BILATU

ekaina 25, 2018

SOLSTIZIOA


Isiltasunean eta zeruko argitasunaren babespean disfrutatu dut udako solstizioaren gaua.  Prismatikoen bidez urruneko sutzarren dirdira begiztatu ahal izan dut eta unetxo batez gau magikoaren partaide sentitu naiz, nire baitara bildua. Beste inoiz ez bezala eraiki ditut gogoan bizidun izatearen orma hauskorrak. Eta bakearen antzeko sentsazioak inguratu nau, bakardadean.

Ni ere izan naiz hotsaren zalea eta maite izan ditut ospakizun kolektiboak. Zikloak horregatik dira zikloak, hasiera eta bukaera dituztelako. Nik asko itxi ditut, eta konturatu naiz gehienak oharkabez joan direla. Akordatu orduko arrotzen hurrenak zitzaizkidan, nirekin zerikusirik izan ez balute bezala. Baina arreta apur bat jarrita, garbi dago haiek ere nire motxila partikularraren zatiak ditudala, nire NI mugatzailearen ezinbesteko puntu adierazgarriak.

Solstizioak mesedea egin dit eta tartetxo bat eskaini ahal izan diot neure buruari. Gero etxera itzuli naiz eta oinetakoak ihintzez busti zaizkit. Seinale on, euren bizitza ziklo osoa aspaldi erre zuten antzinako lagunen iritziz.

Argazkia: Elena Gonzalez

ekaina 11, 2018

KRISTAUTASUNAREN POLITEISMOA


Errepasatzen ari nintzen lehengoan Luis S. Granjelen "Historia de la medicina vasca" liburua eta egiatasun borobil batekin egin nuen topo: medikuntza iristen ez den tokiraino gizakion fedeak proiektatzen du bere itzala, gaixoaren osasunbideko esperantzan. Historikoki defizitarioa izan den  mediku-zerbitzu labur eta ertz beterikoan naturaz gaindiko laguntzan jarri dute beti gizon emakumeek itxaropena eta pentsatzekoa da leize koba ilunetan ere antzeko mekanismoarekin aritzen zirela gure jentilak, eta aitortu behar da ordudanik sinesmenak psikologikoki egundoko mirariak egin dituela.

Kristautasunak jainko bakarra defendatzen duen arren, bitxia da panteoi zerutiarreko arasetan  agertzen zaizkigun bigarren mailako babesle eta artekarien multzoa. Kristoren aurreko sineskerien hondakinak daitezkeenak sakon sustraitu ziren  gizartearen kontzientzian eta horrela ehunka jainko eta jainkosa txikik betetzen dute gure zeru partikularra: Magdalena, Lazaro, Antonio, Ageda, Eloy, Apolonia, Santiago, Roke, Marina, Kristina... gaixotasun larrietarako abokatu ahaltsuak.

Osasuneko patroiak ez ezik arlo askotakoak azaltzen zaizkigu santutegian: Rita, Fabiola, Barbara, Karlos, Tomas... Garbi dago monoteismoak ezin izan zuela jainko desberdinen oihartzuna guztiz ezabatu. Eta jainko bakarreko kredoa ezarri bazuen ere bigarren mailako dibinitateenganako debozioa ongarritu zuen, gau eta egun, interes propioan.

SOKRATES BERRIA IZANGO AL DA SANCHEZ?

Izan al zen inoiz Sokrates? Batzuek diotenez Platonen inbento zoragarria da, hain zuzen bere elkarrizketei behar bezalako testuingurua emateko asmoz sortua. Beste askok, aldiz, gorputz eta arima jartzen diote,  horren egiatasuna sekula frogatu ezin izan duten arren. Gauza da sokratikoak dialektikaren maisuak direla informazioaren baitan dauden ideia eta kontzeptuen bila aritzeko. Horregatik ere filosofia moralaren aitatzat daukagu Sokrates, egiazko pertsonaia edo fikziozkoa bada ere.

Pedro Sanchezek La Moncloako atearen eskutokia bereganatu duenean, niri behintzat presenteagoak egin zaizkit duela urtebete bat inguru sozialisten ideia berriak aldarrikatuz euren kongresurako deia egin zeneko lehentasunak. Besteak beste, Sanchezen memorandumean irakurtzen zen  kontzepzio politikoari sinesgarritasuna falta zaiola  iharduna mugatuko duen espazio moraleko baliorik gabe, berdintasun, askatasun eta solidaritatearen zutabe nagusi eta ezinbestekoen barruan.

Irakurri dut berriro sozialisten txosten hura eta konturatu naiz, kongresuan aliatu dituen indar politiko batzuen balioak ez direla ezta aipatu ere egiten. Ariketa konplikatua du, beraz, Sanchezek espazio moraleko puzzlean guztion ideiei toki ematen. Alde batetik eta bestetik indar negatiboak hel dakizkioke, eta arrisku bizia du bere burua balizko sokrate berria bilakatzeko. Hurrengo belaunaldiek galde lezakete: izan al zen inoiz Sanchez? Ez al zen PPren inbento miragarri bat izango? PSOEkrates berria?

ekaina 04, 2018

PUNTUAK ETA UNEAK


Aitorpen batekin ekiten diot idazkiñoari: txundi nazaketen eragileak gero eta gutxiago diren uneetan bizi naiz. Areago, oso bakanak dira benetan kezkatzen nauten gauzak. Bizkarrean daramadan eskarmentu-motxila gainezka egitear dago eta bizitzari eszeptizismoaren talaiatik begiratzen diot. Horrek badu bere alde ona: ezer gutxik kentzen dit lo egiteko gogoa. 

Erlatibizatzeko ohiturak toki hartu du indarrez nire baitan eta horrek, gutxienez, osasun psikikoa babesten didala frogatu dit. Ondo gogoratzen ditut era askotako gai puntualek sutan jartzen ninduten egunak. Roucoren aldarrikapen ortodoxoa, Arzallusen ostikoa euskaldunek aza jan nahi ote genuen galdezka, GALen inbentoreak kalean libre ikustea, Kuwaiteko desenbarku telebisatua, industriaren desmantelamendu itogarria, iragarritako prentsaurrekora  kazetaririk ez agertzea, kaleratzear zegoen liburua argitaletxeak zurekin hitz egin gabe atzeratzea... eta abar.

Eszeptizismoak ahalbideturiko erlatibotasunetik espazio zabala irabazarazi dit, non eta soseguan. Geometrian irakatsi ziguten puntuak ez duela dimentsiorik. Uneak -instanteak- ez duen moduan. Ez dira, beraz, neurgarriak. Eta pentsatzen ari naiz bizitza ez ote den ibilbide geometrikoaren une puntualetako soka.

Argazkia: JMVM