BILATU

urtarrila 30, 2023

EUSKARAZ IRAKURTZEN

Duela gutxiko mintzaldi batean euskal literaturaren ikerlari batek adierazi zuen azken berrogei urteotan izandako bilakaera aurreko historia osokoa baino askoz ere ikusgarriagoa dela. Hizlaria adineko pertsonei zuzentzen ari zitzaien, eta horietatik ehuneko oso txiki batek bakarrik esan zezakeen inoiz euskaraz zerbait irakurri zuela, Aita Gureaz aparte.

Ikerlari horren gisako baieztapenak topiko bilakatu dira gurean. Noski ekoizten dela nabarmen liburu gehiago inoiz baino; baina gakoa ez datza horretan, irakurleriaren erantzunean baino. Hezkuntza arautuko plangintzan ikasleak irakurtzera behartuta dauden tituluetatik at, zenbat irakurtzen da? Irakurri idatzi dut, eta ez erosi. Portzentualki, duela bost hamarkadatako eta oraingo irakurle euskaldunon artean kopururik handiena zein multzotan dagoen gustatuko litzaidake jakitea. Agian ustekabea eramango genuke.

Liburuekin ematen den joeraz bestaldekoa da, ordea, kazetaritzakoa. Argi markatzen du horrek goranzko norabidea. Arrazoi desberdinak ditugu bilakaera positiboan. Alde batetik kopurua, Zeruko Argia ia bakarretik ehunka aldizkari eta egunkaritara igaro baikara, paper eta digitalean. Bigarrenik hurbiltasuna, beti baita erakargarriagoa, demagun, auzokoaren gaineko albistea. Eta hirugarrenez - badira zio gehiago baina oraingoz aski da- erraztasuna, irudiaren kulturan sartuta gaudenez kazetaritzaren eskaintza liserigarriagoa baita. Eta bost minututan beste gauza batean gaude. Baietz, ezta?

Argazkia: Ekain


urtarrila 23, 2023

IOKIN ZAITEGI: ZUZI-IRAKASLEA


1973ko urtarrila. Duela berrogeita hamar urte gertatu zitzaidan euskalgintzaren ibilbidean nire kasuan oinarrizkotzat jo dezakedana: Iokin Zaitegi ezagutu nuen, euskal kixoterik handiena, ameslaririk erraldoiena, langilerik sutsuena. Hamaika aldiz oroitu dut ordudanik unetxo hura, gau eskolako nire betebeharretatik atera ondoren etxerako bidean topo egin nuenean, ordurako nire baitan erreferentzia bakanez itxura hartzen ari zen euskaltzalearekin. Eta huraxe izan zen bion arteko sei urte luzeko harreman joriaren abiapuntua.

Iokinek erakutsi zidan euskalgintza ez dela bat, anitza baizik. Behin euskararen zirrikituetatik barrena joanda hamaika bide malkartsu eta zailtasunez beteak aurkitzen direla, batzuk naturalak beste asko euskaldunon eskuek apropos sortuak. Denak ez dira ibili beharrekoak, inondik ere. Eta bat ere ez da besteak baino gailenagoa, konplikatuagoa gerta daitekeen arren. Gure mundu txikia da, beste edozein espaziotako fobia eta filia bertsuekin. Bakoitzari dagokio bere ibilbidea irekitzen joatea, besteak nora daraman kezkatu gabe.

Mende erdia eman dut Iokinen zuzi-ikasgai hura presente. Eta oraindik nirekin daramat, partikularitate batekin: amaiera bitarteko tartea zenbat eta laburragoa zaidan neurrian garbiagoa dagerkit ibilitakoa. 

Argazkia: JMVM


urtarrila 16, 2023

EGUNIK ILUNENETAKOA


Azken hamahiru urteotako egunik zailenetakoa da gaurkoa. Ez dakit nola deskribatu. Arazoari heldu nahi diodan arren, ez dut zulotik ateratzeko modurik aurkitzen. Arnas egiteko airea faltako banu bezala gertatzen zait. Horma beltz altu bat daukat aurrean eta ez dut hortik pasatzeko modurik ikusten. Ezagutza falta zait aurrera egiteko.

Egiari zor, badira egun batzuk antzeman nuela zerbait ez zihoala ondo. Baina ez nuen balizko kataklismoa ikusi nahi eta uxatu egiten nituen pentsamendu guztiak, eta hura nola saihestu planifikatzen ibili beharrean, ostruken antzera burua lurrean sartzen nuen, mekanismoak eztanda egin arte. Eta orain telefono mugikorrak planto esan du.

Mundua gainera erori zaidalako sentsazioak harrapatu nau. Berehalako komunikaziorik gabe geratu naiz eta frogatu dut nire baitan, hainbeste aldiz beste norbaitzuengandik jaso dudan ezgaitasunaren itzala: galduta nago! Ez naiz ezer (ia ezer) nire mugikorrik gabe. Nire ezagutza minimoetara jaitsi da. Ez dakit ezta nire etxekoen telefonoen zenbakirik. Ezin naiz inorekin komunikatu. Akabo! Gainera larunbat arratsaldea da eta telefoniako dendak itxita daude. Zein da nire etorkizun hurbila? Aterako al naiz trantze honetatik?

Argazkia: JMVM

urtarrila 09, 2023

GUREAREN EZPALAK

 


Io
kin Zaitegi zenak zioen Platon eta Sokratesen gain idaztean, haritzak zozpela beretarikoa omen duela, edota ezpalak bere egurra dirudiela eta egurrak bere ezkurra, edota nolako zura halako ezpala. Eta halaxe dela egiaztatzen da, Platonen edo Sokrateren ezkutuetan barrena sartu gabe ere. Naturari erreparatuz bizitzaren zikloarekin dugu tupust egiten eta garden ondorioztatzen da gurearen seme-alabak garela, bakoitzak bereari eutsiz eta, ahal delarik, aldaraziz, hoberako edo txarrerako.

Ezin dugu asmatu lehen aldiz goazen errepidearen hurrengo bihurgunearen profila. Gauaren iluntasunak gutxiago hautematen digu gainditu beharreko zailtasuna. Hala eta guztiz ere, ez diogu uko egiten aurrera egiten jarraitzeari. Izan ere, badakigu bidean dagoela erantzuna eta gure bidaia horren bila eratu dugu, jaiotzako unetik beretik.


Ezpalak gara, hainbat eta hainbat belaunalditako haritzen zozpelak, eta gure enborretik ere, ezkurren bidez, zur berria sortu da. Sokrateren beraren irizpidearen arabera, aurrerantzean ere buru argiko adarrak jaioko dira, eta bihotzean labe goria dutenak ere; eta buruan izotz eta garrangak dituztenak; eta bihotzari ahaleginean eragin era tauparazten diotenak; eta... Bai, ezpal berri baina desberdinak. Enbor berekoak izan arren.


Argazkia: Zuriñe


urtarrila 02, 2023

MODU POSITIBOAN

 


Agintzen dut formala izatea eta urteari tonu positiboan ekitea, oraindik nire literatura-txoko honetan arreta jartzen didaten irakurleei kopeta zimurtarazi gabe. Harroputz samar atera zait literarioarena, nahiz eta etimologikoki ez den gehiegikeria, litterarius-ek irakurtze eta idaztearekin zerikusirik duena biltzen baitu bere baitara. Eta ni idazten ari naizena  zuk irakurtzen duzu 
geroxeago.

Norbaitek noizbait esan zidan hitz idatzia ahozkoa baino ikasiagoa dela. Eta ihardetsi nion hura ez zela nire iritzia, oso pertsona interesgarriak ezagutu baititut, ia idazten ez zekitenak. Zer da kultu izatea? Ezin al da naturatik, giza harremanetatik, bizitzaren behaketa xumetik irakurri? Hitz idatzi eta ahozkoak ditugu gizakiok oinarrizko ikasbide, noski, baina era guztietako zeinuetatik ere zuku ederra atera dezakegu gure prestakuntzarako. Besteenganako eta bestearekiko jarrera baikorrak ahalbidetzen digu etengabeko jario hezigarri aberatsa. Eta maisu-maistra paregabeak aurki ditzakegu irakas geletatik urrun ere, bizitzan zeharreko ikaskuntza, alegia.

Ireki dezagun gogoa gure inguruan sortzen denera. Luza dezagun eskua bizi-zubiak sortzeko. Ikasiagoak izango gara, kultuagoak.

Argazkia: Ekain