Ohiturak eta pertsonak aldatzen goaz,
etengabe. Ala pertsonok gara aldatzen direnak? Ez dakit. Agian kolektibitateak
ditugu aldakorrak, gizabanakoarengan konstantearen islapena argiagoa baita giza
multzoan suma daitekeena baino. Gauza da ia-ia oharkabean goazela aurrera, eta
inoiz atzera begira jarriz gero hutsune galanta igartzen dugula gure eta atzean
utzitako iraganeko itzalaren artean.
San Inazio dugu gaur, egun polita zenbait
tokitan. Diodan, kako artean, ez dakidala Loiolako josulagunek (Zaitegi zalea, bistan da) jarraitzen ote duten ospatzen konpainiako fundatzailearen
jaia. Azpeitian bai, seguru. Eta Kanpazarren ere bai. Baina ez da berdina
izango. Zeren aldean berdina? galde lezake norbaitek. Oroimeneko saninaziyu
ala saninazixuekin konparatuta, jakina. Eta hasperentxo batek ihes
egiten dit, gero eta urrunago daukadan itzalari begira.
Argazkia: JMVM
Argazkia: JMVM