen dute beti nagoela beraiekin, eta ez diedala urtearen sasoi honetako mezua helarazi behar, sentimenduzko jario etengabea korritzen baita gure artean, bi norabideetan.

Abenduko data hauetan fabrikatu eta elkarri bidaltzen zaizkion eslogan, ohar, komunikazio, iragarkiak soberan ditudala pentsatu izan dut, pertsonak hipokresiazko geruza batek estaltzen gaituela ohartu nintzenetik, hots aspalditik. Zirkulu minenekoak nire gogoaren luzapena ditut. Eta ariketa absurdutzat daukat ezertatik kontaktu izan ez dudanari ezer opatzea; papera besterik ez daukan erregalia oparitzearen gisako absurdua. Edota adar jotze hutsa.

Segituko dut adiskidetasunaren zelaia egunero ongarritzen, eta gogoz arituko naiz belar gaiztoak ekiditen, sentimendu baikorren eremua bizirik iraunarazteko.


Argazkia: JMVM

abendua 16, 2019

ZERGATIK EZ IZENBAKO?


Gernikako estatutuaren ondorengoak ez dauka eskuduntza eremurik. Egia bada izena duen guztia badela, zer gertatzen da izenik ez duenarekin? Ez al da existitzen? Ez derrigorrez, gurea izan baita. Baina Gernikakoa ordezka lezakeenaren testua zalantza usainik dario, ez baitute adituek zirriborrorako behintzat izen egokirik aurkitu.

Frakak bete lan dauka Iñaki Azkoagak bere ahalegin sufrituan gure esparru geografikorako deitura aproposa bilatzen ari. Orain arteko Euskal Herria, Euskadi, Euskaria, Vasconia, Vascongadas, Basque Country, Pays Basque... izenei beste batzuk gehitu bide zaizkie estatutuaren aurreproiekturako lanean ibili direnen aldetik: euskal foru komunitatea, euskal nazio komunitatea, euskal estatu autonomoa edo foru estatua. Benetako labirinto zaila aurrean daukaguna, balizko izen horien koktel buru nahastaileak arras k.o utz gaitzakeelarik.

Puntu honetara helduta, beste Iñaki batez oroitu naiz, Meñaka adiskide bermeotarra, hain zuzen, iragan mendeko hirurogeietan koadrilako lagunekin euren herrian denbora pasa egiteko lokal txiki bat alokatu zuena. Zer izen eman eta ados jartzen ez zirenez, azkenik Izenbako bataiatu zuten. Eta izen ponpoxo horren itzalean ehundu zuten bermeotar haiek euren komunitate txikia. Suposatzen dut Josu Erkorekak istorio horren berri edukiko duela. Bada, hori, Izenbako. Fonetikoki ez dago gaizki.

Argazkia: JMVM

abendua 15, 2019

MUNILLA, QUO VADIS?


Munillaren jarrera atzerakoi eta kezkagarriarekin bat ez datozen mila bat kristau Arantzazuko santutegira biltzen
ziren bitartean, Gipuzkoako gotzaindegiaren titularrak “una de reliquias” eskaintzen zuen Artzai Ona bere gotorlekuan. Eliztarrak elkarrekiko hurbiltasun bero konprometituaren aldeko erregua egiten ari zirela, Gipuzkoako elizaburuak erlikia batzuen opari loerazle zentzugabearekin erantzuten zuen.

Munillarengandik bi mila argi-urtetara nagoela aitortuta, euskal eliza katolikoaren eguneko hierarkiari ezetz borobila eman behar diot nire txikitasunetik. Ez naiz egokiena kritika egiteko, hori badakit, elizarekin lotzen ninduen zilbor-este gaixobera arras blokeatu baitzidan hierarkia horrek. Ez nintzen sentitu indarrekin barrundik aurre egiteko, eta kanpaina-denda kanpoan jarri nuen aspaldi, denbora hobeen zain.

Hala ere, egokiena ez naizela ezagutu arren, Munilla kristauentzako arrisku bat dela oihukatu nahi dut, ozen eta garbi. Eta Abaitua, Setien, Pagola, Agirre eta beste teologo pentsalarien idazkiekin jarraituko dudala agintzen dut, petralkeria munillakoi ororen gainetik.


Argazkia: JMVM

abendua 09, 2019

HAU BAI HAU INFERNUKO HAUSPOA!


Goizaldeko nire ibilaldietan ulertu ezin dudan gauzatxo bat da nola arraio eusten dioten oraindik ohean dauden auzotarrek kale garbitzaileen haize jaurtitzailearen hotsari.
Teknologiaren aurrerapauso atzerakoitzat daukat inbento hori, ohiko erratz edota eskuare isila ordezkatu dituena. Benetan kaltegarria deritzot hiritarron atsedenerako eskubide arrunta hankaz gora jarri duenari, deabruak sortua izan daitekeela pentsarazten didana. Bestalde, erromantizismo osoa kendu dio infernuko tramankulu horrek lorategiko lanari. Hori bai, hori, infernuko hauspoa!

Orain jakin izan dugunez, gainera, eragin negatiboa du aparailuak tokiko faunan, intsektuen bizitzan modu kezkagarriz ondorio latza uzten baitu. Haize jaurtitzaileak hil egiten bide ditu txorroan harrapatzen dituen animaliatxoak eta horrela jarraituz gero ehun urteren buruan intsektuen kopurua ia-ia desagertzeraino jaits liteke.

Atera kontua, beraz! Txilarrezko erratz tradizionalak errespetatu egiten zituen intsektuak, ekologikoagoa genuen, eta horrezaz gain ez zuen gizon-emakumeon loa eteten. Bazter dezagun, errotik, hauspo madarikatua!