BILATU

patinete etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
patinete etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 26, 2026

INFERNUKO (ZORIONEKO) PATINETEAK


 Ia hamabost urte eman dira nire blog honetan paniteneetaz aritu nintzela. Amaitu nuen hura, modak datozen bezala joan egiten direla adieraziz, baina orain, beste era batez bukatuko nukeen - edo hasi- izan ere patineteak geratzeko etorri bide dira.

Txikitan nik ere izan nuen halako jostailu bat, noizean behin lagunekin jolasteko ateratzen nuena. Aipatu artikulu hartan, gaztetxoak eskolara joateko erabiltzen hasia zela nioen. Gaur biderkatu egin da erabilpena, gure neska mutiko askok patinetea darabilte sorbaldan liburu, ordenagailu eta ahaztu ezineko tupperaz beteriko motxila daramatela.

Baina elektrizitatez mugitzen den beste patineteek inbaditu dute hiri-paisaia, eta horiek ez dira hanka baten indarrez mugitzen direnak bezain inozoak. Arautegia ipini zaie, erabiltzaileek bete dezaten, baina badirudi alperrekoa izan dela.Tramankuluaren erabilera ezegokiak oinezkoen  osotasuna arriskuan jartzen du, ustezko seguritatean espaloian barrena abiatu bezain laster. Gure artean geratzeko heldu denez, automobilarekin gertatu zen bezala, bete beharreko arauak ezartzea lehen urratsa bada ere, patinetelaria praktikan eta teorian heztea da bigarrena. Eta hirugarrena, arautegia ordenaren agenteek betearaztea, zigorrak ezarriz. Bide bakarra da kaleetatik istripuaren arriskua gutxitzeko. Ez dugu beste moduz ikasten.

Argazkia: wikipedia

otsaila 14, 2011

PATINETEZ IKASTETXERA



Deba Goienako astekari batean gaur atera behar zen hementxe doakizuen nire ekarpentxoa. Ez dakit publikatu ote den, arratsaldeko 3:15etan ez baitidate oraindik ekarri aldizkaria eta, beraz, ezin dut ziurtatu inork irakurri ote duen. Nik, bada ezpada ere, hona aldatzen dut idazkiñoa.

“Paseatzen ari nintzen lehengo goizean, Arrasate-Eskoriatza ibilbidetik eta Almen Ikastetxeko inguruetan espektakulu berri baten egiaztapenak harrapatu ninduen. Ikasleak ziren, ikasle gaztetxo ugari, eguneko betebeharretara patinetez zihoazenak. Ikuskizun bitxi hark zenbait gogoetarako aukera eman zidan, eta horietako batek nire haurtzarora eraman ninduen.

Hain zuzen ere, Arrasateko biatoristen ikastetxean ari gineneko denborak ziren, eta Aretxabaletatik ikaskide batzuk zetozkigun egunero, bizikletaz. Gogoan dauzkat, euria eta eguraldi kaxkarraren kontrako kapa luze haietan babesturik, bi herriak bereizten zituzten lau kilometroak gaindituz. Pedalez-pedal atera zituzten aurrera ikasketak.

Almeneko gaztetxoek irribarre gazi-gozoa lorarazi zidaten, tramankulu toleskorrari seriotasun osoz zangoen indarrarekin abiadura ematen zioten bitartean. Diferentzia bat dago bi aldietako kasuen artean: nire ikaskideek behartuta erabiltzen zuten bizikleta; oraingo neska-mutiko horiei, ordea, modak ekarri die patinetea. Dena den, niri orain bezala, ziur nago berrogeita urte barru eurek ere oroituko dituztela nostalgiaz oraingo joan etorriak”

Bertako irakasle batek aitortu didanez, modak arazo bat ekarri du: patineteak aparkatzeko toki egokirik eza . Ez dezatela burua gehiegi nekaraz esan nion. Modak, datozen bezala joan egiten dira-eta. Dena den, oraingo honek dirauen bitartean, txalo beroa gaztetxoei, gorputza astintzeagatik.

Cursiva