Aterako
dutela diote zenbaitzuek. Beste batzuek, aldiz, lehenik euren gorpuen gainetik igaroko
direla baieztatzen dute, baikorrei zemai eginez. Eta badira isilik daudenak,
borroka zelai horretan zer ikusirik ez balute bezala. Demokratak, frankista
petoak eta eliza.
Batzuek diogu «bazen garaia! » Faxistek «utz
ditzagun hildakoak bakean» Eta elizako hierarkia ofizialak ez du ezer
adierazten, itsaso mugituaren urek zer dakarten ikusi bitartean, nonbait.
Franco erailaren sakralizazioa bedeinkatu zuen eliza katolikoaren mea culpa
inon ikusi ez denez normaltzat hartu behar da erlijio-korporazioko exekutiboaren isiltasuna. Ezer
berririk, beraz, 1936tik espainiar estatuaren gainean dabilen ideologia
totalitario birrintzaileari dagokionez, izan ere - jaun andreok- frankismoa
erakunde guztietatik deitoratzen ez den bitartean itxi gabe daude azken gerrako
zauriak. Eta eliza zordun zaio demokraziari Pio XI, Gomà, Pla i Daniel, Olaetxea eta
beste goi kargu askok Franco bedeinkatu zutenetik.
Itxaroten ari gara
elizaren hanka sartze interesatu hari buruzko aitorpen argi eta behin betikoa. Ederto letorke Francoren momia tokiz aldatu baino lehenago balitz.
Bada
garaia, bai! Baina beldur nago ez dugula entzungo.