Erramu Igandea
igaro ondoren Aste Santuan sartuta gaude, bete-betean. Ireki da mundu
katolikoaren egutegiko datarik adierazgarrienen atea eta askok tinko eutsiko
diote euren sinesmenaren aginduak ospatzeari. Beste hainbatek, ordea, egutegiak
aisiarako ahalbideratutako aukera soiltzat hartuko dituzte egun hauek.
Eliza eta gizarte
zibilaren arteko harremanak errealitate hertsiko erakusle indartsua ezagutu
genuenok bakarrik esan dezakegu nola aldatu den aste santuaren adierazpena.
Gainerako erakuspen erlijiosoen esanahia ezabatzear jartzeraino iritsi den
bezalaxe, aste santua, oro har, opor aldi hutsa izatera igaro da.
Ez da egia
sinesmenaren amaiera heltzear dagoenik gizartera. Baina
errealitatea dugu pentsamendu desakralizatuak toki zabala hartu duela gure
artean, inoizko indarrik nabarmenarekin. Katolizismoak ez ditu bere piezak
egoki mugitu eta partidak behin eta berriz galdu ditu azken mende erdian. Vaticano
II. Kontzilioa aurrera pausua zitekeela uste izan zena aurki lurperatu zuten geroagoko
Vaticanoko agintariek eta eliztarren etsipenak elizari bizkarra ematea ekarri
zuen.
Sinesmena
(izpiritualismoa) -edo dena delakoa- barrundik eta ezelako kanpo eraginik gabe
bizi behar da, egiazkoa izango bada. Erlijioak lanabes gisa erabil daitezke,
helbururako plataforma lagungarri bezala. Gertatzen dena da
izpiritualitateak ez duela erlijioen beharrik. Eta desakralizazioak eremu
zabalak irabazi baditu ere, horrek ez du esan nahi gizarteak introspekziorako
gaitasuna galdu duenik. Egia da, dena den, kanpo faktore desbideragarri gehiegi
ditugula inguruan, barne hausnarketa oztopatzen dutenak. Eta elementu
pizgarriren baten premia gero eta nabariagoa da, bide egokiaren bila lagun
diezagun.
Giza-norbanakoaren izpiritualitatea erlijio guztien gainetik egon daitekeen
arren, ez da egia txikiagoa erlijioaren egiturak mesedea ekar diezaiokeela
gogoarentzako elikadura aproposaren bila dabilenari. Egun, ordea, oso urruti
dago eliza katolikoa babes hori eskaini ahal izatetik. Lortuko al du etxe komuneko doktrina berri bat bilbatzea?