BILATU

Franco etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Franco etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

azaroa 11, 2024

ULERTZEN DUGU EZINEGON HORI

 


Oroimen kolektiboa hauskorra da. Aroek, indar erlazioek eta interesek aldaraz dezakete, teorian behintzat betiko grabatuta geratutako inoizko jazoeraren oroitzapena. Denboraren joan ekidinezinak lausotu egiten du kolektiboaren zuzeneko pertzepzioa eta iraganeko egiaztapena zalantza bihur daiteke… eta azkenean lurrundu, erabateko desagerpeneraino.

Gure artean arras garbi dugu jeneral diktatore hiltzailearekin gertatzen ari dena. Belaunaldi gazteena ez da gai, Francorekiko aurrekoaren erreferentziatik ia ezer gordetzeko, eta -areago- gizartearen berezko alprojakerian gauza da munstro harena legenda hutsa bilakatzeko.

Esparru txikiagora mugatuz, zenbait hamarkadaren buruan inork gutxik gogoratuko du beste munstro batzuek inguruko mendi batean eragindako eraso suntsitzaile deitoragarriaz… eta bizitzak aurrera jarraituko du, ergelkeriak jota.

Oharra: udal erregistroetan ere ez da atentatuaren kontrako erabaki idatzirik aurkituko. Ulertzen dugu ezinegon hori,  edo oroimenaren hauskortasun induzitua...

uztaila 18, 2022

FRANCOK EZ ZUEN SANTA MARINA ITO


Jeneral hiltzailea gaur 86 urte matxinatu zen. Gure historia modernoan aurrekaririk ez duen gertaera izan zen eta oraindik sendi askotan ez dugu damu sentimendurik jaso arimarik gabeko ekintzaileengandik ezta haien ondorengoengandik ere, egin zitzaigun kaltearengatik.

Gaur Santa Marina dugu kristau egutegian eta atzo, jai bezpera gisa,  ospakizun baten berreskurapeneko lehen ahalegina burutu genuen, duela 70 urte jeneral hiltzailearen jarraitzaile plutokratek eraiki zuten urtegiak ito zuena. Familia xume askoren itxaropenak eta ilusioak urek ezabatutako balio material eta ez materialen artekoa zen Santa Marina baseliza, eta horren inguruan XVI.tik herritarrok ospatzen zuten jaia.

Zazpi hamarkadatako isilune tristearen ondoren, eta giza mirari txiki bat balitz bezala, atzo urtegiaren hondotik, bere garaian baseliza izandakoaren hormen artetik mezu bat sortu zen, kooperazi
oaren eta errebindikazio-festaren ontasuna elkarrekin kantatzeko gai izan gaitezen eskatzen zuena.

Argazkia: JMVM

urria 24, 2019

ERRE ZAITEZ INFERNUAN!

Ez dut gogoratzen non harrapatu ninduen Franco jeneral erailaren heriotzako albisteak. Bai, ordea, non nengoen ehortzi zuten egunean: igandea zen, azaroaren 23, eta Uribarri Ganboako Txoisa jatetxean nire emaztearen urtebetetzea ospatzen ari ginen. Topa egin genuen diktadorearentzat betiko sutzarra eskatuz. Une haietan inportanteena ez zen non lurreratzen ari ziren, hil zela baizik.

Berrogeita lau urteren buruan, eta trantsizio amaitu gabeko ibilbide malkartsu bezain etsigarrian goazela, gauzak « ondo lotuta » utzi zituen pizti haren gorpuzkinak tokiz aldatu dituzte, oroimen historikoaren liburuan puntu eta beste orrira pasa gintezkeela suposatuz. Baina gauzak ez dira hain errazak.

Sarraskilariaren heriotzako inflexio puntuan erreparazioetako balantzean hartzekodun zeinuarekin geundenok ez dugu lau hamarkada eta lau urteotan ezelako keinu baikorrik jaso, eta aurrerantzean ere berdin segituko dugulakoan nago. Batzuetan ematen du galtzaile hutsak izateko jaio ginela. Motxila horrekin bizi beharko dut, beharbada, baina munduko fusil guztiek ere ez didate isilaraziko, azaroaren 23 urruti hartan oihukatu genuena: Franco erre zaitez infernuan!

iraila 30, 2019

BADA GARAIA!


Aterako dutela diote zenbaitzuek. Beste batzuek, aldiz, lehenik euren gorpuen gainetik igaroko direla baieztatzen dute, baikorrei zemai eginez. Eta badira isilik daudenak, borroka zelai horretan zer ikusirik ez balute bezala. Demokratak, frankista petoak eta eliza.

Batzuek diogu «bazen garaia! » Faxistek «utz ditzagun hildakoak bakean» Eta elizako hierarkia ofizialak ez du ezer adierazten, itsaso mugituaren urek zer dakarten ikusi bitartean, nonbait. Franco erailaren sakralizazioa bedeinkatu zuen eliza katolikoaren mea culpa inon ikusi ez denez normaltzat hartu behar da erlijio-korporazioko exekutiboaren isiltasuna. Ezer berririk, beraz, 1936tik espainiar estatuaren gainean dabilen ideologia totalitario birrintzaileari dagokionez, izan ere - jaun andreok- frankismoa erakunde guztietatik deitoratzen ez den bitartean itxi gabe daude azken gerrako zauriak. Eta eliza zordun zaio demokraziari Pio XI, Gomà, Pla i Daniel, Olaetxea eta beste goi kargu askok Franco bedeinkatu zutenetik.

Itxaroten ari gara elizaren hanka sartze interesatu hari buruzko aitorpen argi eta behin betikoa. Ederto letorke Francoren momia tokiz aldatu baino lehenago balitz. Bada garaia, bai! Baina beldur nago ez dugula entzungo.

apirila 26, 2019

IGANDEKOARI BEGIRA, BELDURRA?


Beldur ematen dute, ezetz? Dardaran daude bazterrak oro  eskuindarren erasoarekin eta ez bide dago inor balazta ipiniko dienik. Benetan, Gipuzkoako Samper peperoak muturreko ezkertiarra dirudi tokiko bere alderdikide batzuekin alderatuta, eta Rajoy, Losantos mugaezinaren esanetan, infernuko kolpista gorria dugu. Abascalen alderdiak militarrez beteko du Kongresua eta «borondante oneko espainiarrentzat » armak eskatu ditu, gaiztoak fusilatzeko asmoz, antza denez. 

Aurreko batean nioen falangista faxista frankozale berriak une aproposa itxaroten ari direla heterodoxo zalantzagarriak armaz pasatzeko. Eta iragarpen iluna bete litekeela gero eta garbiagoa daukat, Gernikako bonbaztapena inbento txar bat dela aitortu dutenek ez bailukete arazorik izango, gurutzaldi makabro berri bati ekinez, kanposantuetako ormak «desbideratuen» odolez tintatzeko. Horri kontra egiteko dugun arma bakarra zentzuzko botoa da. Baina...

 

martxoa 18, 2019

FRANCORI EZ APLIKATU, MESEDEZ!


Jakin ahal izan dugunez Francoren gorpua  ekainaren 10ean aterako dute hilobitik, askoren pozerako eta batzuen haserrerako. Asko gara, bai, berria atsegin dugunok, baina horien artean nagoen arren kezka puntu batek ere ikutu nau, arestian komunikabideetan irakurri ahal izan dugun albiste batek eraginda. Ez dakit nola hartu behar dudan gainera datorkiguna, izan ere horren aplikazio zuzenak ustekabe galanta eman liezaguke. Esplikatuko naiz.

Scientific Reports zientzia aldizkariak adierazi berri duenez, zientzialari talde batek, laborategiko esperimentu batean denboraz atzera egitea erdietsi du. Segundo baten milioirena izan bada ere, atzera joan ei dira denboran eta zientziaren branka iraganari begira jarri dute. Ametsik desiragarrienak ... baina baita beldurgarrienak ere dantzan hasi dira, beraz, hainbatengan, etorkizunak zein nolako iragan ekarriko ote digun zain.
 
Niri, aurreratu dudan bezala, bi albisteek sentsazio kontrajarria piztu didate, izan ere zientzia aplikatuko balitzaio Francoren momiari... ostera jar gintezke 1936ko uztailean eta kasu horretan tristezia, ikara eta tragedia bihurtuko litzaiguke askori poza. Badaezpada ere, Scientific Reportseko burutsuei idaztekotan nago, euren inbentoa jeneral erailearengan ez aplikatzeko eskatuz. Egingo al didate kasu?

 

otsaila 11, 2019

KONTARI, KONTULARI, ERRELATOREA... HORI EZ DA ARAZOA!


Espainiako politikak gero eta betarte ilunagoa aurkezten digu. Egunetik egunera zeru goibelean beltzagoak agertzen dira oreixa iragartzen diguten hodeiak. Eta mendebaletik - alde horretatik iristen zaizkigu, eskuarki, ekaitzak eta haizealdi bortitzak, mendebal/vendaval- ez dira gauzak hobeto pintatzen. Hondamena begi bistakoa dugu. 

Kontari, kontalari, errelatorea, idazkari, notario, ... auskalo nola deitu behar zaion fatxa espainiarren trumoia altxarazi duen iriztu-pertsonaiari. Barkatu, uhin faxista jasoarazi duena Sanchez izan da, bere proposamen inozoarekin. Zeharo jota dagoen gobernu buruari ez zaizkio gauzak bat ere ondo ateratzen ari eta estropozuz-estropozu dabilkigu gurpil eroan, nondik atera daitekeen asmatu ezinik. Bien bitartean, zerumugan fusilak prestatuta agertzen dira errekete eta falangista berriak. Ez da broma.

Orain badirudi hautsi egin dela Kataluniako zorioneko mahaia, teorian alde bateko eta besteko aldarrikapenak egokiro jasotzeko kontari baten beharra omen zuena. Ni istorio honen hasieratik inguratu nauen galdera planteatu nahi dut: inork uste al du, jaramon egingo zitzaiola mahai-idazkari horri, argi bila berarengana jo behar izan balute? 

Arren! Arazoa ez da balizko mahai baten inguruan eser daitezkeenen hitzak hoberen jasoko lituzkeenaren definizio administratiboa. Ezta pertsonaia mahaian esertzea egokia den ala ez. Erroan irtenbiderik ez duena da, etxe partikulartzat hartzen ari direneko patioan inork ez duela urrats bat ere atzera eman nahi, espazio komunak eraikitzeko inor ez dagoela bere aldetik ezertxo ere galtzeko prest. Eta horrela lantegia alperrekoa da. Trintxeretan segituko dira (gara) Bitartean, Franco Valle de los Caidosen. Ad eternum?
Argazkia: JMVM