BILATU

Universidad etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Universidad etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 30, 2012

BEIZAMAKO UNIBERTSITATEA



Urkiko Arruti-Olazabal sendia 1972an,
Joanixio, Yon, Xabi, Iñaki eta Juanita

Irakurleetariko askok jakingo duten bezala Beizama Gipuzkoako herri txikitxo bat da, lurraldearen bihotzean sartuta, ongi gordeta. Herri bezala erdi aroko deitura den “Universidad” titulua du, hau da, zenbait udalerriren interesak defendatzen zituen herriari dagokiona. Eta Beizamako udaletxearen aurrealdeko inskripzioak harrotasunez adierazten die bisitariei, “universidad” batera iritsi direla.

Goi hezkuntza eskaintzera dedikatzen den erakundearen adierazpenarekin ez nintzela okertu aldez aurretik garbi utzi behar dudalarik, 1972ko maiatzean unibertsitate-karrera Donostiako ESTEn amaitu bezain laster Beizama “Universidad”era zuzendu nituen nire urratsak, prestakuntza partikularrean gorantz egin nahi nuen-eta. Bai. Eta Universidad hartan aurkitu nuen Unibertsitate berri bat, ohiko hezkuntza erregimen eta sistemetatik zeharo urruti zegoena.

Hor naukazue, Urki baserrian, 1972an
 Matrikulatu egin nintzen Urki Fakultateko udako ikastaroetan eta uztailean ekin
nion ikasketa intentsiboari. Goizeko 6ak inguruan jaikitzen nintzen eta kafesnea hartuta, ikas-gela desberdinetatik igarotzen nintzen, normalean nitaz arduratzen zen tutoreak lagun. Hark erakusten zidan –besteak beste- nola gobernatu behar ziren haziendako ehun eta hirurogeita hamar izar nagusiak (1)  Kargaz ongi beteriko eskorgarekin hamaika joan etorri burutu behar nituen gelen eta “campus”eko bazter bateko biltegiaren artean. Eta... Baina, utz dezadan metafora eta noan hizkera errealera, hobeto esplikatuko naiz-eta.

Halaxe da. Berrogei urte betetzen dira, euskaraz jabetzearen aldeko urtetako nire ahalegin antzuari “orain edo inoiz ez” gogor bat bota niola, eta lan-bizitza profesionalera salto egin aitzin euskal sendi batean murgilketa derrigorrezkoa nuela agindu nion neure buruari, inoiz euskaldunduko banintzen. Agindu, onartu eta egin! Patxus Arzamendi adiskide arrasatearrak erakutsi zidan Beizamarako bidea, bera handik igaroa baitzen, oso emaitza onarekin, gainera. Eta horrela, Urki baserrira jo nuen.

Beso zabalik hartu ninduten sendiko kideek: Iñaki, Juanita, Joanixio, Jon eta Xabi. Bost adiskideekiko interakzio zuzen eta jarraikia egundoko hauspoa bihurtu zen niretzat, eta hamaika bider komentatu ahal izan dudan moduan Beizamakoa dut inflexio puntu zoragarria euskararekin bizi izan dudan historian. Oso esperientzia ikaragarri polita gertatzeaz gain, nengoen “zirt edo zart”eko abagune hartan arras erabakigarritzat daukat.  Egonaldi hark mundu berri baterako ireki zidan gogoa. Arruti-Olazabal sendiari esker.

Konbentzituta nago, Beizamara joan izan ez banintz egun ez nintzela euskaldun izango. Beizama “universidadean” lortu nuen nik inongo unibertsitatek eskaintzen ez duen titulua: euskaldunena. Eta horrexek aldatu zidan bizitza.

Argazkiak: JMVM

(1) Urki baserrian urte hartan 170 behi zituzten, zenbait ikuilutan banatuta.

Gehiago Beizamako Urkiri buruz: 

https://txemax.blogspot.com/2018/07/ohore-maisuari.html