BILATU

apirila 29, 2013

JAENGO ANDALUZIARRAK




Jaengo Ubedara heldu nintzen atzo arratsaldean, hotzak eta elur bustiak lagun.. Eta milaka olibondok inguratuta,  Migel Hernandez poetaren hitzak eta Paco Ibañezen musikak toki hartu zuten nire baitan. Iragan helezinera aldatu nuen  gogoa unetxo batez baina poema eta doinuak aurki itzularazi ninduten  orain gordinaren errealitatera.


Horregatik, espainiar estatuko  %27 langabetuen kolektiboari eskaini nahi nioke gaurko hau, duintasunaren izenean  ezgaitasun, gezur eta hipokresiaren  kontra altxa daitezen. Gainerako guztion babes eta ekintzarekin batera. Derrigorrez itxaropentsuak izan behar dugu-eta.


Andaluces de Jaén,
aceituneros altivos,
decidme en el alma: ¿quién,
quién levantó los olivos?


No los levantó la nada,
ni el dinero, ni el señor,
sino la tierra callada,
el trabajo y el sudor.


Unidos al agua pura
y a los planetas unidos,
los tres dieron la hermosura
de los troncos retorcidos.


Andaluces de Jaén,
aceituneros altivos,
decidme en el  alma: ¿de quién,
de quién son estos olivos?


¡Cuántos siglos de aceituna,
los pies y las manos presos,
sol a sol y luna a luna,
pesan sobre vuestros huesos!


Jaén, levántate brava
sobre tus piedras lunares,
no vayas a ser esclava
con todos tus olivares.


=============.==========





(Gaurko honetarako bart idatzitako itzulpena)
Jaengo andaluziarrak,
olibari harroak,
esadazue, zinez, nork
jaso zituen olibondoak?

Ez zituen hutsak jaso,
ez diruak ez jaunak,
lur apal isilak baino
lanak  eta izerdiak.


Ur hutsarekin eta
planetekin batera,
hiruena da edertasuna
enbor  bihurrituena.



Jaengo andaluziarrak,

olibari harroak,

esadazue, zinez, norenak,

norenak dira olibondoak?



Zenbat olibako mende
oin eta eskuak lotuta,
eguzki, ilargi beteek
zuen hezurrak hustuta!



Jaen, altxa zaitez  sutsu
zure ilargi-harri gainetik,
ez zaitez bilaka esklabu
dituzun  olibondoekin.

=====================.

Migel Hernandezen (1910-1942) poesiari Paco Ibañezek jarri zion musika, 1969an. Jatorri euskalduneko abeslariaren kantaldia ikusi:

http://www.youtube.com/watch?v=QxeFEBSAOUs

apirila 22, 2013

ZERTARA DATOR GREBA OROKORRA?



Iritsi zaizkigu lehen kanpai hotsak hurrengo greba orokorraren gain. Maiatzaren 30ean izango denari buruz mintzatu zaizkigu dagoeneko sindikatuetatik. Eta zoritxarrez  ez dute diskurtsoan ohiko predikutik ezertxo ere aldatu. Antzutasun berdintsutik segitzen dute jo eta ke. Badirudi ez direla enteratu gauzak aldatzen joan direla azken hamarkadetan.


Inoiz ez da gure ekonomia hain ahula izan. Sekula ez zaigu orain bezain etsigarria gertatu industriaren egoera. Inoiz ez dugu hain etorkizun beltzik ezagutu. Eta batzuek euren erretolikarekin segitu nahi dutela ematen du, azken hamarkadetan jaso den mundu irrealaren harri-kartoizko ormak erortzen ari direla ikusi nahi izango ez balute bezala. Ala hori estali nahi  digute grebako aldarrikapen berrietatik? Begira dezagun ezker eta eskuinera eta azpimarra ditzagun gure ekonomiaren puntu ahul eta indartsuak. Zer mapa daukagu? Greba orokorrarekin konpontzerik al dago hain erretratu krudela? Betiko behiari lehortu egin zaizkio errapeak. Beraz?
 

Krisiaren zuloan gaudela arnasa nola har dezakegun asmatzea da lehen-lehenik, zulora zergatik iritsi garen jakitea bigarren (edo hirugarren) mailako inkognita bihurtzen delarik.  Eta zulo etsigarri horretan gaudelako norbaitek erakutsi beharko liguke, denoi, gutxiagorekin eman behar  dela epe labur zein ertaineko desertu-kalbarioa. Soberako gastuak "sakrifikatu" behar dituela esan beharko litzaioke argi eta garbi gizarteari, behiak ematen ez duenean beste berri bat ekarri behar baita, osasuntsua, eta inbertsio horretan daukagun guztia eskaintzea dagokigu alaitasun okerrerako zirrikiturik gabe. Gerrikoa estutu beharra dago, denon alukeriaren ondorioz pobretu egin gara-eta. Eta libre dagoenak jaso dezala besoa.


Grebak ez du ezer konponduko ez bazaio irudimenezko neurri berritzailerekin laguntzen. Eta, zoritxarrez,  ez dut irudimenik antzematen gure sindikatu-buruengan. Euskal gizarteak behar ditu ilusioa piztuko dioten liderrak, egun inondik ere igartzen ez direnak. Politiko, enpresari, sindikalista eta gizarte-eraikinaren mota guztietako eragile irradiatzaileen premian gaude, paradigma obsoleto eta aldarrikapen zaharkituen arropaz erantzita. XXIko eszenategia ezin da XIXko proklama hutsez jaso. Grebarako deiak ez dio ezer gehiagorik ekartzen egoera ilunari, etsipena biziarazteko  erregaia baino.

Argazkiak: Diario Vasco

apirila 15, 2013

EUSKALDUNON BARREA



Askoz hobeto joango litzaiguke eskola garaietatik barre edo, behintzat, irribarrearen garrantziaz mintzatuko balitzaigu. Eta ikasketen arlora ez ezik  barrearen gaineko sentimendu positiboa sendi eta lagun arteko ingurumarietara ere egokitu balitz beste kuku batek kantatuko lioke gure gizarteari. 

Barre egitea eta  barregarri izatea ez dira sinonimoak, noski, batzuei horrela irudi lekiekeen arren. Bata osasuntsua dugun bitartean bigarrenak kalte egin diezaieke pertsonari eta, barregarrikeria giza-kolektibo zabalari aplikatzerik badago, baita herri osoari ere. Noizik behin barregarri agertzeak, ordea, barrearen ondorio osasungarria biderkatu egin dezake, barre eragilea elementu aktiboa bilakatzen baita, normalean errezeloz begiratzen dionaren aurrean. Zer dela-eta errezeloa? Erantzun sinplea: ohituta gaude seriotasun eta iluntasun kronikoa elikatzera eta nekez uler dezakegu bizitza irribarretsu ematen duen gizaki bitxi bezain fidagaitza. Erotzat hartzen dugu maiz.

Baina barreak, eragingarria izango bada, barrutik atera behar du, buruaren logikak bihotzaren zintzotasunetik pasarazi ondoren. Osterantzean gezurrezkoa izango da, tonto barrea, alegia. Irribarrea muskulu-arazoa izan daiteke, soilik. Ezagutzen ditugu beti irribarretsu aritu arren kontzientzia ikatza bezain beltza dutenak. Ez, horren barre faltsuak min egiten du. Egiazko barreak norberarenak ez ezik lagunaren sentimenduak dardarazi behar ditu, kutsakorra behar du izan erroetatik.  

Berezko baikortasuna elkar konpartitzen denean, bizitzaren aurrean irribarretsu agertzea bizitza-estilo magikoa sortzen da. Horregatik hezi behar da giza norbanakoa irribarrearen ezkutuetan ... eta sentimendu positiboen garapenean. Bizitza askoz eramangarriagoa bilakatzen da eta malkoetako ibarrera zigortu zitzaigula has daiteke ahanzten

“Le rire des basques” da Eric Dicharry adiskideak idatzitako liburua. Interesgarria, oso, gure herriak barrerako erakutsi duen eta egun darakutsan jarrera ikertzen baitu egileak. Dicharryren ustez, barrearen sustraiak azaltzeak gizartearen ohituren aldaketa hobeto ulertzen laguntzen du. Eta, gehitzen dut nik, baita elkar bizitza estimatzen ere.


Erreferentzia: “Le rire des Basques” (Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa/ L´Harmattan. 2013. Paris) Barandiaran Bilduma, 17. zenbakia.


apirila 08, 2013

IKASKETA BIDAIAK



Gaur dela berrogeita bat urte Londresera heldu ginen, unibertsitate-ikasketak amaitzera gindoazen ESTE-ko XII. promoziokoak. Apirilak 8 zen eta hogeita bost bat lagun Ingalaterrako hiriburuari goitik beherako errepasotxo bat egitera prestatzen ari ginen. Asmoa minimotan geratu zen, jakina, Londres oso gauza serioa baita eta gu, gizagaixo gordin samarrok, ez geunden prestatuta mundu hark eskaintzen zuen guztirako. 


Tarbesen sartu ginen hegazkin kaskar batera, geneukan aurrekontuaren araberakoa, of course, eta Londreseko bigarren mailako aireportu batean hartu genuen lur. Larunbata zen. BBC telebista "Grand National" zaldi lasterketa ematen ari zen. Hotelera iritsi bezain pronto gutariko bakoitzak aldez aurretik zeukan egitaraua betetzeari ekin zion. 



Grateful Dead, 1972an, Londreseko Wenbley Arenan
Londres zen orduko gazteen lilura, helburu majikoa. Batzuek turismo merkea egiteaz gain, egun haiek gure buruak garaiko musikaz  betetzeko aprobetxatu genituen. Modako  zenbait abeslari, talde mitiko eta musikalekin disfrutatu genuen, ordura arte inoiz ez bezala. Guretzat mundu hura ahokada freskoa zen, Euskal Herrian inondik ere aurkitu ezin genuena. 


Orain europar unibertsitate-gazte askorentzat  Kataluniako itsasbazterreko zenbait herri ei dira jomuga ikasketa-bidaia  xelebreak burutzeko (beti ikasten da bidaietan) Eta  saldoka agertzen dira  egun batzuk topera emateko asmoz. Gu 1972an bezalaxe, bidaia tipo merke eta erosotasun gutxiko horietako batean heltzen dira gaurko neska-mutil horiek. Poltsikoan ere diru asko ez dakarte, guk Londresera eraman ez genuen moduan. Honaino, beraz, bide paralelo edo antzerakoak ditugu orduko eta oraingoa.  Baina badirudi asti-ematerako enfokea aldatu dela gure eta oraingo kataluniazale horien artean, ikasketa-bidaia kontzeptutik hasita. 


Nolanahi ere, gazte guztiak ez ditugu, zorionez, horien modukoak eta ez dira medioetan irteten. Gu atera ez ginen bezala. Inoiz inon ez da publikatu, gaurkoaren gisako egun batean – duela berrogeita bat urte!- ikasketa bidaiari ekin geniola. Normaltasuna anonimoa da.

apirila 01, 2013

PAZKO ASTELEHENA



Pazko hitzaren etimologia klasikoaren zentzu hertsian, Moises israeldarraren denboretaraino igo gintezkeela diote horretaz dakitenek. Izan ere, israelerazko "pesha" bide da misterio osoaren jatorria. 

Pesha-tik euskal pazkora, grekerazko "pásxa" eta laterazko "pascha"tik igaro ondoren, beraz. Ibilbide luzexka izan du hitzak aldaera desberdinez adierazi nahi izan baita, azken finean, jatorrizko esanahi mitikoa: igarotzea. Egiptotik Israelerako jauzia fijatu gura izan zen hitz horren bitartez ... kristautasunak duela hamazortzi  mende eten bazuen ere judutar mitologia ez erosoarekin, eta Nazaretheko Jesusen pasioarekin egokitu egin zen berba. Geroago, kristau egutegi gainerako pazkoak sortu ziren.

Hereje izateko bat ere gogorik gabe, ordea, esango nuke kristau-gizarte ez praktikatzailearen baitan Pazkoak bere zentzu primigenioaren estatusa aldarrikatzen duela, igarotze edo jauzi adierazpenarekin baitago askoz lotuago kristau-ikuspegiaren planteamendu zuzenarekin baino. 

 Pazko Astelehena: tokiz aldatzeko eguna; opor lekutik ohiko etxera igarotzeko eguna; errutinara jauzi egiteko eguna. Itzulera operazioa. Kontuz ibili, ez dadila pasiokoa bihur.