Ahots batek irakurgaitik atera ninduen
arte ez nintzen konturatu autobusak minutu batzuk zeramazkiela Arrasateko
geltokian, hain justu nik jaitsi behar nuen tokian. Gasteiztik nentorren liburu
baten gaiak zeharo harrapatuta, inoiz lehenago gertatu ez zaidan
intentsitatearekin. "Bigarren aukera" du titulua.
Satur Garcia gasteiztarraren autobiografia
laburbiltzen duen liburua ez da literaturaren historiara pasatuko, ezta
haren jaioterrian osa litekeenean ere. Baina erdiragarria gertatu zait,
gordintasun itzelarekin aurkezten baitio egileak irakurleari bere bizitza
latzeko nondik norakoa.
Jaio bezain laster arabar hiriburuko moja komentu bateko tornuan
abandonatuta, Saturrek infernua ezagutu zuen txiki-txikitatik. Alkoholean busti
zuen gaztaroa, delirium tremenseko aluzinazio itzeletan behin eta berriz
eroriz. Bere buruaz beste egiten saiatu zen gaztaroan eta gazte izateari utzita
gero ere. Marjinazio krudela pairatu zuen hamarkadetan. Eta bere jatorri
ezezagunaren gaineko nortasunik ezak torturatu zuen gupidagabe, oinaze
fisikoari mentala gehitzen zitzaiola, ero etxeko ateak sarritan zeharkatzera
eraman zuena.
Hala ere, egun batean Satur Garcia jaiki egin
zen eta argi bilakatu zitzaion iluna. Ordudanik gasteiztarrak muturrean
zokoratutako pertsonak ditu gogoan eta helburuan. Horiei atxiki zaie gau eta
egun, indarrak ez dituenetik ere atereaz eta Gasteizko gizarte espektrorik
txiroenean egundoko laguntza luzatuz. Hori guztia, bere ekintzak
ozpin tanta batek ere busti gabe, burututako lanaren ordainez hitz mingots
gehiago jaso dituen arren eskerronekoak baino.
Saturrek garbi asko erakutsi digu, Bombay edo Calcutara joan barik ere, gure artean Vicente Ferrer edota Ama Teresaren gisako gizakumeak ari direla jo eta ke, beren herrikide askoren bizitza-duintasuna berreskuratzeko ahaleginetan.