Eliza katolikoa klub pribatu bat da. Handia, hori bai. Nik ere
daukat karneta, nahiz eta denboraldi luzexka daramadan asko erabili gabe.
Elkarte guztietan legez, kideen iritzi eta pentsamoldeak ez datoz beti bat
elizan eta nork bereak defendatu nahi dituenean zailtasunak eduki ditzake behar
bezala aritzeko, gizon-emakumeok sortutako erakundeak ez baitira inoiz horiek
osatzen duten kideeen nolakotasunetara ehuneko ehunean egokitzen.
Atzo bi dohatsu santu bilakatu zituen eliza
katolikoak. Frantzisko Aita Santuak erabaki salomoniko samarra hartu behar izan
du, katolizismo hertsienaren bultzada itogarri bezain ilunaren aurrean.
"Karol Josef nahi duzue santu? Ba, orduan baita Angelo ere bai!" pentsatuz, batera jaso ditu aldareetara
polakoa eta italiarra, bakoitzak bere jarraitzaileen txalo eta malkoak
isuraraziz.
Eta gaur, egun aintzatsu horren biharamunean,
nigan betiko galdera biluziak segitzen du erantzunaren isiltasunean oihartzuna birsortzen:
batzuen eta besteen munduko konportamenduei erreparatuz, zeruan ere
diferenteak izango al gara?
Argazkiak: puertpixel.com; aciprensa.com