BILATU

abendua 27, 2021

SAN ESTEBANTXE



Aramaioko esaera zahar batek “Natibitate, ase ta bete; San Estebantxe, handik aurrera lehen letxe” dio, abenduaren 26an ohiko martxa berreskuratzen dugula adierazi guran. Errealitatera itzuli gara, beraz, azken orduotako kolore artifizial anitzeko gorabeheretatik kanpo, aurrerantzean egutegi monotono eta, zergatik ez esan!, neurri handi batean bihozgabe 
batera behartuta. Galderak errepikatuko ditugu: zer gertatzen ari zaigun, noiz arte pairatu beharko dugun egoera lazgarri hau, etorkizun ekonomiko hurbilak zer ekarriko digun eta abar.

Ezin izan genuen inoiz imajinatu zomorro soil batek bizitza nahastuko zigunik birus madarikatu honek egin digun bezala. Eta zigor biblikoa bailitzan, menderatzen gaituen eszenatoki baten aurrean gaudela, momentura ondoen egokitzen dena gugandik ateratzen saiatu behar gara, asmatzen ari garen edo, besterik gabe, erabakitzea porrot ziurra den jakin barik.

Denok daukagu gure San Estebantxe inflexio puntu partikularra eta hark gidatu beharko gintuzkeela pentsatzen ibili ordez, abaguneko bitartekoak buruz erabiltzea iruditzen zait osasuntsuena. Erantzukizun guztia bestearena dela uste izatea inmorala iruditzen zait. Inor ez dago inoren gainetik, ez egoera latz hauetan, ez inoiz.

Argazkia: Ekain

abendua 20, 2021

AZKENIK ASKE


 “Azkenik, aske! Jainkoari eskerrak ematen dizkiot, azkenik aske naizelako” horrela irakurtzen da 1968ko apirilaren 4an erail zuten Martin Luther Kingen hilobian. Agian gazteenek ez dute jakingo Luther King, AEBetako arrazakeriaren kontrako borrokalari sutsu eta burutsua izan zela, eta indarkeriarik gabeko erresistentzia aldarrikatu zuela bere ekintzak aurrera eramateko orduan.

Egia da erabateko askatasuna heriotzak bakarrik ahalbidetzen digula, egia bada ere une horretan bizidunen artean geratzen direnei behintzat gure egoera berriaren erakuspena eratzea ezina dela. Martin Luther Kingek askatasuna mundu honetan nahi zuen baina balek eragotzi zioten bidea. Eta beste munduaren askatasuna besarkatu behar izan zuen.

Pandemia dela eta, txertatuen eta ez txertatuen askatasuna ez da berdina. Nirearen mugek talka egiten dute bestearenekin eta automatikoki auzia pizten da bestearen esparrua nork inbaditu duen argitu gabe utziz. Ez bide dago irtenbiderik eta eztabaida mingotsean galtzen gara, indibidualki eta giza talde gisa ahulagoak bihurtzen garen bitartean.

Egiaztapen bakarra da, birusak bere lana egiten segituko duela, eta batzuei betiko askatasunaren giltza ematen dien batera, besteei askatasunaz ezbai antzuan iraun ahal izateko igarobidea eskuratuko die. Horrela, donec venit hora novissima, azken ordua heldu arte.

Argazkia: JMVM

abendua 13, 2021

NBAko ADISKIDEAK

 


Ez naiz ari AEBetako saskibaloi txapelketaren ahalezko lagunei buruz, ezta inongo ligaxkan lehiatzen diren ezagunen gain. Ez. Sinpleagoa da idazkiño honen goiburuaren nondik norakoa: izen horrekin mugatzen du nire adiskide batek, betiko lagun taldeko kide batzuen jarrera; izan ere, beren ohiko nagusitasunarekin, gutxietsi egiten dituzte beren ustez maila apalagokoak direnak.

Horrela izan da beti, koadrilak osatzen hasten diren unetik bertatik. Inor ez da beste inoren berdina, eta denok dugu berezko sena ezberdin agertzeko, idatzi gabeko hierarkia bat sendotu nahian. Baina toxizidadea azal daiteke, hain justu euren burua nagusitzat daukatenen jarrerak gainerakoen duintasuna behin eta berriz erasotzen dutenean. Lagun talde batek hainbat hamarkadatan jasan dezake elementu jakin batzuen nagusitasun toxikoa, eta kasu askotan jazotzen da horien ustezko behekoak isilean daramala bere sentimendu jipoitua, borrokarako gogorik gabe, zismarik ez sortzeko.

Komikoena da (bai, komiko idatzi dut) behin erabateko heldu arora iritsita, toxikoen jarrerak berean jarraitzen duela egiaztatzea. Horrek ez du besterik erakusten elementu horiek benetako buru desorekatuak direla baino. Izan ere, NBAn bertan ere, betiko izarrak, behin erretiroa hartuta, adiskidantzazko partiduetan bakarrik aritzen dira. Beraz, egin behar dena da, koadrilako desorekatzaile aktibo petralak popatik hartzera bidaltzea, agudo.

Argazkia: Ekain

abendua 06, 2021

SAN NIKOLAS


Egutegi kristauaren arabera, San Nikolas eguna ospatzen dugu gaur, haur-jai erabatekoa, leku jakin batzuen tradizioan modu bitxian errotua, ziurrenik, besteak beste, bere jatorri ezezagunagatik. Txiki-txikitatik ospatu dut haur eskalearen jaia, lehenik neronek zuzenean kalez kale abestuz eguneko kopla; gero seme-alabaren ondoan eta orain biloben itzalean.

Gero egutegi politikoa inposatu zitzaigun, eta haurren jaia adinekoen interes handiagoaren mende geratu zen; izan ere, zubia herritik urruntzeko aprobetxatzen badute, San Nikolas gizajoari mendetako izaera atsegina kentzen diote, eta, zeharka, bigarren mailara baztertzen dute.

Aitortu behar dut jaiek beren xarma galdu dutela niretzat. Artifizialak iruditzen zaizkit. Baina San Nikolasekoa salbatu egingo nuke galera ia orokor horretatik, oraindik ere umeen gogo inozoak bere freskotasunetik itxaropenerako izpia ikusarazten baitit. Eta ume sentimendua sakratutzat daukat, helduon zabarkeria guztien gainetik. Horregatik, gaur ere kantatuko dut kopla: San Nikólas coronado, arzobispo mariandrés...

Argazkia: euskonews