BILATU

abuztua 31, 2020

EZ GARA EZER



Abuztuaren amaierako goiz bat zen eta euria genuen, goitik behera. Giroa ez zen, beraz, oso egokia maskarilla jarri eta kalera ateratzeko. Eta zalantza bat ere gabe, nire gelako erakartasuna nahiago izan nuen, kanpoko gristasunak hausnarketarako giltza eskaintzen baitzidan eta leihoz barne aldetik begira geratu nintzen, irudimenak nondik eramango ninduen jakin barik... zertxobait antzeman nezakeen arren. 

Hilari amaierako puntua ipintzen diogu gaur eta gure etorkizun hurbileko koordenadetan galtzen ari gara, kontraesana badirudi ere. Abszisa eta ordenatuaren logika kartesiarrak normalean finkatzen duen puntuaren deskribaezintasunean gaude murgilduta, non gauden eta norantz apuntatzen ari garen asmatzerik ez dagoela.Eta gure urratsen hurrengo geltokia zein den ez jakitea normaltzat har badaiteke ere, nola bizi daiteke oraintsuko gure egoera ezagutu gabe? Bada... bizi egiten gara!, eta logika bera ere -behintzat, gure zibilizazioak jasotakoa- hankaz gora jartzen ari gara ohartezinean.

Birusak arrazoitze berrirako oinarria ahalbidetu du, eta gizateriak gai izan beharko luke bere aldare sasi sakratutik jaisteko, apaltasunaren hazia lau izkinetara haizatzeko. Ez gara ezer.

Argazkia: JMVM

abuztua 24, 2020

MERCEDESEK EZ DARAMATE ZERURA


Biscutter
Egia da Mercedesek ez dutela zerura eramaten, ezta Biscuterrek ere. Baina Bibliaren esaera arranditsuei jarraiki, ziur nago jatorri katalaneko kotxeak erosoagoa izango zuela bidaia alemanak baino, tamaina eta handikeriaz apalagoa baikenuen. Eta esan zaigunez, zeruan bihotz xaloak bakarrik sartzen dira, harroak infernuko sutzarretan erretzen diren bitartean. 

Oraintsu, eliza ortodoxoko Kiril patriarkak agindu dio bere abatesa bati Mercedes autoa saltzea eta dirua behartsuen artean banatzea. Aholku egokia, guztiz estrapolagarria testuinguru katolikora. Demagogian erori gabe, elizaren ondasunekin zenbat eta zenbat kalamitateri eman lekiokeen irtenbide pentsatze hutsak odola irakinarazten dit. Batzuetan desamortizazio berri baten premia aldarrikatzeko gogoa ematen du. 

Baina elizaren hierarkiari ondasunak pobreen esku uztera behartzeak bakarrik ez luke zeru partikularretako bidea erraztuko. Hortxe daude, zergak ekiditearren finantza ingeniaritza maisuki darabiltenak, birus eta zoritxar guztien kontura patrikak ondo betetzen dituztenak, ... labur esanda, behartsuen bizkar euren sabela handitzen dutenak. Horiek zerura ez dakit helduko diren baina garbi dago milioika eta milioika pertsonen lur planetan zeharreko ibilbidea infernu bilakatuarazi dutela.

Argazkia: wikipedia

abuztua 17, 2020

GAURTIK AURRERA


Egunero esnatzen gara gainera eroriko zaigunarekin zalantzan, ez baitago gure esku txikikeriarik sinpleenaz ere aldez aurretik ehuneko ehunean igartzea. Planak egin ditzakegu eta iragarpenak, baina tximeleta bakar batek hankaz gora jar dezake bere hegoen mugimenduarekin aurreikuspenaren eraikina. Kalkulurik sofistikatuenek amore ematen dute sarritan inongo ekuaziotan gogoan ez izandako aldagarriaren aurrean, eta porrota gailendu egiten zaio itxaropen loretsuari. Bizitza da.

Gaur astelehenetik etxeko lan berriak jarri zaizkigu, pandemiaren barruko egoera honetan atzerapausotzat hartu dena atean jotzen ari baita. Ez dugu erakutsi gai ginenik eta birusak indarrean jarraitu du. Noren erruz? Auskalo! Zertarako bilatu atzerapausoaren balizko errudunen jatorria, ez badakigu hondamendia nondik eta zergatik datorkigun? Denbora alperrik galtzearen hurrengoa litzateke.

Okertu egin daitezkeela ahaztu gabe, nik egoera honetan inoiz baino gehiago baloratzen dut gure agintarien kudeaketa. Gobernatzen dutenen gestioak izurritearen kalte erraldoia ekiditera apuntatzen duela ukatzen dutenak pandemiari hegoak ipintzen ari zaizkio, ezelako irtenbiderik eman gabe.

Etorri behar duena etorriko da.

Argazkia: JMVM

abuztua 10, 2020

ESPAINIAKO TXORIZO LEHENA


Borboiari denetariko epitetoak egokitzen ari zaizkio une hauetan. Iheslari, aseezina, patxangero (ala kanpetxano?) narrujole akaberako, iruzurle, ebasle, barraban, txoriburu eta abar. Baina niri gehien gustatzen zaidana txorizo da, jatorragoa iruditzen zait eta, aproposagoa hain nortasun erakarle eta bere menpekoenganako “hurbila” koadratzeko. 

Geneetan omen darama Txorizo Lehenak bereak ez diren ondasunaz jabetzeko iaiotasuna, bere curriculumeko zehazkizunik oinarrizkoena dugun trebetasuna. Horregatik ez dakit zergatik asaldatzen den pertsonala hainbeste aurkikuntza xelebrerekin! Frantziatik espainiarrei -ez dut oroitzen Jainkoaren borondatea tartean zegoenik- XVIII.enean Felipe V.aren koroia inposatu zenetik borboiak dirua hemendik eta handik ateratzeari lotu zitzaizkion, eta gehienaren helburua frantsesera mintzatzen zen herrialdeak ziren. Azken aurrekoak ere bai, “jatortzarra”,  gabatxoen hizkuntza ofiziala den Suitzan gorde bide du ostutakoa. Beraz, Txorizo Lehenak  izarretan idatzita bide daukana – Jainkoaren eskuak, agian- dagoena betetzea besterik ez du egin.

Orain bere tronuan Felipe dezimononiko haren ondorengo gaztea dugu, seigarrena deituraren errenkan, eta Txorizo Lehenaren kumea, bere aitaren esanetara “ondo prestatua” dagoena. Take the money...

Argazkia: eldiario.es

abuztua 03, 2020

EZ OHIKO JAIAK


Bezperaren bezperan gaude eta iragartzen genuen bezala Gasteizko jaiak ez dira ohikoak izango, behintzat jai erakuspen irekiei dagokienez. Bistan da nork modu askotan erakuts dezakeela jairako izpiritua eta egitaraua, eta ditxosozko birusak parte hartu nahi izan du gure bizitzaren antolaketan eta gaur den egunean zeharo baldintzatu digu programa. 

Gasteizko jaiak kale manifestazio zaratatsua bilakatu ziren aspaldi - ez dakit modu artifizialean edo zinezko gogo jaizaleari jarraikiz- baina aurtengoek alde pasibo behartuaren gerizpera jo dute, zirkunstantziek aginduta. Eta esango nuke hiritarrek zentzun osasuntsua erakutsi dutela, ohiko ospakizun jendatsu eta tradizioan errotuei “aurten ez” ozena eskainiz.

Euskal Herriko jai herrikoi gehienetan bezalatsu, gasteiztarrek garbi utzi nahi izan dute lehenik lagun hurkoarenganako begirunea dela, edozein jai erakuspen burugabearen gainetik. Osterantzean ez zen alaitasun osasuntsurik izango, eta badakigu jakin Gasteizen alaitasuna zerutik jaisten dela eta ez infernutik.

Argazkia: JMVM