BILATU

telefono etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
telefono etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

iraila 15, 2025

CUPERTINOTIK ALDENDUZ


Jakina, Applek bere marketin politika propioa du, eta ez naiz orain Uribarri Ganboa herri txiki honetatik etorriko, dirua irabazteko makina estatubatuar boteretsu honen pentsamoldea aldatzera. Oso litekeena da, beren IA guztiarekin, ez jakitea non dagoen leku hau. Baina ez nadin desbidera.

Hamabost urte baino gehiago daramatzat iPhone erabiltzen, bezero-hornitzaile harreman nahiko konplexua izanik. Ezin da esan bisitatu behar izan ditudan hainbat denda ofizialetan topatu ditudan saltzaileak bertutearen eredu direnik. Areago, gaitasunen baten faltan zeuden.

Duela egun batzuk, telefonoa lehertu egin zitzaidan; funtzionatzeari utzi zion. Hiriburura joan nintzen matxuraren arrazoia galdetzera. Ia aurpegira begiratu gabe, esan zidan komertzialak: 450 euro gehi BEZa.

Alde egin nuen haserre eta nire etxe ondoan pakistandar batzuek ireki berri duten denda batera joan nintzen. Gailuaren sintomak antzeman ondoren, esan zidaten: pieza hautsia ei dauka, 45 euro.

Arrisku bat hartzen ari nintzen, banekien: Appleren "bermea" haustear nengoen. Eta zertarako balio izan dit orain arte? galdetu nion neure buruari. Eta bigarrenez pentsatu gabe, kontratu teorikoa hautsi nuen: Apple oroxurgatzaile garesti horretatik askatu nintzen.

Bestearengandik desberdina izateko nahiarekin giza ergelkeria sendotzen ari denak ehunka mila lanpostu sortu ditu mundu osoan, kontsumitzailearentzat askoz prezio merkeagoan eskainiz ordeztezinak ordezkatzeko prest. Argi daukat: telefonoa oraindik erabilgarri dagoen bitartean, Pakistangoekin jarraituko dut. Gero, bizirik banaiz, ez dut iPhone bat erosiko. Bye, bye Cupertino!

urtarrila 16, 2023

EGUNIK ILUNENETAKOA


Azken hamahiru urteotako egunik zailenetakoa da gaurkoa. Ez dakit nola deskribatu. Arazoari heldu nahi diodan arren, ez dut zulotik ateratzeko modurik aurkitzen. Arnas egiteko airea faltako banu bezala gertatzen zait. Horma beltz altu bat daukat aurrean eta ez dut hortik pasatzeko modurik ikusten. Ezagutza falta zait aurrera egiteko.

Egiari zor, badira egun batzuk antzeman nuela zerbait ez zihoala ondo. Baina ez nuen balizko kataklismoa ikusi nahi eta uxatu egiten nituen pentsamendu guztiak, eta hura nola saihestu planifikatzen ibili beharrean, ostruken antzera burua lurrean sartzen nuen, mekanismoak eztanda egin arte. Eta orain telefono mugikorrak planto esan du.

Mundua gainera erori zaidalako sentsazioak harrapatu nau. Berehalako komunikaziorik gabe geratu naiz eta frogatu dut nire baitan, hainbeste aldiz beste norbaitzuengandik jaso dudan ezgaitasunaren itzala: galduta nago! Ez naiz ezer (ia ezer) nire mugikorrik gabe. Nire ezagutza minimoetara jaitsi da. Ez dakit ezta nire etxekoen telefonoen zenbakirik. Ezin naiz inorekin komunikatu. Akabo! Gainera larunbat arratsaldea da eta telefoniako dendak itxita daude. Zein da nire etorkizun hurbila? Aterako al naiz trantze honetatik?

Argazkia: JMVM

uztaila 06, 2015

SOZIALAK ALA ERGELAK?



Gasteiztik etxerako autobusean nentorren iragan astean eta aurreneko aldiz nire bizitzan tapoiak erabili nituen. Argizarizko tapoiak, hain zuzen, hiru jarleku atzerago eserita neraman emakume baten telefono bidezko berbaldi alua ez entzuteko. 

Telefonoaren morroi izan gaitezke, ala ez. Nork bere mugak jartzen ditu haren erabilpenean. Pertsonaren alukeria, aldiz, telefonoa baino berezkoagoa da, nahiz eta aparailuaren bitartez proiekta daitekeen ad infinitum. Konturatu al zara, irakurle, zer txorrada sorta entzun daitekeen autobus batean, bakar bakarrik - guk eskatu gabe- norbaitek bere bizitzaren partaide egin nahi gaituelako?

Tapoietako anekdota kontatu diot lagun dudan euskal idazle eme bati eta berak azaldu didanez behin halako berbaldi txoro bat jasan behar izan zuen, ordu bete luzez. Lagunaren atzean eseritako mutil bat beste norbaiti zehazkizun guztiekin azaltzen ari zitzaion bere emaztegaiarekiko haustura. Komunikazioa amaituta, nire lagunak burua itzuli eta senargai ohiari bota zion: “Autobuseko guztioi eman dizkiguzun zehazkizunen arabera, neska oso majoa zen eta gaizki egin duzu hain erabaki traumatikoa hartzeaz” 

Autobus eta antzekoetako telefono-elkarrizketa multientzuledunak izango al dira sozializazioaren arrastorik primitiboena? Ala giza-ergelkeriaren oinarrizko sintoma?

 Argazkiak: zientziakaiera.eus; autobusnet.com


ekaina 29, 2015

TELEFONOAREN ESKLABO



Gizon-emakumeok al gara izaki bizidunen artean elkarri komunikatzeko premia dugun bakarrak? Nik ezetz esango nuke, baina auskalo! Komunikatzeko zaletasuna, ordea, bai, zalantzarik gabe. Batez ere telefono bidez. Modu irudiezinean biderka ditzakegu telefono deiak, askotan ezer ez adierazteko ere, berba egitea ez baita berez komunikazio sortzea. 

Telefonotik esekita orduak emateko gaitasuna dugu pertsonok eta horrezaz asko dakite telefoniako konpainiek – horra hor, Euskaltel eta bere zuzendarien azken abentura "bonusistikoa"- bi telefonok (edo gehiagok) elkar komunika dezaten zubia eskaintzea egundo irabazpide mundiala bilakatu baita. Disparatu egin da konexioaren kontsumoa, komunikazioa hazi dela ziurtatzerik ez den bitartean. Hori bai, hori, kontraesan erraldoia! Komunikazioaren izenean, inkomunikazioaren zurrunbiloan esklabo. Horretan gaude. 

Telefono edukitzea luxua izan zen garaietatik hainbeste euri ez du egin eta telefonoaren morrontzatik nola ihes egin asmatzea luxuzko erronka bihurtu zaigu hiritarroi. Animalia ez arrazoidunei gertatu ez zaiena. Horretan ere irabazten gaituzte.

urtarrila 30, 2011

EZKONTZA ZIBILA ETA TELEFONOA



Ezkontza zibileko ituna arinagoa bide da telefono-zerbitzuari dagokiona baino. Horrela uste bide du Espainiar Gotzain Batzordeak, eta hala adierazi du bozeramale eta idazkaria duten Juan Antonio Martínez Caminok. Gaineratu du, Espainian ezkontzen kasuistika arautzen duten legeak irrazionalak, bidegabekoak eta kaltegarriak direla, batez ere homosexualei dagozkienak.

Kristaua naiz, kristau fedean hezi nindutelako. Seguru nago, Marokkon –adibidez- jaio izan banintz islamiarra izango nintzela. Kristautasunaren ikurra daramadan bezala, Athletic edo Errealeko zale-izpiritua eramango nuen (futbola atsegin izanez gero) samur asko, marokiar jaio izan banintz Rabat edo Casablancako futbol ekipokoa izango nintzen legez. Zergatik? Kristaua edo athletic (edo erreal) zale baino lehen, pertsona naizelako –zirkunstantzia guztiekin- eta nire gogoak agintzen dizkidan arau moralak pertsona-izate horri dagozkionak direlako.

Elizaz ezkondu nintzen, gustura gainera. Gure garaian aukera izan bagenu ere, ziur nago ez nukeela matrimonio zibila hautatuko. Eta ordudanik hogeita hamabost urte luze eman ondoren, ez naiz damutzen ezkon-zeremonia hartaz ezta, jakina, ondorioaz ere. Baina nire sentimendu hau ez dit eliza katolikoak ahalbidetu. Bi pertsonaren arteko itunak bataren bestearenganako konfidantza eta begirunean oinarritzen du iraupena, eta erlazio hori giza-sentimenduetan eraiki behar da, iraungo badu.

Juan Antonio Martinez Caminok ere gogoratuko dituen historia hurbileko eliza-ezkontza batzuen adibideak datozkit burura: Franco jeneralaren bilobak, Juan Carlos Borbonen alaba, eta abar. Zeremonia ultrakatoliko ortodoxo horietan goi ordezkariek –Artzapezpikuak, Batikanoko ordezkariak...- parte hartu zutelako, pentsatu behar al dugu jainkoren batenganako askoz lotura zuzenagoa eman zela ezkontza-itunetan? Aseguratua zegoen, beraz, “heriotzak berezitu arte” ospetsua? Ez dirudi hala izan zenik.

Espainiar Gotzain Batzordeak mezu zitalak jaurtikitzeari segitzen dio, etengabe. Niri, nire bizitza erlijiosoari eusteko, gotzainek diotena ez zait aspalditik interesatzen. Ume nintzenetik oso modu arinean jorratzen joan naizen erlijios-bidea apalki ongarritzen jarraituko dut, Jose Antonio Pagola, Txema Auzmendi, Joxean Arregi eta horien gisako kristauen ereduekin.