BILATU

otsaila 23, 2015

THEODORAKIS ETA BARANDIARAN


Jose Migel Barandiaran 1940ean

Ostegun gaua. Jose Migel Barandiaran zenaren gaineko hitzaldi mamitsu bat Alvaro Arrizabalagari entzun ondoren etxerantz nentorren Bilbotik. Kotxeko joan etorrien zama arintzen laguntzen didan RNE-clas kateak Mikis Theodorakis handiaren musika ekarri zidan, konpositoreari buruzko datu batzuekin batera. 

Ondorioz, nire baitan Theodorakis eta Barandiaranen irudi erraldoiek toki hartu zuten, euskaldunak eta greziarrak bizitza paralelo samarrak eraman baitzituzten XX.aren berrogeietan. Biek erbestearen garraztasuna pairatu zuten, Europan nagusitzen ari zen faxismoaren hatzaparretan preso. Munstro haren itzal luzeak jazarri zituen bi intelektualak.

1940ko eskutitza
Adibide adierazgarri gisa, Barandiaranek 1940an Miarritzen jasotako eskutitza dugu, Museo del Pueblo Españolen agintariek bidalia: "Este Museo no quiere tener relaciones con Vd. Seguramente por su estancia en Francia no se ha enterado de que entre los vascos separatistas y nosotros hay medio miilon de muertos, de héroes y de mártires que lo hacen imposible. Le saluda brazo en alto. José Pérez de Barradas" Interesgarria da, oso, eskutitzaren aurrean Barandiaranek egiten duen hausnarketa. 

Theodorakis, Barandiaranen aldean askoz gazteagoa, garai hartan torturatua izan zen greziar erresistentzian Alemania eta Italiako ejertzitoen kontra jarduteagatik. "Infernuko greziarra zara zu, madarikatua, eta infernura bidaliko zaitugu" bota zioten kartzelariek hilkutxa batean sartzen zuten bitartean.

Mikis Thedorakis
Barandiaran eta Theodorakis garaile atera ziren inguratu zituen mamu hilgarriaren garroetatik. Eta denborarekin, bakoitzak bere bidetik eta bitartekoak medio, euren herrien ezinbesteko zutabe etikoak bilakatu ziren. Barandiaranek esan ohi zuen berari gustatuko zitzaiola, maitatzea maite zuelako gogoratua izatea. Theodorakisek aurtengo urtarrilean honako aitorpena egin du: “Eurotaldea eta bere lehendakari holandarra ditut torturatzen nauten irudiak. Nik gauza asko bizi behar izan ditut, sinpleki greziarra naizelako eta horregatik ez dut boteretsuen gurariei eutsi behar bakarrik, baizik eta burua makurtzea eta horiek maitatzea ere ikasi behar dut” 

Geroko belaunaldientzako eredu sendoak ditugu Theodorakis eta Barandiaran, hain zuzen ere euskaldun eta greziar izatezko harrotasunean irauteko.



http://www.fentmuntanyaiformacio.es


Argazkiak: 
http://www.mikis-theodorakis.net ; http://www.barandiaranfundazioa.com



 

otsaila 16, 2015

PRESOKRATIKOAK, POLITIKOAK ETA HUTSA


Hauteskunde-hitzordura hurbiltzen garen heinean hautesle arruntoi harridura-musua modu progresiboan areagotzen zaigu, infinituranzko joerarekin. Urteak daramazkit teoria hori frogatzen. Ez da oso zaila. Begira: eguneroko albiste politikoei erreparatu eta ikusiko duzu zein nolako aurpegiarekin amaitzen duzun. 

Harridura, haserrea, sumindura. Sentsazio horiek - eta gehiago- gainezkatzen naute nire baitan hautestontzirako deiaren oihartzuna handitzen doan batera. Politikoen esanak eta, oro har, jarrera ulertzeko zailtasunak filosofo presokratikoen teorien ontasunera heltzeko ditudanekin alderatu ohi ditut. Hauekin bezala, politikoekin ere ez dut asmatzen noiz ari diren egiatan eta noiz didaten adarra jo nahi. Ez dakit noiz engainatu nahi nauten - hori bai, gura barik (esango lukete eurek)- eta noiz balizko errua mezulariari leporatu behar zaion, Grezia klasikoaren aurreneko filosofo haiek euren transmititzaile edo interpretatzaileak izan baitzituzten, egungo politikoek medioen konplizitatearekin jokatzen duten modura. 

Azkenik, hutsaren aurrean, sumindurak itsuaraz nazakeela ikusten ari naizenean sokratikoen multzora jotzea erabakitzen dut, argi apur bat gehiago egingo zaidalakoan. Baina aurki konturatzen naiz Atenaseko filosofoaren jarraitzaileen artetik sortutako egia platoniko, aristoteliko eta enparauekin ez noala inora, politika eta demokraziaren esanahia itxuraz aldatu baita, oso, eta inguratzen gaituen mundu politikoan ordena apur bat jartzeko post-post-estrukturalismo batean hasi beharko genukeela pentsatzen iruditzen zait ... edo, bestela, kartzelen sarea handitzean, ad infinitum. Ala biak?

Argazkiak: wikipedia

http://www.fentmuntanyaiformacio.es



 

otsaila 09, 2015

JOSE MARI SEDANO EUSKALTZALEA


Aramaion, 14-11-08an

Ostegun eguerdi elurtuan Gasteizko Santa Isabel kanposantutik itzultzen ari naiz etxera autobusez, Jose Mari Sedano adiskidearen gorpuari lur eman ondoren. Ziurrenik, izen horrek gutxi esango die blog honetako ohiko irakurleei, batez ere gasteiztarrak ez direnei. Jose Mari aspaldiko pertsonaia maitagarria, lagun zintzoa, nuen Gasteiz eta Arabako gizarte-paisaian. 

Jose Mari 1964an ezagutu nuen, buruz-buruko gure lehen topo egitea hamasei urte geroagora arte gauzatu ez bagenuen ere. Irrati uhinen bitartez izan nuen haren lehen berri, Radio Vitorian iganderoko arratsaldeetan emititzen zuen saioa Uribarri Ganboako nire etxean sintonizatzen hasi ginenean. "Euskal Jaia" bataiatu zuen bere ekarpen erakargarri hura, eta niretzat askatasunezko ahokada fresko suspergarria bilakatu zen irratsaioa, bizi genuen inguru gris ilun hartan. 

Jose Marik programatzen zituen euskal kanta eta euskarazko azalpenek Gasteizen ere mundu diferente bat sor zitekeela erakusten zuten igandero. Bazen itxaropenerako leiho bat! Handik zenbait urtetara, 1984ko otsailaren 19an hain zuzen, "Euskal Jaia"k lehen milagarren saioa bete zuenean, omenaldi bat eskaini zitzaion Jose Mariri Gasteiko Printzipal antzokian. Eszenategian Mikel Laboak euskal abeslarien eta, oro har, euskal kulturaren eskerrona luzatu zion, eta besarkada anaikorrean lotu ziren bi lagunak. Espektakuluari segitu zion bazkarian hitz egin behar izan nuen, eta Jose Mariri zuzendu nizkion hitzetan bere adore eta kemen arabarra nabarmendu nuen, eragozpen eta oztopo askoren gainetik defendatu baitzuen beti Araba euskaldunaren errealitatea. 

Elkarrekin emandako gure azken orduak iragan abenduaren 30ean izan ziren, Burgos aldean. Urrezko Zeledonen ohorezko presidentea zen eta txango batera gonbidatu gintuen. Astindu ederra eman genion oroitzapenetako arasari, ugari baikenituen elkarrekin jorratutako bizipenak, Jose Marik zuzentzen zuen "Gasteiz" urtekarikoak, esaterako. Urtetan eskatu zidan artikuluren bat idaztea. "Baina euskaraz" gehitzen zuen eskabidea telefonoz egiten zidanean.   

Euskaltzale arabar handi bat joan zaigu. Hazia erein zenuen, Jose Mari, uzta ziurtatuz. Eskerrik asko eta ikusi arte!