BILATU

Rolling Stones etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Rolling Stones etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 30, 2020

TXAKURRA PASEATZEN ETA BESTE


Walking the dog
I’ m just a walking the dog
If you dont’ know how to do it
I’ ll show you how to walk the dog 

Egun hauetan leihotik begira etxe aurretik txakurrarekin gora eta behera norbait ikusten dudanean Rolling Stones taldea
datorkit gogora. Britaniarrek duela ia-ia hirurogei urte erakutsi nahi zioten neskari txakurra nola paseatzen zen, eta musikarien musu trukeko eskaintza gogoratu dut, itxialdiaren zama arintzearren batzuek animalien jabeei txakurrak alokatzen dizkietela irakurri dudanean, paseatzea zer den ote dakiten frogatu beharrik gabe. Harri pirritariek neska erakarri nahi zuten txakurrarekiko abileziarekin; orain ari diren burumotz horiek, aldiz, denok baino gehiago direlakoan daude, ergelkeriatik arituz.

Egun hauetan ere irakurri dut (dugu) Munilla gantzagarriari isuna jarri diotela bera autoa gidatzen ari zela beste pertsona bat gidari kidearen tokian eserita zeramalako. Ze arraio! Gotzainari isuna jarri diote humanoa delako, eta denok ditugu gure erorikoak, kontxo! Baina benetan hunkitu nauena izan da, gizartearen aurrean bere burua “apaldu” eta publikoki hiritar guztioi barkamena eskatu izana. Hori bai, gauzak garbi uztearren, eta “umiltasun” keinu zoragarrian albistea filtratu zuena berak barkatu duela gehitu zuen. Eta galdera datorkit: barkamena guri eskatu, zergatik? Eta arau haustura ezagutu izan ez bagenu?... Munilla, gogora ezazu: zoritxarrekoak umeak eskandalizatzen dituztenak... Hobe litzateke harri bat lepoan lotu ondoren  itsas hondora jaurtiko balira. Nork hitz egin zuen horrela? Ondotxo dakizu zuk hori…
Argazkia: Ekain

Nire txalo partikularra txalotzen dutenentzat

otsaila 11, 2013

ETORKIZUNARI BETARTE BERRIA



Ehun eta berrogeita hamarreko marra gainditzearekin batera aurpegi aldaketa etorri da. Txoko honetara ehuneko bat eta erdi agerpen izan ondoren etorkizunaren irudi-adierazpenak beste dimentsio bat behar zuela iruditu zait. 

Duela bi urte pasatxo ekin nionean "iragana" izan nuen hizpide. Aurrera begirako iragana aldarrikatzen nuen eta zentzu horretan zuzendu nahi izan ditut nire ekarpentxoak. Iragana ez da ezer, etorkizunean proiektatzeko ez bada. Aspaldi zioten Rolling Stonesek bere Ruby Tuesday ospetsuan: atzokoak ez du balio, atzo soila bada. 

Eta gorago dimentsio hitza idatzi dut. Abiatu nintzenean ezin nuen espero txoko honek jaso dituen lagunen (1) erantzun, aholku, iradokizun, errieta eta txaloak hainbeste izango zirenik. Zinez eskertu dudana, sareak ezusteko ederrak eman baititzake, positibo edo negatiboak, eta horrek zorroztasun eta zintzotasunerako seinaleak beti erne edukitzera behartzen zaitu. Espero dut gaurtik aurrerako ibilaldian ere aukerak aurkeztuko zaizkigula, elkarkidetzan haz gaitezen.
Eskerrik asko, beraz, orain arte txoko honetara agertu zareten guztioi. Hor zaudetela jakiteak animatzen nau hitzorduarekin puntual izatera. Etorkizuna lantzen segituko dugu.


(1) Adibidez, sarrera-argazki berria Fernando Martinez de Ereditak utzi dit. Gaurtik aurrera horixe izango da denentzako ongietorriaren erakuslea.

uztaila 16, 2012

JUMPING "MARIANO" FLASH

Their Satanic Majesties-en harrikadaren lehen mende erdia mundu guztiari gogorarazten zitzaion egunean, Rajoyk bere harritzar bereziarekin agurtu zigun, hori bai,  britainiarren baino askoz entzulego murritzagoaren aurrean mintzatuz. Antzekotasunik ote bi protagonisten artean? Begira dezagun:

Musika arloan behintzat badute halako kidetasuna,  haien soinuari adituek aspaldi "negroide" izatezko etiketa jarri baitzioten eta orain blues ikaragarri triste jo duena, hil ezkilako kanpaiak negarrez jartzeraino, galiziarra izan da, espainiarren lehendakari errekonbertituriko estatu abokatua, alegia.

Eta bat batean, lantu eta hortz kirrinkaren artean, honky tonk woman ospetsua baino hamaika aldiz zurbilago geratu gara. Eta "Joan hadi popatik hartzera!" oihu ozen kolektiboa entzun ahal izan da zezen-larruko espektro zabalean, harri errodatuen kontzertuetan sarri stablishment-arekin izan den deskontsiderazio berdintsuarekin.

Auskalo nolako eragina izango duen gure artean, gero eta kontrolaezinagoa dugun maldan beherako erritmo frenetiko honek, ezin baitugu ondorioen gaineko erradiografia ezta irudikatu ere egin. Hain itsututa gaude hondoa antzeman ezin dioguneko zuloan, non ikuspegi hurbil eta laburreko irtenbide zentzugabean ari gara jartzen esperantza, emaitza justu kontrakoa gertatuko zaigula barneratu gabe. Eta gure noraezean esna gaitezen, nonbait, muturtxo bihotz urratzailearen mokor joko lizunkoi estiloa imitatuz, galiziarrak txaloka jarri ditu espainiar hemizikloko bere jarraitzaileak.

Hondarrezko zutabe gainean eraikitako satisfakzioa amaitu da, lagunok. Rajoy eta beraren moduan burbuila batean bizi izan garenok aurrerantzean zein mahaira joko dugun jakin nahi genuke eta harri errodatuen beggars banquet aukerari egundoko izuaz begiratzen diogu, ez baitigu eskale gisa amaitzearen ideiak bat ere graziarik egiten.

Artifizialtasunaren gezurrarekin jokatu dugu, patxada osoz, aspalditik. Mick eta konpainiaren devil sinpatikoaren itzal diabolikoak gogoa lapurtu zion gure gizarteari duela mende erdi inguru eta orain, zeri heltzerik gabe, atzera begira jartzeari beldur diogu, bihar zerekin esnatuko garen asmatzea ezina baita. Baina bada ezpada ere, abuztuko oporrak kruzerotan edo Islandiara emateko prestatzen ari bide da euskaldun populua. Zergatik ez?


Argazkiak:
http://bretguille.blogspot.com.es
dreamluxjagger.net78.net