Borboiari denetariko
epitetoak egokitzen ari zaizkio une hauetan. Iheslari, aseezina, patxangero
(ala kanpetxano?) narrujole akaberako, iruzurle, ebasle, barraban, txoriburu eta abar. Baina niri
gehien gustatzen zaidana txorizo da, jatorragoa iruditzen zait eta, aproposagoa
hain nortasun erakarle eta bere menpekoenganako “hurbila” koadratzeko.
Geneetan omen darama
Txorizo Lehenak bereak ez diren ondasunaz jabetzeko iaiotasuna, bere
curriculumeko zehazkizunik oinarrizkoena dugun trebetasuna. Horregatik ez dakit
zergatik asaldatzen den pertsonala hainbeste aurkikuntza xelebrerekin!
Frantziatik espainiarrei -ez dut oroitzen Jainkoaren borondatea tartean
zegoenik- XVIII.enean Felipe V.aren koroia inposatu zenetik borboiak dirua
hemendik eta handik ateratzeari lotu zitzaizkion, eta gehienaren helburua
frantsesera mintzatzen zen herrialdeak ziren. Azken aurrekoak ere bai, “jatortzarra”, gabatxoen hizkuntza ofiziala den Suitzan gorde bide du
ostutakoa. Beraz, Txorizo Lehenak izarretan idatzita bide
daukana – Jainkoaren eskuak, agian- dagoena betetzea besterik ez du egin.
Orain bere tronuan
Felipe dezimononiko haren ondorengo gaztea dugu, seigarrena deituraren
errenkan, eta Txorizo Lehenaren kumea, bere aitaren esanetara “ondo prestatua”
dagoena. Take the money...
Argazkia: eldiario.es
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina