BILATU

abendua 28, 2020

ZURRUNBILOAREN GANORABAKOKERIA

 


Inguruari begiradatxo bat bota eta edozeini etor dakioke oroimenera Unamunoren gaztelerazko ateraldi ospetsua: !Qué pais, qué paisaje, qué paisanaje! Jasoko balu burua ostera kexu agertuko litzatekeela iruditzen zait, oraingo gizartea eta bilbotarrarena ezberdinak irudi daitezkeen arren. Bizimoduaren mailak gora egin du, jakina, eta denoi betetzen zaigu ahoa modernitate hitzarekin. Europarrak bide gara, Unamunoren garaian ez bezala, baina...

Sektakeriak berean jarraitzen du, itsu itsuan, muturkeria ez ezik zentrokide izatea ere arbuiagarria gerta daitekeela nor beraren apetarekin bat ez datorrenean. Inor ez dago, beraz, libre itsukeriatik. Gertatzen dena, ordea, ikusi gabe segitzea edo ez nor berak aukeratu behar duela. Eta azpimarratu behar da Unamunok ez zituela bere hitzak kasta politikoaz bakarrik pentsatzen jaurtiki. Gizarteari zuzentzen ari zitzaizkion. 

Politikoak eta liderrak gizon emakumeok hautatzen ditugu. Eta sarritan kexatu egiten gara politiko eta lider txarrak ditugula aldarrikatuz. Ahaztu egiten zaigu, nonbait, txarragoak garela gu haien sostengu etengabean. Osasun krisiak ez luke estali beharko gizarte krisi sakona, zurrunbiloaren ganorabakokerian gero eta errotuagoa bilakatzen ari dena.

Argazkia: JMVM 

abendua 21, 2020

MEREZI IZAN DU, EUSEBIO


Bi heriotzaren berri eman didazu azken zazpi hilabeteotan: Carmelo lagunarena...eta zerorrena. Sekulako lasaitasunez adierazi zenidan hura gure arteko azken elkarrizketa zela, eta auskalo norako bidaiarako guztiz prest zeundela. Zirraragarria gertatu zitzaidan nire eskuetan jarri zenuen papera: “Josemari, merezi izan du. Eskerrik beroenak, Eusebio”

Eta erantzun behar dizut zuzen zeundela, guztiz merezi izan baitu... zure moduko pertsona bat ezagutzeak. Zure adiskide eta bidaikide izateak harro sentiarazi nau. Merezi izan du etorkizunari buruzko espazioak elkarrekin esploratzeak, nahiz eta norantz goazen igarri gabe utzi dugun. Baina horixe da geroa, inondik ere heltzerik uzten ez digun galdegaia. Merezi izan du gure hizkuntzaren gaineko ibilbide malkartsuan barrena ukondoz ukondo egiteak, Oiartzungo arrasatearra zinenaren eta Aramaioko arrasatearra naizenaren abiapuntuak desberdinak bagenituen ere. Merezi izan du, bihotzez, azken-azken orduraino erakutsi didazun bezala, bizitzari baikortasunetik begiratzeak, irakurtze, idazte, hausnartze, paseatze edota musika entzutearen bitartez.

Zure azken hitzak Mertxe emaztearentzat izan dituzu, bilobek inguratuta: zerua ematen du, eta gainera zurekin!! esan diozu. Ederra. Eta joan egin zara, bakean. Merezi izan du, Eusebio, bai noski!

Zuk ezagutarazi zenidan “Radio Swiss classic” entzuten ari naiz lerro hauek idaztean, Maurice Ravelen sol maiorreko Kontzertuaren adagioa. Zoragarria. Aurrerantzean irrati horrekin konektatzen dudan bakoitzean zuganantz zuzenduko dut gogoa, eta agintzen dizut ahaleginak egingo ditudala musikaren plazera zurekin konpartitzeko, Nagusitasunaren saria merezi izan duzu eta. Eusebio, laguna, izarretan elkar ikusi arte!

ZAKUR ZAUNKARIEN LEZ

Konrad Lorenz Nobel Saridunak “Cuando el hombre encontró al perro” bere liburuan bi zakurren gaineko istorio bat kontatzen digu, erreala noski, gaurko beste errealitatera eraman nauena. Lorenzek dio, ezagutu zituela bi zakur, burdin sare batek berezitutako lur eremu desberdinetan entzerratuta zeudenak. Bata besteari zaunka eta hortz erakuspen ikaragarrian ibili ohi ziren, sareko mugan gora mugan behera, eta alde banatan egotera behartzen zituen burdin sareak gehiagotara igarotzea eragozten zien. Behin haize bolada bortitz batek sarearen zati bat lurreratu egin zuen. Goiz hartan zakurrek eguneroko ariketari ekin zioten inoiz baino bortitzago, baina sarerik gabe zegoen muturrera iritsita, burdinazko ezkutu haren babesik gabe ikusi zirenean, isildu, atzera egin eta sarearen magalera errefuxiatu ziren ostera, ustekabeko elkartze ezeroso hartatik ihes eginez.

Bada, Lorenzen deskribapenak gaurko politiko izarren jokaera oroitu dit, urruneko gotorlekuetatik etengabe elkarri mehatxuka eta irainka ikusten ditugula. Inoiz buruz burukoa egin behar izanez gero, gizarte premiarik larrienean ere, ez daukate zer esan, ez dakite nondik heldu ezta (elkar) hizketarik sinpleenari ere. Eta berriro euren kuarteletara itzulita, espektakulu etsigarrian jarraitzen dute, nor baino nor ozenago.

abendua 14, 2020

BESTEA ERE EXISTITZEN DA

 

Zenbat aldiz galdetu diogu gure buruari, inguruan jazotzen ari dena errealitatea ote dugun edo gure asmamenaren islapen zuzena? Arreta guztia ipinita ere, zentzumen osoa dantzan ari, ikusten duguna gure baitan inbentatutako irudi hutsa dela baieztatzen diogu sarritan kontzientziari. Errealitatea bera zalantzan jartzen dugu, ariketa sinple batean.

Nik uste dut bizi ari garen egoerak sentikorragoak bilakatu gaituela, sentikortasunean bainu bizigarria hartu izan bagenu bezala, eta iruditzen zait errealitate gordina ulertzeko galderak gero eta korapilatsuagoak egiten dizkiogula gogoari, eta badirudi kasu askotan jarrera horretan antzematen dugun egiaztapen bakarra ni neroni dela. Nerau naiz egia bakarra eta gainerakoa... neronek asmatua. 

Solipsismoaren oinarrizko praktika ikusten dut haien gisako hainbat erreakziotan, pandemia uzten ari zaigun erresoluzio eta jokaera desberdinei erreparatuz. Eta egia da neurri batean, gutariko bakoitzak markatzen dituela bere ezagutza-markoaren mugak, egozentrikoak. Hori horrela, ezina zaigu besteen zirkuluetara iristea, sinpleki bestearen izana bera ukatzen dugulako. Baina nik ez dut solipsismoan sinesten. Bestea ere existitzen da eta elkar aritzea ezinbesteko baldintzatzat daukat, ni eta gainerakoa -bizidun den oro- garaile aterako bagara.

Argazkia: Zuriñe 

 

abendua 07, 2020

FUSILAMENDUZ ETA GEHIAGO

 


Gure sendian "ohituta" gaude fusilamenduekin, pasiboki, jakina. Osaba zena, armetan altxatutakoen kontra bere ideia politikoak defendatzera etxetik atera zen eta ahaleginean atzemanda, Derioko kanposantuaren orma hotzaren kontra erail zuten faxistek, abenduaren 16an, 1937koan. Senitartekook oraindik ez dugu ulertu pizti-gizakia nola izan daitekeen hain krudela, hain zentzugabea.

Hogeita sei milioi hilotz gehiago nahi dituzte orain militar faxistek, bizi ari garen giro kolpista iluneko politiko hitlerzaleen isiltasun konplizearekin. Bide bazterretako zuloak irekitzeari ekingo al diote gu guztion gorpuak estaltzeko? Ala oraingoan begi bistan utziko al gaituzte etorkizuneko belaunaldientzako ikasgai moduan? Estatu buruak ez digu inkognita argitzen, 1981eko otsailaren 23an bere aita bezala, oraingo borboiak ere ezkutatuta segitzen baitu, badaezpada ere.

Bien bitartean, inguratzen gaituen beste protagonista hiltzailea barrezka ibiliko da, ziur, gure ergelkerian irtenbiderik gabe galduta, eztabaida zentzu bakoekin bazterrak harrotu baititugu, eguberriak bai ala ez erabakitzeko. “Soy el novio de la muerte” ozen batek ordezkatuko al ditu aurtengo jaietan ohiko gabon kantak?

Argazkia: gerediaga elkartea