Agintzen dut formala izatea eta urteari tonu positiboan ekitea, oraindik nire literatura-txoko honetan arreta jartzen didaten irakurleei kopeta zimurtarazi gabe. Harroputz samar atera zait literarioarena, nahiz eta etimologikoki ez den gehiegikeria, litterarius-ek irakurtze eta idaztearekin zerikusirik duena biltzen baitu bere baitara. Eta ni idazten ari naizena zuk irakurtzen duzu geroxeago.
Norbaitek noizbait esan zidan hitz idatzia ahozkoa baino ikasiagoa dela. Eta ihardetsi nion hura ez zela nire iritzia, oso pertsona interesgarriak ezagutu baititut, ia idazten ez zekitenak. Zer da kultu izatea? Ezin al da naturatik, giza harremanetatik, bizitzaren behaketa xumetik irakurri? Hitz idatzi eta ahozkoak ditugu gizakiok oinarrizko ikasbide, noski, baina era guztietako zeinuetatik ere zuku ederra atera dezakegu gure prestakuntzarako. Besteenganako eta bestearekiko jarrera baikorrak ahalbidetzen digu etengabeko jario hezigarri aberatsa. Eta maisu-maistra paregabeak aurki ditzakegu irakas geletatik urrun ere, bizitzan zeharreko ikaskuntza, alegia.
Ireki dezagun gogoa gure inguruan sortzen denera. Luza dezagun eskua bizi-zubiak sortzeko. Ikasiagoak izango gara, kultuagoak.
Argazkia: Ekain
"Nire bizitzan ezagutu dudan gizonik jakintsuena ez zekien ez idazten ez irakurtzen" (José Saramagok Nobel saria jaso zuen eguneko bere diskurtsuan esandakoa).
ErantzunEzabatu"Maiz iruditzen zait nik gazteentzat hitzegiten dudala,..., baina idatzi, zaharrentzat edo helduentzat idazten dudalan gehienbat. Letrek zahartu egiten gaitute" (Iñaki Segurolak, Ganorexia bere liburuan).
Urte barri on guztioi,
Zuzenketak: "Gizonik jakintsuenak" eta "gaituzte"
ErantzunEzabatueskerrik asko, Aitor!
Ezabatu