BILATU

Batzokia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Batzokia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

abendua 03, 2012

MENDEURREN BATEN INGURUAN


Ehun urte eman dira, aramaioar ausart batzuek -sentimenduek eta ez interes materialek eraginda- herriko Batzokia abian jarri zutenetik. Mende oso baten ibilbide malkartsuan -berrogei urtetako tunel ilun eta beldurgarria barne- denetariko istorioak bizi izan ditu aramaioar jeltzaleen kolektiboak, Euskal Herriko beste guztien antzera.


Karlismo atzerakoi eta interesatuaren itzalean herri bezala ezin suspertuz, gogor astindu behar izan zituzten aitzindari haiek beren herritarren kontzientziak, euskal sentimenduaz jabe zitezen. Helbururako ahalegina ez zitzaien samurra gertatu, eta bi hamarkadatako lan eskergaren saria indar faxistek errotik erauzi zuten gerrarekin.


Euskal gogoaren eraikuntzarekin konprometituriko aramaioar haien ereintzak fruitu ederra sortu zuen aurki eta bigarren belaunaldi loratuaren abiapuntuan -1930 inguruan- oso herritar jelkide esanguratsuak ditugu, gizonezko eta emakumeak, azken horiek aurrekoen artean ez bezala. Egungo askoren ama eta aitak ziren; aitzindari haiek aitajaunak dituzten bezala.  Eta katea ez da eten.


Euskal mapa politikoa aldatu egin zen, guztiz, tunel  ikaragarri  hartatik irteteaz batera. Desagertu zen karlismo antzugarria eta herri kontzientziak hartu zuen toki Euskal Herriko espektroan. Baina ez zegoen deskantsatzerik, egun ere ez dagoen bezala. Tentuz eta zuhurtziaz dagokigu lan egitea, amore eman gabe, bakoitzari hoberen datorkion sailean. Oraindik bidea sastrakaz eta oztopoz zaildua agertzen da. Horregatik helburua egintzat ematea, duela mende bateko abertzale haiei iseka egitearen hurrena izango litzateke.

abuztua 27, 2012

IZAN ZIRELAKO IZAN GINTEZKE




Urriaren 21ean ezagutuko dugu zehazki zer nahi duen oraingoan  EAEko biztanlegoak.  Eta handik aurrera alderdi politikoei egokituko zaie aliantzen entramatua eraikitzea, hurrengo lau urtetarako ibilbide politikoari mugak ipintzeko. Nolako zeinuak  izango dituen kinielak?  Inork baleki!

Abuztuaren 25ean –herenegun- ehun urte bete ditu Aramaioko Batzokiak. Duela mende bat esan izan baliote Domingo Etxebarriari - herriko EAJren aurreneko lehendakariari- 2012an Aramaion abertzaleak gehiengo osoa izango zirela... ez zukeen sinetsiko. Eskuin kontserbadoreak -karlismo jaimista- nagusitasun iraingarria erakutsiz, jelkideen ahaleginak porrotean erretzen zituen orduko udal politikan. Ez zegoen egoera aldatzerik, eta kazikismo antzugarriaren garroek aramaioar abertzaleen itxaropenak itotzen zituzten etengabe.

Antzerakoa gertatzen zen Euskal Herriko gainerako herrietan, euskaldunok gure etorkizunaren erantzuleak izan gintezkeenaz jabetu barik. Espainiar kapa beltzak estaltzen zuen soin ezinduaren kontzientzia, ongi eta gaiztoaren arteko marra zabalak kontzientzia horren garapen naturala infernuko betiko sutzarrera kondenatzen zuelarik, garaiko botere politiko eta erlijiosoaren arteko kontubernioa elikatuz.

Ehun urte geroago, Aramaioko Batzokitik euskal mapa politikoari erreparatuz,  ubide abertzalearen nagusitasunari behatzen zaio, deitura desberdinetako ibai eta errekastoak  baditugu ere. Atzera begira jarriz gero, ordea, mende honetan lorpen on ugari izan direla egiaztatuko dute; baita urrats oker asko eta asko ere. Eta gure herri honek bidean malko dezente isuri duela aitortuko diote elkarri. Alperrekoak? Ez dugu sekula jakingo.

Mendeko tarteak irauli egin du euskal kontzientzia, ezkutuko itzaletatik azaleraziz. Baina mende bat ez da ia ezer, bizirik milurteak daramazkien soin estuarentzat. Horregatik uste dut bazterrak sasiz garbitzeak dimentsio argiagoa eman liezaiokeela eremuari. Eta esparru naturaleko soroak ongarrituz uzta itxaropengarriaren atarian geundekeela.   Nolanahi ere, ez gaitezen labirintu ulergaitzetan gal, ez baigenuke ezer aurreratuko. Ez dezagun, ordea, aukera kareletik bota, etsipena gailen ez dakigun.

Zorionak Aramaioko jelkideei, euren lehen mendeurrenarengatik! Izan zirelako, gu ere izan gintezke.

Argazkiak: Tere Anda