BILATU

Trump etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Trump etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

maiatza 18, 2026

EZ DUT DENBORA ALPERRIK GALDU NAHI


Ez nau interesatzen Florentinoren ospeak ezta Donalden aldakortekeriak ere, biek ahalegin guztiak egiten baitituzte era gorrotagarri eta mespretxagarriz mantentzen duten boterean iraunarazteko, inguruko bataz besteko intelektual mailak uler lezakeenaren gainetik. Ez zait axola herrialdeko eskuin muturreko egunkari amorratuenaren erredakzio-taldeak ustezko oposizioko buruzagia erasotzen badu.

Pentsatzen dut —eta gure gurasoek bizitza eman zigutenean guretzat hautatu zuten malko-haran honetan ausardia pixka bat behar da pentsatzen hasteko- abagune izanez gero gehiago interesatzen zaidala aldez aurretik iragarritako nire portaleko bileratik isilpean ihes egitea, eskailerakoen presidentea naizen arren.

Ez dakit honaino iritsi den irakurle gizajoa konturatu den, aurreko lerrokadarekin adierazi nahi nuena Arabako katolikoei nire dolumin sakonenak bidaltzea zela, beren arimen zerbitzurako dituzten artzainen taldea gutxiesten eta iraintzen duen pertsonaia bat gotzain gisa izateagatik. Erromako Elizaren zerbitzari ohi bezala ezer egin ezin dudanez, beste aldera begiratuko dut. Florentino, Donald, Pedro, Isabel eta abarrekin egiten ari naizen gauza bera, ez bainaute batere interesatzen.

Ez dut gero eta urriagoa dudan denbora alferrik galdu nahi.

Argazkia: Ekain

apirila 20, 2026

PROMETEOREN ALDAERAK


Mitoaren garapen gordina ikusten ari banintz bezala iruditzen zitzaidan. Berari ez zegokion sua (jainkoek bakarrik erabil bide zezaketen askatasunez) lapurtu zuenaren gainekoa zen istorioa, legenda, literatura klasikoa eta errealitate bortitza uztartzen zituen munduko eszenategi zabalean eskainia. Bitartean, bere burua jainko berri izendatuak gizaki pobreen etorkizunaren kontrola hartu zuen.

Prometeo berria zen, Zeus ahalguztidunaren ( edo hori uste zen orain arte) gainetik, planetako antzinako zibilizazio guztien etorkizuna bere gurarira egokitu nahi zuena, sua haiek konbentzitzeko arma gisa erabiliz. Mito klasikoaren eta gizon hori-zurbilduak pertsonifikatutakoaren arteko aldea honako hauxe zen: lehenengoak gizateriaren garaipena nahi zuen, eta bigarrenaren asegaitzezko irrikak, aldiz, bere zeruko gortearen ahalduntze sendoa bilatzen zuen.

Prometeo I.ak sua erabili zuen lurra garbitzeko eta gizon-emakumeentzat bizigarri egiteko, eta Prometeo II.ak, berriz, sua erabili zuen lurretalo bizidunak suntsitzeko eta gutxiengoarentzako aisialdi guneak sortzeko, gainerakoak miseriara kondenatuz. Lehenengoa, Prometeo kateatua zen. Bigarrenak, Zeus bera balitz bezala, kateak prometitu zituen. 

====.====

“Itzak egintzak dira onezkero. Lurra kordoka ari da ta ostotsaren oiartzuna orroaka aren erraietan. Oinaztarriaren sigisaga gartsuek diztira egiten dute. Aize biurrak autsa yirabiran darabil… Nire kalte dator, nunbait, eta Tzeugandik aizeburrunba bildurgarri au… Zuek ikusten dituzute nolako bidegabeak yasaten ditudan!!

Prometeo-ren hitzak, Eskiloren “Prometeu burdinean” obrari Bizente Amezagak 1958an egindako itzulpenetik

martxoa 02, 2026

… ETA GERO HIL EGITEN ZARA

 


Lagun bat nuen bizitza putakeria bat baino ez dela... eta gero hil egiten zarela, esan ohi zuena. Arretaz begiratuta, ez zegoen oker, behintzat azken zatian.

Oscar Wilderen biografia irakurri berri dut, eta irudipena dut nire lagunaren ebaluazioarekin guztiz ados egongo zela. Idazle mirestu gisa zuen posizio pribilegiatutik inguruko munduaz barre egiten saiatzen zen, eta ezta bere iragarpen ilunenetan ere imajinatu ezin zuen amaiera bat gorde zion patuak.

Ez daukat kristalezko bolarik, eta ez naiz igarle, baina nahiko gertutik aztertzen dut gizon-emakumeen mundu honetan gertatzen dena —ikusitakoa ikusita ez dut uste Jainkoaren mundua denik—... eta susmoa dut batzuek gaizki amaituko dutela, beren hileta-elizkizunetarako imajinatzen duten eszenatik urrun. Oscar Wildek ere izena aldatu behar izan zuen, atzerriko lurralde batean, txalotu eta beldur izan zioten guztiek ahaztuta.

Oraintxe bertan badira munduaren arreta erakartzen duten pertsonaiak... eta esatera ausartzen naiz, beren poltroietatik jaitsiarazi eta iluntasunean usteltzen utziko dituztela, ziurrenik boterera igo zituztenek eurek. Ba, hori, azkenean hil egiten zarela, Wilde eta nire laguna bezala.

urtarrila 03, 2026

NORK DITU MANIKOMIOKO GILTZAK?


2000. urtean Caracasera egindako bisitan, aukera izan nuen denbora luzez Euskadi-Venezuela Elkarkidetzarako Eguzki elkarteko Domeka Etxearterekin egoteko. Euskal Etxean kafe bat hartzen ari ginen bazkalondo batean, autoan berarekin zihoan semea bala galdu batek hil zuen gertakariaren berri eman zidan. Chávezen estatu-kolpearen aurrekaria izan zen, eta Domekak gertaera tragiko hau kontatzen ari zenerako, Caracasko kaleetako segurtasun eza Europatik etorritako norbaitentzat maila irudikatu ezinean zegoen. Hugo Chavez zen herrialdearen nagusia.

Duela egun batzuk, mediku lagun batek esan zidan Madrilgo bere klinikan, besteak beste, Venezuelako bezeroak dituela, eta haien aberastasuna maila lotsagarrietara heltzen dela, eta botere ekonomikoa harrokeria gaitzesgarriarekin erakusten dutela. Gaur arte, Maduro bolivartarren defendatzaileak gobernatu ditu Caracasko kaleak.

Mundua isilik, Gabonetako ajetik suspertzen eta Urte Berri Oneko oihartzunen artean oraindik, sheriff berri bat agertu da Caracasko kaleetan, jokoaren nazioarteko arauak aldatzeko eta GIZATERIA OSOA egoera konponezin batean murgiltzeko gai dena. Trump gizon hori eroa izan daiteke —ez dut zalantzarik—, baina inork ez du ausardiarik hura ospitale psikiatriko batean sartzeko.

otsaila 10, 2025

GUANTANAMO, MON AMOUR


Gainean ari zaigun hondamendi global berri honetan, ongizatearen gizartetik geratzen zitzaigun apurra desegiteaz haratago nora eramaten gaituen inork ez dakien estrategia geopolitiko batekin, galdetu egin genezake Trump jaunak ezarritako zirkuak ote duen lekurik bururik gabeko funambulista edota kolore anitzeko pailazo gehiagorentzat.

Egiaztapena da hondamendi naturalen ondoren, biktimekiko elkartasun materialaren mugimenduak sortzen direla, hamaika kasutan kaltetutako eremuetako nagusien poltsikoetan amaitzen dutenak. Oraingo zirkuko jabearen emanaldiaren ostean, lider ilehoriari eskua luzatzeko prest dauden herrialdeen elkarlanerako deialdiak izan dira, esaterako El Salvadorrek. Zeren truke? Jakina, denak du bere prezioa.

Eta hori gutxi balitz, Etxe Zuriko maizterraren aurrerako ihes egitean Guantanamoko bidea agertzen da. Aukera izugarri ona Trumpentzat: etorkinak bidaltzen ditu uhartera, arazo bat kentzen du gainetik... eta, zirkuko magia bezala, egun batean Guantanamoko espetxea ireki eta milaka iheslari Kuban zehar hedatzen dira. Trumpek dagoeneko bere gizonak ditu Habanan! Orduan Kubako resort prestatzen has liteke, Gazakoarekin amaitu ondoren. Ez da broma.

Argazkia:  huffingtonpost.es

uztaila 15, 2024

EZ FUTBOL EZTA TRUMP ERE


 Gaur futbolari buruz idatz nezakeen, gaztetan erakarri ninduen eta nire adinean arretarik eskaintzen ez diodan kirola. Badakit lerro hauek idazten ditudan uneetan bi talde daudela ustez euren ohorea eta, antza, sostengatzen dituztenen aberriena jokatzera prestatzen ari.... Horixe da, hain zuzen, futbolaren ikuskizun gero eta erradikalago eta erraialdekoagotik atzera egiten nauen arrazoia.

Trumpen inguruko erasoari - autoerasoa?- buruzko iruzkin batekin ere bete nezakeen txokotxo hau, baina, egia esan, AEBen bezalako herrialde batean, hain bortizkeria, kriminalitate eta etsipen sozialaren tasa altuak dituenean, ez nau harritzen, herrialde horretako historia modernoan ezagutzen den agitatzaile politiko aurkeztezinaren inguruan ikuskizun hau antolatu izana , hautagai errepublikanoa subjektu pasibo gisa edo zuzeneko erantzule aktiboa izan bada ere

Baina gaurkoa ezin dut amaitu, oroitzapen txiki bat izan gabe munduan jarraitzen duten gerren gorrotoaren eta zentzugabekeriaren biktima errubako guztientzat, eta halaber nonahi zabaltzen ari den genero indarkeriako jasaleentzat ere.

Argazkia: europepress

uztaila 08, 2024

AURKEZTU ZAITEZ


Bidenek dioenez, AEBen presidentetzarako lasterketa uzteko duen modu bakarra Ahalguztiduna jaistea eta hala agintzea da. Sasoian dagoela gaineratu du eta ez diela beldurrik Trumpen gezurrei, ezta bere aurka ile horiak egin ditzakeen joko zikinei ere, ziurrenik Putin ia ahalguztidunaren laguntzarekin.

Libreki aukeratzeko askatasuna erabiltzeko eskubidea pertsona orok dutela pentsatu dut beti. Gizaki bakoitza aske da eta, beraz, arduradun eta erantzule, bere bizitza gehien nahi duen tokira bideratzeaz, edozein garai eta ordutan. Baina besteen askatasuna pertsona baten menpe dagoenean, gogoratu behar da badirela erabakiak hartzea zailtzen duten eta nor kide den taldearen funtzionamendu ona arriskuan jartzen duten faktoreak. Eta elementu problematiko horietako bat adina da. Izan ere, konbentzimenduz diot, zenbat eta zentimetro gutxiago geratzen zaizkigun bizitzaren metrotik, orduan eta mingarriagoa baita eguneroko martxa, edozein dela ere gure gain hartu behar dugun ardura.

Ez dut ikusten Jainkoa lurrera jaisten Bideni agintzeko bere ahaleginetatik alde egitea. Eta bere jarrera higiezinari erreparatuz, iruditzen zait aingeru eroriren bat izan dela, infernutik etorrita, hautagai demokratari belarrira xuxurlatu ziona: "Aurkeztu zaitez! Denetarik duzu irabazteko"

Argazkia: RNZ News

azaroa 08, 2020

AND THE WINNER IS...

 


Samurrena izango litzateke esatea demokrazia izan dela irabazlea, baina hori bagenekien aldez aurretik, erregimen totalitario ez den beste edozein politika-sistematan bezala, hautesle teorian askeek erabakitzen baitute, oraindik ere, AEBetako etorkizun hurbila.

Hauteskundeen osteko boto-zenbaketa luzexkaren ostean, Trumpek ez du irabazi, eta mundutik zehar haize ufada lasaigarri bat korritzen ari da, hainbat izpiritutan garaile izatezko sentsazioa piztu araziz. Bidenek kendu dio aginte makila Etxe Zuriko orain arteko egoiliarrari eta suzkoak bailiran erion dira hainbat eta hainbat eztarri errepublikazaletatik kexa eta zorigaiztoko proklamak, munduak ez duela irtenbiderik oihukatuz. Espainian eskuin muturrekoak – horiek ez dira errepublikaren aldekoak- ilun daude.

Trump aurkeztezinak ez du aurreko hauteskundeetako zortea izan eta orduan bultzatu zuten korporazio, enpresa eta erakunde asko orain pozik ageri dira, «blond clown »ek kasurik egin ez dieneko lau urte ekonomiko txar pairatu ondoren, galdutakoa berreskuratu ahal izango dutelakoan baitaude, Obamaren eskuineko eskuaren itzalpean.

Biden ipini dute boterean boteretsuek – eta hiritarren gogaitzeak ere, jakina- eta orain ongi etorriko zeremoniari ekingo zaio, garaileek «eta nireaz, zer?» txeketegia eskuan astinduz  itaunduko dioten bitartean. Ba hori, lehen bezala... edo antzerako. Dena den, agian espektakulu berri baterako sarrerak ipiniko ditu eskuragai tronurik gabeko pailazoak. Eta zirkoak numero harrigarriren bat eskain lezake oraindik ere.

azaroa 02, 2020

ZER GERTATUKO DA BIHAR?

 

 Azaroaren lehen asteartean munduko arazorik handienetako baten gainean erabakiko da, gugandik urrun geografikoki, baina deliberamenduaren ondorioek bete-betean harrapatuko gaituzte, gu ere - batzuetan alderantziz dela pentsa genezakeen arren- mundu honetakoak baikara, oraingoz behintzat. Ameriketako Estatu Batuetako hiritarrek aukera dute, duela lau urte atzeko atetik sartu zitzaien giza-birus aurkeztezina Etxe Zuritik botatzeko. Ikusiko dugu zer nolako joko zikina duten oraingoan prestatuta trumpeteroek, eta berriz ere, gizateriaren lotsarako, garaile bihurtzen den newyorkiarra.

AEBetan denetatik gerta daiteke. Ohituta gaude espektakulu sinestezinetara. Askatasunaren herria madarikazioak hartu ei zuen independentziako egunetik bertatik eta amerikar mirariaren espektro tetrikoak milioika estatubatuarren miseria material eta izpirituala ahalbidetu du, luzera, zabalera eta sakonerakoan. Errealitatea gordinagotzen duena da, AEB munduko herrialderik boteretsuena dela, eta horrek guganaino helarazten ditu morrontzaren txinpartak.

Bihar, azaroak 3, zentzuzko tronpetek joko balute “public danger number one” zokoratzeko bidea irekiko litzaieke iparramerikarrei eta gure arnas estua arinduko litzateke. Primeran letorkigukeena, gainera erortzen ari zaigun guztiarekin. Eta ez nagokio bakarrik Covid19ri.

otsaila 03, 2020

BI ZORO GEZURTI


Elkartu dira bi zoro eta milurteko arazoari irtenbidea aurkitu diote. Eta gero muin eman dute elkar, bakoitza bere etxera poz-pozik abiatu aurretik. 

Netanyahu eta Trump, munduko eszenategiko bi eragilerik arriskutsuenak ados jarri bide dira Ekialde Hurbilean Bibliako garaietatik den gatazkari azken puntua emateko. Eta gero Iranera igaroko dira edo Koreara. All for peace. Ze arraio! esan du Trumpek, “Ni ez ninduten txikikeriak egiteko hautatu, inork lortu ez duena loratzeko baizik” Eta lasai geratu da. 

Alde bakarreko aliatuek - eta ze aliatu!- bidez bestaldeko etsaiekin konponketarako oinarria jarri dutela haizatzean musika zerutiarra aditu ordez herioaren epikotasun tragikoak harrapatu nau, eta dardaran ipini. Ezen, ez al ziren bi kanaila horiek soldadutzan egon? Eta ez al zieten irakatsi etsaiari ez zaiola ezta urik eman behar? Noski maite dituztela gerrak! Orduan? Noiztik zarete palestindarren lagun? Esan dut palestinarrena, eta ez arabiarrrena. Horrek beste hausnarketatxo bat beharko bailuke. Nork sinetsiko dizue auzia konpontzeko bidean jarri duzuela, etsaiaren txikizioaren bitartez ez bada?

Bada, hori, esaten nuena. Zoro (arriskutsu)... eta gezurtiak: ezinbesteko osagaiak zanpatzaileen labean opil kirastu pozoitsua prestatzeko.

abendua 31, 2018

OLENTZERO, MAGOAK ETA... ERGELAK


Ez dago opari berririk erregeetara arte. Horixe entzun nion ama bati Gasteizko tranbian, Olentzerok bereak banatu zituenetik berrogeita zortzi ordu oraindik eman gabe. Eta ezetz asmatu, irakurle zintzoa, nor ikusi nuen tranbian bertan aurreko esaera aditu eta berehala. Ba, ozeanoz bestaldeko pertsonaiarik kalifikaezinena,  bagoiko nire jarlekuaren ondoan eserita. Eta bere krapula-begirada galdu eta ergelarekin andreari galdetu zion zenbat urte zituen haurrak.

Ez nuen amaren erdiespena entzun ahal izan, baina higuingarriaren zantzoek bete zuten tren espazio itxia, “I already fucked every day at his age”, euskara batuan, gutxi gora behera, "nik bere adinean narrua jotzen nuen egunero" adierazten duena entzun genezakeen bitartean. Baieztapen lapidario eredugarria nire sentsibilitate higatuan dardara eragiteko gai izan zen. Sukar puntu batekin nengoen eta horregatik ezin dut ziurtatu honakoa ere gertatu ote zitzaidan: jiratu nintzen Trumpengana eta bere begien aurrean esan nion: ”You're not more stupid because you don't train”

Ulertu ote zidan ala ez berdin zait. Ni lasai geratu nintzen. Eta uste dut, tranbiatik atera aurretik istorioaren subjektu pasiboarengana joan, ilea ferekatu eta «zorte on Errege Magoekin » opa niola. Berak begi keinu lagun bat eskaini zidan.