Rouco Varelak
abisatu digu: txintxoak izan, bestela gerra zibila etorriko da. Eta
Roucok ongi baino hobeto daki nola piztu daitekeen gerra. Behintzat, 1936koaren sorburuan egon zirenengandik entzuteko eta ikasteko zubi zuzena izan du
azken berrogei urteotan. Horregatik, jaun andreok, Roucok gerra-bake binomioaz hitz
egiten duenean, kontuz!, zerbait daki-eta!
Espainiar
agintarik inguratuta bota zituen Rouco Varelak hitz horiek, egun beste anakronismo
itzela suertatzen den zeremonia arranditsu batean. Bakeaz mintzatzen ari zen,
nor-eta gizartearen pairamenduaz erantzukizun handia duten politikoek babestutako artzapezpikua. Gehiegi. Hipokresia latza, alde guztietatik begiratuta.
Eta Martin Luther King zenak 1967an idatzitako “Nora goaz, kaos ala
komunitatea?” liburuan irakurritakoa
gogoratu dut. Honatx:
“Egun
hauetan anbiguetate handi bat ematen ari da, bakea dela-eta. Denek hitz egiten
dute gai horretaz, pertsonok lortu behar dugun helbururik preziatuentzat
hartzen delarik. Baina erakunde politiko desberdinetako bastidoreen atzean oso
bakanak dira haren alde lan egiten dutenak. Askok lau haizetara “Bakea! Bakea!”
oihukatzen duten arren, bakea sorrarazten duen guztiari bizkarra ematen diote.
Bake hitzaz ahoa betetzen zaie baina, errealitatean, defentsarako aurrekontuak
hazten dituzte, armadetarako baliabideetan inbertitzen dute eta gero eta arma beldurgarriago
eta oro birrintzaileagoak fabrikatzen dituzte. Bakeaz hitz egiten ari zaigun
guztiei aditu beharko bagenie, belarrietatik erokeria sartuko litzaiguke,
edozein tokitatik baitatoz batera berba
egiten ari diren haien hitzaldien oihartzunak. Estatu guztietako agintariak ari
dira, teorian, bakearen alde, euren arteko negoziaketa mahaietara ezpatak eskuan
dituzten gaizkileek zainduta doazenak barne”
Faltsukeria, hipokresia salatzen ari zen Luther King. Aplika diezaiogun diskurtsoa gaurko errealitateari eta ohartuko gara gauzak ez direla bat ere aldatu. Gerra
santuaren adierazpen hutsa da Roucorena. Eta hori, berarentzat, bakea da. Hipokrita!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina