BILATU

azaroa 27, 2017

ELIKAGAIEN BANKUAK



Lehengo ostiralean Arabako Elikagaien Bankuak Gasteizen eratutako ekitaldi batean hartu nuen parte. Abenduaren 1 eta 2an izango den kanpaina berezia aurkeztea zen helburua eta pozarren eskaini nuen nire aletxoa, hainbat eta hainbat pertsonen oinarrizko bizitza premia arintzea gutariko bakoitzaren betebeharra baita. 

Elikagaien Bankuak, gizarte larderiatzaile eta xahutzaile akaberakoaren lehen lorpen positiboa direlakoan nauzue. Egoera etsigarria bilakatu denean, bat batean, itxaropena loratu da.  Oinarrizko giza baloreak galduta, hara non, Elikagaien Bankuen bidez, loak hartuta daukagun gizarte kontzientzia astintzeko elementu dinamizatzaile bat ageri zaigu.

Elikagaien Bankuak gure inguruan agertzeak zerbait oso gaizki egin dugula adierazten du. Horregatik, hitzaldi antzu eta idorretatik aldentzea dagokigu,  gizarte justu bat lora lezakeen iraultza sozial berri bati ekiteko. Banku horiek - eta ez mila milioiko eurotako irabazietan igerian ari diren higuingarriek- jar ditzakete hiritarrak martxan, kontzientziak duinduz eta indar sozialak berregituratuz. Martxan diot, oraingo inmobilismoak ez baitu hondamendia besterik ekarriko, eta ondorioz gizadiaren deskonposizioa.

azaroa 20, 2017

LAUREHUN



Laurehun aldiz agertu naiz txoko honen portadara idatzizko ekarpentxoekin. Laurehun idazki txiki izan dira, pretentsio handi gabeak,  tabernaren batean goizeko lehen kafea hartzen dudan bitartean izkiriatuta.  Telefono mugikorra erabiltzen dut normalean,  oso tramankulu erosoa baitaukat instanteko gomutak islatzeko. 

Modu ez egokian deitutako klase pasibora igarotzearekin batera ekin nion blogeko abentura berriari eta duela zazpi urte nire baitan iragarri nuen baino  emaitza hobea izan dela esango nuke. Behintzat,  liburuen eta paperezko albistarien bitartez inoiz ez sentitutako irakurleen presentzia igarri dut lineako edizioan. Eta hori, irakurlearen erreakzioa aldeko ala kontrakoa bada ere, eskertzekoa dugu idazleok, norbaitek irakurri egin dizula adierazten baitu. Gutxi ez dena. 

Galdera bat gaurko hau idazten amaitu baino lehentxeago: zergatik nire herriko tabernetako telebista aparailuek, Tele5 edo TVE-1en irudiekin zigortzen gaituzte etengabe? Gure deskonexioa hortik has liteke, ezta?

azaroa 13, 2017

OINEKIN IBILI



Nork bere oinek daramaten ibilbidetik barrena egitea ariketa osasuntsutzat daukat, batez ere buruarentzat. Etxetik atera baino lehen ibilbidea markatuta edukitzeak seguritatea eman diezaioke protagonistari baina, frogatua daukat, emozio puntu bat kentzen dio abenturari. Behintzat niri sarritan gertatu zait etxera "bidai programatu" horietako batetik itzuli eta barne satisfakzioaren maila txikiagoa izan, gero eta usuagoak ditudan ibilaldi anarko samarretatik iristean baino. 

Izpirituari ahalik eta askatasunik handiena eskaini behar zaio. Bestela ez litzateke izpiritu izango, edozein suzedaneo kaskarra baizik. Itotzen gaituzten hainbat eta hainbat kortse sozial, ekonomiko, kultural edota erlijioso behingoz popatik hartzera botatzea derrigorrezkotzat daukat nire burua zeharo automata bihur ez dakidan. 

Interesgarria da edozeinentzat lantzean behin bizitzan barrena norabiderik gabe egitea, garrantzitsuena ez baita iristea baizik iristeko ahaleginean zer bideak erabili dituzun ezagutzea.

Argazkia: JMVM

azaroa 06, 2017

ITZULPEN MONUMENTALA



Ehun urte betetzen dira frantsesen kontrako azken gerratean Gasteizen izandako bataila gogoratzen digun monumentua eraiki zenetik. 1813-1917-2017 horratx daten katea, eta efemeridea. Eraiki idatzi dut eta ez inauguratu, izan ere nik dakidanez behintzat inauguratu ez delako. Baina hori ez da gaurko idazkiño honen zioa, azken finean berdina baita bedeinkazio erlijioso edota zibilaren tantekin zipriztinduta egotea ala ez; balioa bere adierazpenean datza-eta.  Oraingo kasu honetan, ordea, hausnarketak ez nau monumentuak adieraz dezakeenaren gaineko bide bihurrietatik barrena abiarazi. Beraz? 

Aipatu monumentua helburu hartuta, "Guía didáctica" deritzan liburuxka argitaratu da Arabako hiriburuan. Hamabost orrialdetan zehar irakurleak ideia zehatzak eduki ditzake - gazteleraz irakurtzen badu- 1917tik Andra Mari Zuriaren plazan dagoen Gabriel Borrasen obrari buruz. 

Ulertzen ez dudana da, nola arraio baimendu duten liburuxkaren beste hamabost orrialdetan euskarazko bertsio negargarria publikatzea. Ez naiz gehiegikeriatan ari. Gida didaktikoa? Euskaldunon adimenari iseka egin zaio. 

"1917ko abuztuaren 4tik bere hernia ohoratzeko eraikitako monumentua andre zuriaren plazan, arabako Miguel Ricardo, gertaera garrantzitsuenaren oroipena betikotzen duen momentuan gertatu zen hirian eta bere ingurunean, gasteizko gudan. Hiriguneko kokapenak bihurtzen du funts bezala andre zuriaren horma-hobiarekin san miguel-en elizako arkupea duen benetako posta-txartelarekin" 

Ulertu al du irakurleak ezer? Nondik nora doan antzemateko, “Guía didáctica”ra jo behar da. Bada, hori: iseka.

Argazkia: 1917ko abuztuaren 4ko "La Libertad" egunkaritik hartuta.