Aramaion, 14-11-08an |
Ostegun eguerdi elurtuan Gasteizko Santa
Isabel kanposantutik itzultzen ari naiz etxera autobusez, Jose Mari Sedano
adiskidearen gorpuari lur eman ondoren. Ziurrenik, izen horrek gutxi esango die
blog honetako ohiko irakurleei, batez ere gasteiztarrak ez direnei. Jose Mari
aspaldiko pertsonaia maitagarria, lagun zintzoa, nuen Gasteiz eta Arabako
gizarte-paisaian.
Jose Mari 1964an ezagutu nuen, buruz-buruko
gure lehen topo egitea hamasei urte geroagora arte gauzatu ez bagenuen ere.
Irrati uhinen bitartez izan nuen haren lehen berri, Radio Vitorian iganderoko
arratsaldeetan emititzen zuen saioa Uribarri Ganboako nire etxean sintonizatzen
hasi ginenean. "Euskal Jaia" bataiatu zuen bere ekarpen erakargarri hura,
eta niretzat askatasunezko ahokada fresko suspergarria bilakatu zen irratsaioa,
bizi genuen inguru gris ilun hartan.
Jose Marik programatzen zituen euskal kanta
eta euskarazko azalpenek Gasteizen ere mundu diferente bat sor zitekeela
erakusten zuten igandero. Bazen itxaropenerako leiho bat! Handik zenbait
urtetara, 1984ko otsailaren 19an hain zuzen, "Euskal Jaia"k lehen milagarren saioa
bete zuenean, omenaldi bat eskaini zitzaion Jose Mariri Gasteiko Printzipal
antzokian. Eszenategian Mikel Laboak euskal abeslarien eta, oro har, euskal
kulturaren eskerrona luzatu zion, eta besarkada anaikorrean lotu ziren bi
lagunak. Espektakuluari segitu zion bazkarian hitz egin behar izan nuen, eta
Jose Mariri zuzendu nizkion hitzetan bere adore eta kemen arabarra
nabarmendu nuen, eragozpen eta oztopo askoren gainetik defendatu baitzuen beti
Araba euskaldunaren errealitatea.
Euskaltzale arabar handi bat joan zaigu. Hazia erein zenuen, Jose Mari, uzta ziurtatuz. Eskerrik asko eta ikusi arte!
....Goian Bego
ErantzunEzabatuHala bedi!
Ezabatu