Gizon-emakumeok al gara izaki bizidunen artean
elkarri komunikatzeko premia dugun bakarrak? Nik ezetz esango nuke, baina
auskalo! Komunikatzeko zaletasuna, ordea, bai, zalantzarik gabe. Batez ere
telefono bidez. Modu irudiezinean biderka ditzakegu telefono deiak, askotan
ezer ez adierazteko ere, berba egitea ez baita berez komunikazio sortzea.
Telefonotik esekita orduak emateko gaitasuna
dugu pertsonok eta horrezaz asko dakite telefoniako konpainiek – horra hor,
Euskaltel eta bere zuzendarien azken abentura "bonusistikoa"- bi telefonok (edo gehiagok)
elkar komunika dezaten zubia eskaintzea egundo irabazpide mundiala bilakatu
baita. Disparatu egin da konexioaren kontsumoa, komunikazioa hazi dela ziurtatzerik
ez den bitartean. Hori bai, hori, kontraesan erraldoia! Komunikazioaren
izenean, inkomunikazioaren zurrunbiloan esklabo. Horretan gaude.
Telefono edukitzea luxua izan zen garaietatik
hainbeste euri ez du egin eta telefonoaren morrontzatik nola ihes egin asmatzea
luxuzko erronka bihurtu zaigu hiritarroi. Animalia ez arrazoidunei gertatu ez
zaiena. Horretan ere irabazten gaituzte.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina