BILATU

apirila 25, 2022

GEZURRAK

 


Ameriketako Estatu Batuetako Unibertsitate batek - izena ez dut gogoratzen eta gainera ez dator harira- gizon-emakumeok gezurrak esateko dugun erraztasunari buruzko ikerlan zientifikoa publikatu berri du. Eta tesiarekin geratu naiz apur bat jokoz kanpo, izan ere zientzialariek diotenez berrehun bat gezur esaten ei ditugu eguneko. Askotxo irudituko litzaidake baldin eta egoera normal batean biziko bagina.  Edozein modutan, badirudi, berez, gezurtiak garela.

Jakina, badira mailak gezur moten artean baina denek dute helburu berdina, gezurraren mugaketa egiteko aspaldi-aspaldi erakutsi zigutenarekin bat datorrena: pentsatzen denaren kontrakoa adieraztea, engainatzeko asmoz. Gezurra izango bada derrigorrez solaskidea - bat edo milioika pertsona- engainatu nahi da, arrazoi batengatik edo bestearengatik. Eta engainatzea besteari minik egin gabe suerta badaiteke ere - aitorlekuan bekatu arintzat hartuko lituzke apaizak- goi portzentaje batean nork bere burua defendatu edo laguna kaltetzeko bota daitezke; eta horiek, psikologikoki eta fisikoki neurtuak, larrienak ditugu.

Harrigarria ere egin zait datu hau: ikerlanaren arabera, gezurretako %51 adiskideen artean botatzen dira eta %21 sendian. Egia ote? Eta egia ez bada... gezurra al da? Ikerketa zientifiko burutsu horrek azaltzen ez duena da, sartuta gauden albiste faltsuen jario amaigabeko kopuru zenbatu ezina gogoan eduki duten ala ez bataz besteko indizea kalkulatzeko. Baiezkotan lasaixeago geratzen naiz. Areago esango nuke: gutxi iruditzen zait egunean pertsonako 200 gezur. Ahaztuko al zituzten kalkuluan Putin, Le Pen, Macron eta enparauen gezurrak?

Argazkia: JMVM

apirila 18, 2022

MINBIZIKO KOMISIONISTAK


Industrian garatutako nire bizitza profesionalean ehunka komisionista ezagutu ditut. Profesional bikainak ziren gehienak, merkataritza-eragiketen gain hitzartutako ehunekoa ordaintzen zieten enpresetako ordezkarien zeregina txukun betetzen zutenak. Are gehiago, gure enpresan ere ari ginen multikartako komisionistekin, hau da, gureaz aparte osagarriak zitzaizkien beste enpresa batzuen katalogoak zeramatzaten gizon-emakumeekin. Eta salmenten komisioari esker lortutako diruari erreparatuz, bagenekien gure ordezkari haien irabazia sarritan gure soldatak baino handiagoa zela. Baina halakoxeak ziren gauzak. Lege onez hitzartutako merkatal-harremana genuen.

Behin ezohiko bide batetik heldu zitzaigun, bere burua oro-lortzailetzat zeukan pertsonaia baten eskaintza:  1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsala prestatzen ari zen eta lantegira azaldu zitzaigun tipoak adierazi zigun %20 batengatik, Erakusketako instalazio guztietarako ateen sarrailak sal zitzakeela. Eta gehitu zuen Andaluziako Juntako lehendakariaren lehengusua zela. Etorri zen bidetik bidali genuen.

Madrileko (1) musuetako komisioaren haritik gogoratu dut anekdota hura. Eskrupulurik gabeko lotsabakoen kastako tipo horiek gizarte-minbizia dira, eta gorputzekoarekin egiten den moduan erauzi egin behar ditugu amaiera tragikoa ekidingo bada. Baina halaber ez dezagun ahaztu “lehengusu”en kantu liluragarriaren doinura dantza egiten dutenek elikatzen dutela minbizia.  Beraz, batzuei eta besteei legearen bitarteko erauzketa sakon eta eredugarria aplikatu beharko zaie.

(1) Francoren garaian ere ez nuen eskumuturreko piperpoteduneko komisionista patriotarik ezagutu.

Argazkia: corruptela.com

apirila 11, 2022

EL DURIENSE Y EL BLANDIENSE


“El duriense y el blandiense”, geologiari buruzko hitzaldi baten izenburua izan zen, duela egun batzuk Arabako aditu ... eta komunikatzaile batek eskaini ziguna. Aitortzen dut nire bizitza osoan gaiaren gain gehien ikasi dudan ordua izan dela, eta partikularrean sakondu ez dudalako zerbait garrantzitsua galdu izanaren sentsazioa sortu zen nire baitan. Eta hori guztia ez zen gertatu bat-batean ustekabeko bokazioa sortu zitzaidalako, baizik eta bere ezagutza gurekin konpartitu zuen irakaslea komunikatzaile bikaina zelako, eskaintzen ari zitzaigun hitzaldia benetako oparia bihurtuz. Hizlariak, gainera, ikasgaia are atseginagoa egiten zuten erakusketa-metodoak erabili zituen, nire batxilergoko urte urrun haietako Justo Ruiz de Azua katedradunaren Natur Zientzietako testu ilun eta ez erakargarriekin zer ikusirik ez zutenak. Gasteiztarraren deskarguan diodan, testu liburuen eskasian, 1930-40 urteetan berak editatzen zituela estatuko hainbat institututarako natur zientzietako liburuak.


"Duriense y blandiense"arekin gozatzen nuen bitartean,  pentsatzen hasi nintzen bere garaian materia idor eta zuretzat ezintzat ematen zenuena agian ez zela hainbeste izango, eta metodologia egoki eta irakasle trebeak izan bazenitu beharbada zure bizitzak beste norabide bat hartuko zukeela. Ez txarrago ez hobea. Diferentea. Eta zalantzarik gabe, gure gizartean hainbeste entzuten dugun eskola-porrotaren arrazoietako bat irakasle eta metodologien ezegokitasunean datzala iruditu zitzaidan.

Argazkia: JMVM

ZUK ERE IKASI NAHI BADUZU ZERTXOBAIT GEHIAGO GEOLOGIARI BURUZ, HONA HEMEN "EL DURIENSE Y EL BLANDIENSE"REN BIDEOA




apirila 04, 2022

PIEZA BAKARREKO PERTSONAK


Bizitzan, okertzeko beldurrik gabe jakiten duzu nori aplika diezaiokezun pieza bakarreko pertsona izatezko kalifikazioa. Euren jokabideagatik, solaskidearekiko hurbiltasunagatik eta zintzotasunagatik identifika ditzakezu. Eta pozten zara hori egin ahal izateaz, une horretan uste duzulako oraindik badela gizarte-birsortzerako itxaropena, nahiz eta helburua oso urrun egon daitekeen.

Joan den aste honetan, berriz ere, oso ordu atseginak partekatu ditut azken hogeita hamar urteetan sarri samar tratatu dudan pieza bateko gizon batekin, nahiz eta berarekin izandako lehen buruz-burukoa aurkitzeko ia mende erdiko salto egin beharko nukeen atzerantz, hain zuzen ere nire bizitza profesionalaren hastapenetako enpresaren burua zeneko egunetaraino. Marcelino Oreja Agirreri buruz ari naiz. Miretsi egin dut beti.

Eta gaurkoan, besterik gabe, Arrasatera Marcelinoren beste bisita bateko bideo txiki bat berreskuratu nahi izan dut. Apropos jarri nituen 2010eko apirilaren 9an aurrez aurre Oreja eta David Arzamendi: bi humanista, giza legezko pertsonak. Pieza bakarrekoak.