BILATU

musika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
musika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

otsaila 16, 2026

MUSIKA INSTRUMENTUEN HARIRA

Irakurlearen arreta erakartzeko kazetaritzak darabilen sentsazionalismo ukitu horrekin, estatuko egunkari batzuek eman ziguten berria: gazteek ez dute ezer jakin nahi musika tresnei buruz, ordenagailu bideko programen berehalako emaitzak nahiago baitituzte.

Esan beharra daukat ez nagoela aurreko baieztapenarekin guztiz ados, behintzat bere aplikazio orokorrean. Ehunka urteko instrumentu marka oso errespetatuen desagerpena errealitate bat dela onetsi arren, horrek ez du esan nahi gazteek instrumentuen praktika uzten ari direnik, instrumentua edozein dela ere. Uste dut gure gazteen musika interesa hazten jarraitzen duela, duela bi edo hiru belaunaldi gertatzen zenarekin parekorik gabe. Musika ikasleen kopurua biderkatu egin da. Hori bai, agian ikasle horiek beren bokazioari eskainitako ikuspegia aldatu egin da: ez dute hainbeste musikara profesionalki dedikatu nahi, baizik eta beren hezkuntzaren osagarri gisa ikusten dute. Eta aukeratutako instrumentuen sorta zabaldu egin dela iruditzen zait, ikasleek orain abaniko ugariagoarekin praktikatzen baitute, duela hamarkada batzuk gitarraren erregealdia atzean utzita.

Ez naiz, eta ez naiz inoiz izan — pena handiz— instrumentu-jole. Baina, zorionez, ikusten dut gazte askok eta askok hainbat instrumentu jotzeaz gozatzen dutela eta guri ere gozarazten digutela. Musika-kultura hazten ari den seinale da.

Argazkia: JMVM




urtarrila 19, 2026

MUSIKA EMOZIOA DA

 Nire anaia Yoni, bihotzetik eskainia


Izaki bizidun guztiengan emozioak esnatzeko bide aproposa da musika. Jakina da gaitasun kognitiboa murriztua duten pertsonek ere musika-nota sekuentzia bati erantzuten diotela, eta horrek iraganeko eszenetara eramaten dituela. Inork ez daki zehazki zer emozio maila bizi duten, baina badago zerbait haien mugimenduetan melodia edo abesti ezagun baterako berehalako erreakzioa islatzen diena.

Biziki inguratzen gaituen errealitatea da musika, askotan ohartu gabe, eta gure portaeran eragina du. Horregatik, melodia edo abesti ezagun batek emozio txikien kate bat sortzen du, eta horrek —une bakoitzean pertsonaren egoeraren arabera— intentsitate desberdineko sentimendu bat pizten digu, positiboa ala negatiboa. Edozelan ere, beti bizia.

Baina musikak ez du eragin positiboa oroimenean bakarrik eta entzuleen ongizate emozionala ere nabarmen hobetzen du. Horregatik ohitu beharko ginateke gure bizitzan musika gehiago txertatzera. Ez dakit bizitza luzeagoa egingo digun, baina bai eramangarriagoa.

Ziur nago, gaur danborradak entzule guztiongan emozioak sorraraziko dituela, norbaiten gaitasun kognitiboa zeroren hurrengoan bada ere.


abuztua 26, 2024

BI MUSIKARI LAUROGEITA HAMAR URTEDUNAK


Azken aste honetan bi lagun handik laurogeita hamar urte bete zituzten. Laurogeita hamar urte luze, osasuntsu bizi izan dituzte. Azpimarragarria da biek landu izana, modu ezberdinetan bada ere, musikaren artea. Bata profesionalki eta bestea guztiz afizionatua, eta biek esperientzia luzea dute.

Lehenengoa Sabin Salaberri da, Aramaioko gasteiztarra, konpositore, interprete, zuzendari eta ekintzaile nekaezina, musika ibilbide zabala duena. Euskal Herri osoan miretsia, bere hamarkadetako lanaren aitorpen gisa jasotzen ari da omenaldiak. Berriro ere lerro hauetatik nire zorionik beroenak berarentzat.

Bigarren lagun laurogeitahamar urtedun berria Blanca da, gasteiztar petoa. Txikitatik musikari lotuta, etxe barruan garatu du bere zaletasuna, eta aldi berean Arabako hiriburuko zenbait elizatan ekarpen puntualarekin organista lanetan.  Egun bere elizan organo jolearen betebeharretan jarraitzen du, eliztarren poztasunerako. Musikaren bitartez bizitzaz gozatzeko aukera indarrean du oraindik. Ahalmen zoragarria. Bihoazkio nire aitortza eta zorionak lagun maitagarria dudan Blancari ere.

Argazkiak: Michel Martinez Vela (apunte de Sabin Salaberri), JMVM

otsaila 26, 2024

SORTZEA GOZATZEA DA


Autobusa irten zenean euria ari zuen eta erdibidean elurra. Barruko giro beroak musika entzutera animatzen zuen. Irratia piztu eta RNE Radio Clásicara konektatu nintzen. Beethovenen zazpigarren sinfoniaren bigarren mugimenduko notek, hau da, Allegretto famatuak, inguratu ninduten. Eta denbora batez konpositorearen bizitza garatzen den inguruneetara -1812- eraman nuen nire burua, obra hau sortzeko garaian, bainuetxe batean konfinatuta,  jada hazten ari zitzaion gortasuna arindu nahian ziharduela.

Eta ezin izan nuen neure baitan erreproduzitu besterik egin, nahi zuen bezala entzun ezin zuen melodia bat sortzeak Beethovenentzat suposatu behar izan zuen drama, nahiz eta ziur nagoen bere frustrazioan gozatzera iritsi zela, haren mamia igarri zuelako, edo, beste era batera esanda, musika bere baitan eszenifikatu zuelako.

Sortzea gozatzea da, zentzumen guztiekin egin ezin baduzu ere. Zerbait desberdina gauzatzeko gai zarela egiaztatzeak zorionera garraiatzen zaitu, nahiz eta barrenean zorigaiztoak hunkituta sentitu, madarikazioaren jomuga zarela uste izan arren. Iruditzen zait ez dagoela ezer baliotsuagorik helburu berri baten etengabeko bilakuntzan aritzea baino, atzean utzitako bide bertsutik segitu ala ez, baina, beti-beti- ezezaguna mendera dezakezula pentsatuz.

Argazkia: Zuriñe

urria 04, 2021

MUSIKA HEZIKETAREN ALDE


 Frantzisko Arrizabalaga organo joleak - Don Francisco- hamar urte nituela tiple izateko azterketan atzera bota ninduenetik ez dut musikaren ezkutu teorikoetan karrera egin. Apaiz hark balizko nire jarrera baikorrari ostikoa eman zion eta gaur ez naiz gauza musika nota bat ere irakurtzeko. Alde horretatik, etsipen txiki batekin garatu dut bizitza ibilbidea. Zoritxarrez, nire kasuan, musikarako zaletasuna heziketa musikalik gabe sortu zen. Eta orain ez dut denbora berreskuratzerik, inork inoiz ez dela berandu esan liezadakeen arren. Ez, eta kito,

Horregatik, poztu egiten naiz nire biloba batek, tronpeta joaz, Do goikoa zer den erakusten didanean. Eta animatu egiten dut txikitxoa, aitonak jorratu ez zuen bidetik segitzeko, uste baitut arteak - oro har- giza kontzientzia elikatzen duela, eta musika partikularki goi gogora igotzeko garraiagailu bikaina da. Seguru nago, gaztetxo nintzela musika ikasteari heldu izan banio - oinarrizko ezaupideekin nahikoa- zuku gehiago aterako niola musikak egunero dakarkidan plazerari.

Horrexegatik aldarrikatzen dut guztientzako musika heziketa. Behintzat, musikarekin munduko biztanleriak elkarri ulertu ahal izateko hizkuntza bateratua edukiko luke. Gutxi ez dena.

 Argazkia: Zuriñe


uztaila 03, 2017

MUSIKA GIDARIAK



Inoiz idatzi dut gaur eguneko musika profanora burutik bota nintzela artean ume koxkorra nintzela. Bultzagilea Don Frantzisko Arrizabalaga herriko organo jolea izan nuen, tipleen taldea osatzeko lagunoi egin zigun frogako lehen ariketan ahoa ireki bezain laster hautatuen multzotik baztertu baininduen. Eta harrez geroztik, musika sakro eta, dei dezagun, klasikoa nire agendatik kanpo egon ziren, hamarkadatan. 

Duela hogeita bost bat urte deskubritu nuen, ordea, ordura arte nigandik kanpo egondako musika mota hark bibrapen bereziak sor ziezazkidakeela eta, adibidez,  Beethoven Jimmy Cliff-ekin tarteka nezakeela bat ere traumarik gabe.  Hori bai, pop-rock/folk generoetan bidea neuk landu ahal izan nuen bitartean Arrizabalagak eragotzi zidanaz apurtxo bat jakiteko laguntzaren beharrean egon nintzen. Fernando Argenta gertatu zitzaidan aurreneko goi mailako gidaria, bere "Clásicos populares" irratsaioaren bitartez. Lagun zendu hari esker hurreratu nintzen ulertu ezina zitzaidan espazio zirriborrotsura. Orain, berriz, beste bi lagunek luzatzen didate egunero musika klasikoaz gozatzeko esku gidaria, uhin berdintsuetatik: Martin Llade eta Jon Bandres donostiarrak. Hiruek erakutsi didate musika mundua modu globalagoaz disfrutatzen.

Argazkia: Wikipedia

ekaina 13, 2016

BOKAZIO EZKUTUAK. BIZENTE GOIKOETXEA



Nork burutzen dituen formakuntza-ikasketek ez dute bermatzen, inondik ere, bizitza profesionala haiek markatutako bidetik joango denik. Alde batetik, ikasketekin asmatzea loteriaren antzerako froga baita. Bokazioa - berez- oso gizabanako gutxirengan finkatu zuen naturak eta gainerakoengan zintzilik geratu zen, hautaketan zalantzazko karga handia utziz. Bestetik, ikasketetan asmatu arren horien aplikazio profesionala ezinaren hurrena gerta daiteke, lan merkatuak edota beste zirkunstantziaren batek eraginda.

Aurrekoa etorri zait burura, aurten bere heriotzaren
Bizente Goikoetxea
mendeurrena ospatzen ari garen Bizente Goikoetxea euskal musikari handiaren formazio eta lan ibilbideari erreparatu ondoren. Aramaioko bere  etxean ostalaritzan aritu ondoren, lege ikasketak egin zituen eta bulego batean lan egiten zuen bitartean notariatzarako prestatu zuen bere burua. Hala ere, dena abandonatu zuen abade izateko. Apaiztu ondoren musikari heldu zion gorputz eta gogoz.
 

Goikoetxea historiara pasatu da XIX-XX.eko Europako musikari entzutetsu bezala. Seguru asko notario ona izango zen baina musikak altxatu zuen aukeratuen olinpora.

Argazkiak: JMVM