BILATU

Brusela etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Brusela etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 01, 2016

AGUR ALTZAIRU, AGUR



Urkullu lehendakaria Bruseletik ibili da, altzairuko sektorea Euskadin jasaten ari den egoera latzak eroanda. Gurean oinarrizko industria-adar indartsu  izandakoa azkenekoetan dago eta  hiltzeko zoriango tratamendua behar du.  Bruselan aringarriren bat eskain diezaiokete, azken hatsa oinazetan eman ez dezan. Heriotzaren ateraino eroan zuten berdintsuek seda lezakete orain gaixo terminala.

Altzairuko euskal sektorea suntsitu egin da azken hogeita bost urteotan. Altzairu arruntaren 1975eko lehen errekonbertsioaren eta altzairu integralaren 1990ekoaren bitartez euskal siderurgia lehiakorraren eraikina birmoldatu zen, eta inork gutxik pentsatzen zuen orduan praktika liberalek zeharo jota utziko zutenik euskal ekonomiaren mendetako zutaberik garrantzitsuenetakoa.  Baina hala jazo da, Europatik zuzendutako politika guztiz irrazionalen bidez,  Europa Batua eta estatuen Europa proiektu
kontrajarriak direla birfrogatuz. 

Noski, enpresarioek eurek ere zerikusirik izan dute galera berreskuraezinean, nahiz eta  argudia lezaketen beraien diruarekin nahi dutena egiten dutela. Ni ez nago argudio horrekin ados, gizarte-erantzukizuna ere tartean baitago eta gobernu ez hain amore-emailerekin beste kuku batek kantatuko zuen orain. Ziurrenik, hil ezkiletako doinu ilunaren oihartzunik gabe.

Argazkiak: steelworld.com eta JMVM
 



 

maiatza 27, 2013

IRUZUR FISKALA, IZURRITEA



Apple konpainiak mila milioi mordo bat euro aurreztu zituen iaz zergak AEBetan ordaindu beharrean Irlandan egiteagatik. Kontuan izan ez garela hirugarren munduko lurraldez hitz egiten ari! Eredugarria, bai jauna. 

Hiritar arrunta ahoa bete hortz geratzen da - naiz- horren gisako albisteak irakurtzean. Eta horren adabaki xehe gisa Merkelek diosku, Europar Batasunean urteko bilioi bat euro galtzen dela iruzur fiskala tarteko. Barkatuko dit kantzilerrak baina ezin dut konprenitu horrenbeste desproposito. Iruzurra izurrite bihurtu da.

Makineria funtzionarial ikaragarria daukagu Bruselan. Auskalo zenbat kostatzen zaigun Belgika eta Luxenburgoko hiriburuetan gure ekimen zalantzagarriak eraikitako egitura erraldoitzarra! Eta zertarako? Europar Batasuna, beste ezertarako bokaziorik ez duenez gero, ekonomia azpiegitura ordenatzeko antolatua bada, nola demontre egon daiteke legeria egoki bakar eta oro jagolerik gabe? Galderak ez dira gutxi, eta erantzunek ez dute iluntasuna argitzen, interes gehiegi baita tartean. 

Europako goi politikoen uneko aieneetan sinesmen gutxi jartzen dut, bakoitzaren ohiko joko ezleialei erreparatuz.  Horregatik,  normalena litzateke balizko lege-koordinazioak eragozpen ugarirekin talka egitea. Eta artifiziozko suak piztuko dizkigute despistatzearren. Izan ere, nork jarriko die lepoan lazoa, eskuak multinazionalek lotuta dituzten estatuei?  Eta gurera estrapolatuz, nola nahi dugu aurrera joan iruzurraren kontra, baldin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu fiskalak konpartitzeko arazorik bada?  Eredugarria, baietz!