BILATU

Osakidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Osakidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 02, 2026

OSAKIDETZA ETA BILBOKO ATHLETIC


Errealitatea da Osakidetza atzeraka doala. Karramarroen antzera, krustazoak normalean aurrera ibili arren ihes egitean isatsa erabiltzen baitute ezkutalekurantz ziztu bizian abiatzeko. Osakidetzak aukeratu du... - zer aukeratu du Osakidetzak? Zaila da galdera horren erantzuna asmatzea, ez baitugu argi ikusten zein maniobra egiten ari den EAEko osasun zerbitzu publikoa, dagoen zulo beltzetik ateratzeko. Azken hamar urteotan izandako gainbehera ilustratzeko adibide ugari eman genitzake. Eta mesedez, ez dezagun Covid sartu horretan, aitzakia bat baino ez baita.

Duela berrogei urte inguru hasi ziren Eusko Jaurlaritzaren gizarte-prospekziorako bulegoak lanean, eta zein izan da emaitza? Porrot izugarria. Ehunka milioi euro inbertitu dira... eta inork ez bide zuen aurreikusi egungo egoeraren antzeko abagune batera iritsiko ginenik, 1980koaren desberdina den adin-piramide batekin, duela berrogeita bost urtekoaren antzekorik ez duen gizarte-egitura batekin eta malgutasunik gabeko zerbitzu publikoen sistema batekin. Esaten digute medikuak beste latitude batzuetara hegan egiten ari direla lan eskaintza hobeak lortuta, euskara oztopo bat dela profesionalak erakartzeko, mediku eta laguntzaile belaunaldi berriek nahiago dutela euren buruak denbora tarte luzez ez konprometitzea… Aitzakiak, aitzakia hutsak.

Badago futbol talde bat Euskadin —nazioarteko futbol munduan eredugarria dela diote—, bertako jokalariekin bakarrik jokatzen duena. Eta egiten dute — badakit hori— oso ondo, eta gehienen txaloekin. Baina, pentsatu al dugu lehiakorrak izateko, bertako jokalariekin bakarrik dagoen talde bat mantentzea garestiagoa dela, helburu berdinak izanda, mundu osoko jokalariekin egitea prestatzen dena baino?

Osakidetzaren asmoa al da joko ona emango duen profesional talde bat edukitzea? Baiezkotan, badaki zer egin behar duen. Herrialde honetan ala kanpoan jaio arren, konbentzitu itzazu proiektuan sartzeko, eta — koloreetarako leialtasuna dirua baino gehiago baloratzen duten "Iribar" batzuekin batera— ikusiko duzu nola hurbiltzen diren gainerakoak fitxaketara... nahiz eta euskara ikasi behar.

Argazkia: Athletic Fundazioa

martxoa 13, 2023

GREBA ARBUIAGARRIA

Grebarako eskubidean sinesten dut eta baita ezinbesteko tresnatzat jo ere, eurek inoiz sortu gabeko araudi eta jarraibideen menpe dauden langile guztien borrokan. Lan ibilbide luzexkan eragile aktibo eta pasiboa izan naiz aldarrikapenetan, eta errebindikazioaren helburuarekin sintonizatzen jakin izan dut, edo ahalegindu naiz, behintzat. Baina beti izan naiz greben garapenerako metodo zibilizatuen defendatzaile. Uste dut eraginkorrak bezain adierazgarriak direla gizarte baten hezkuntza mailan.

Egun hauetan, greba baten lekuko zuzena izaten ari naiz, eta
greba horrek gainezka egin nau,  ondorioak jasan dituen pazientea naizen aldetik. Euren plantillakoak ez izan arren euskal ospitale publikoetan lan egiten duten gizon-emakumeen sindikatuek deitutako lan-uzteari buruz ari naiz, noski. Ezingo dut ulertu nola eraso daitezkeen hain espazio publiko sentikorra diren ospitaleak greban erabiltzen ari den metodologia arbuiagarriarekin. Zabortegia bilakatu dituzte ospitaletako zerbitzu-gela eta bazterrak oro, barneratutakoen osotasun fisikorako eta gaixoen osasunerako arriskuarekin.

Osasun-zentro horietako milaka erabiltzaileen ustez, erasoan langileak bezain erantzuleak dira sindikatuak eta, noski, Osakidetza, ezin baita onartu Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak herritarren osasunaren aurkako atentatu hori eragozteko baliabideak jarri ez izana. Eta hamabosgarren eguna da gaurkoa... Zalantzarik gabe esan daitekeena da,  grebalariek gu erabileon gaitzespena berengana dutela. 

Argazkiak: JMVM

ekaina 13, 2022

ELEFANTEKO PUZZLEA


Aztertu beharreko puntutik aldentzeak haren osotasuna ulertzea errazten du, argazki bat osatzen duten elementuak ikuspegi panoramiko batetik hobeto balora daitezkeela gertatzen den bezala. Ezaguna da hiru pertsona itsuk, elefante baten zenbait zati ukitzea utzi zieten ondoren, animaliari buruz emandako definizikoak kontrastatzen dituen narrazio klasikoa. Batek zutabe gisa definitu zuen: hanka bat haztatu zuen. Beste batek suge txiki bat bezalakoa zela esan zuen: buztana ukitu zuen, eta eskua belarri gainean jarri zuenak haizemaile handi bat bezala deskribatu zuen elefantea.

Hiruak zeuden zuzen baina inork ez zuen egia osoa. Guk elefante asko definitu behar ditugu egunero eta gure helmenaren araberako deskribapen zaporetsuak emateko prest gaude, eskatzen zaigunean... eta ez zaigunean ere. Gure burmuinak tranpa ugari jartzen dizkigu zilarrezko bandejan eta horietaz baliaturik egia sesgatuak, partzial eta interesatuak botatzen ditugu lasai asko. Tristeena da, gutxitan agertzen garela gertu egia partzial diferenteekin osotasunera ailegatzeko. Adibidez, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak azken egunotan egindako deklarazio zalapartatsuak, demagun, egia izan litezke baina osotasunean hartuta ezin da ondorioztatu Osakidetza makularik gabea denik.

Hiru itsuen kontakizunean eztabaida luzean geratu ziren  pertsonaiak. Ordu eta egunak eman zituzten alperrik, ez baitziren gai izan bakoitzaren deskribapena besteenekin kontrastatzeko, elefanteko puzzlea osatzeko. Gurean bezala.