BILATU

Bizente Goikoetxea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bizente Goikoetxea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

ekaina 13, 2016

BOKAZIO EZKUTUAK. BIZENTE GOIKOETXEA



Nork burutzen dituen formakuntza-ikasketek ez dute bermatzen, inondik ere, bizitza profesionala haiek markatutako bidetik joango denik. Alde batetik, ikasketekin asmatzea loteriaren antzerako froga baita. Bokazioa - berez- oso gizabanako gutxirengan finkatu zuen naturak eta gainerakoengan zintzilik geratu zen, hautaketan zalantzazko karga handia utziz. Bestetik, ikasketetan asmatu arren horien aplikazio profesionala ezinaren hurrena gerta daiteke, lan merkatuak edota beste zirkunstantziaren batek eraginda.

Aurrekoa etorri zait burura, aurten bere heriotzaren
Bizente Goikoetxea
mendeurrena ospatzen ari garen Bizente Goikoetxea euskal musikari handiaren formazio eta lan ibilbideari erreparatu ondoren. Aramaioko bere  etxean ostalaritzan aritu ondoren, lege ikasketak egin zituen eta bulego batean lan egiten zuen bitartean notariatzarako prestatu zuen bere burua. Hala ere, dena abandonatu zuen abade izateko. Apaiztu ondoren musikari heldu zion gorputz eta gogoz.
 

Goikoetxea historiara pasatu da XIX-XX.eko Europako musikari entzutetsu bezala. Seguru asko notario ona izango zen baina musikak altxatu zuen aukeratuen olinpora.

Argazkiak: JMVM 

apirila 25, 2016

ESKUTITZ IREKIA BURMUINGABE BATZUEI


Ezezagun horiei, 

Ezgai intelektualak zaretenez gero ezingo duzue eskutitz hau irakurri baina zuen aita-amak edo zuek bezain ergela ez den lagunen batek (baldin badaukazue) egin liezazueke nire mezuaren irakurketa. Ez dakidana da ulertuko ote duzuen. Baina, tira, ni aurrera noa. 

Hilak 16an Goikoetxearen estatua berrinauguratu ondoren Manex Agirrek kantatu zizkigun bertsoetako azkenak honako hau zioen:

                            Umetan zenbat jolas ta txantxa
                                       estatua hau medio,
                                 memoriaren harri  bat zenik
                                       ez genekien propio, 
ta azkenean herriak bere
azala garbitu dio.
Harriak ez du  melodiarik
ez du hortarako balio.
baina hurbildu bere ondora
Musika apur bat dario.


Zuek estatuara hurbildu zarete, bai, baina talibanen modura. Goikoetxearen irudia erasotuz,  Aramaioko herria iraindu duzue. Hiritartasunaren kontra aritu zarete, koldarkeriatik, koldarra izan behar baita egin duzuena egiteko.

Gizarte bizikidetzarako arriskutsuak zaretenez gero gizarteak identifikatu behar zaituzte, kalte gehiago egin ez dezazuen. Horregatik espero dut agintariek atzemango zaituztetela. Mespretxatu egiten zaituztet, zuek Goikoetxearen estatua hondatu duzuen neurri berdinean.

apirila 18, 2016

HIRUROGEI URTE GEROAGO

J
Lorenzo Askasibar, Goikoetxea eskultura berrinauguratzen
Bizi garen gizartean eskerrona ez da erruz antzeman daitekeen sentimendua. Badirudi joera handiagoa dugula, kasurik hoberenean, mutu geratzera hitzez eta egitez errekonozimenduzko keinua azaltzera baino. Auskalo hori ote den gizakiaren berezko bekaizkeriaren ondorioa, baina zalantzarik ez duena da eskerronik eza heziketa-defizitarekin erlazionatzen dela. 

Noizean behin, dena den, badira alde horretako albiste onak, eguneroko borrokan aurrera egiten saiatzera animatzen dutenak. Horietako bat eman zen iragan larunbatean Aramaion, herritarrek errekonozimenduzko zor bat kitatu baitzuten Artista (a maiuskulaz) batekin. Lorenzo Askasibar eskulturagileak duela hirurogei urte herri hartan jarritako obraren ordain afektiboa jaso zuen, 1955ean erakutsi ez zitzaiona.

Hirurogei urte igaro dira herriaren harrera eta txalo beroa bereganatzeko. Ziurrenik, bere baitan ez zuen Lorenzok halako erakuspenik espero. Ez dut idatziko sei hamarkada itxaroteak merezi izan dionik, ez baita egia. Baina, behintzat, Artistak frogatu ahal izan du Aramaiok, azkenik, eskerroneko besarkada eskaini diola, sentimenduzko defizitarekin amaituz. Bizente Goikoetxea eta Lorenzo Askasibar, bi artista handi.


Lorenzo Askasibarri buruz gehiago:


Argazkiak. JMVM